«Plateruena eta Gestamp», Gotzon Barandiaran
Kulturminez
Gotzon Barandiaran Arteaga
BINKE / 2020ko urria
Plateruena eta Gestamp
Berbaro euskara elkartekoek duela ia 20 urte aurkeztu zioten Durangoko Udalari Plateruenaren egitasmoa. Aurkezteagaz batera, udala herritarron zerbitzurako erakundea denez, babes publikoa ere eskatu zioten udal-gobernuaren ardura zuen alderdi politikoari. Ekimen pribatua zela eta egiteko baina udalarengandik laguntza askorik ez itxaroteko erantzun zieten. Ia 20 urtean errepikatu duten erantzuna.
Alderdi berekoek zortzi milioi euro eman zizkioten egoitza nagusia Madrilen duen Gestampi, lantegiak zarratu, langile guztiak kaleratu eta Euskal Herritik alde egingo duen multinazionalari, zeinak ziurrenik ez duen txakur txikirik itzuliko.
Hizkuntza, Kultura eta Herria ardatz, zutabe, iparrorratz eta helburu izan ditu Plateruenak. Lortutako etekina ez da nahikoa izan Gestampentzat eta etekin handiagoa erdietsiko duen beste lurralde bat uztiatzea erabaki du. Durango erdian sasitzak janda zegoen eraikina biziberritu eta Euskal Herri osoko kulturgintarentzako plaza garrantzitsuenetako bat bihurtuta laga diote Plateruena Durangoko Udalari. Gestampek alfonbra gorritik osteratxoa egin eta dena kakaztuta alde egingo du Euskal Herritik.
Durangoko udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Jaurlaritzak edota Nafarroako Gobernuak irabazi asmorik gabeko herritarrez osatutako euskara elkarte baten duintasun itzelezko ekimen, zabal, anitz, inklusibo bati nahikoa babes, bai ekonomiko bai politiko, adierazi ez diotelako zarratu beharko ditu ateak Plateruenak.
Jaurlaritzak irabaztea beste asmorik ez duen diruzale aseezinek osatutako multinazional turbokapitalista bati babes ekonomiko zein politiko lar eman diolako zarratuko ditu ateak Gestampek.