Roberto Izaga: «Ez dago hilketa perfekturik, guztiz osatu ez den ikerketa bat baizik»
Roberto Izaga, Ertzaintzaren Antropologia Forentseko Burua
BINKE / 2021eko apirila
«Hiltzaileak ia beti utziko du bere arrastoren bat, edo krimenaren lekura itzuliko da»
Roberto Izaga Azkueta
1967, Galdakao
Medikua ikasketaz EHUn eta Auzitegi Antropologia Madrilgo Complutense Unibertsitatean eta Granadako Unibertsitatean egindakoa, ertzain egin zen 1995ean, 2006an berak desio zuen horretan aritu ahal izateko: auzitegi antropologiako kide. Eta Ertzaintzaren sail horretako burua da gaur medikua, azken urteetako krimen eta desagertze kasurik sonatu zein ezezagunen ikerketan buru-belarri dabilen galdakoztarra.
ARGAZKIAK: Jabi Rojo
TESTUA: Jon Gomez Garai
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren egoitza nagusiena izan da Binkeren hilabeteko elkarrizketa nagusiaren lekuko. Ate nagusian hartu gaitu Ertzaintzako komunikazioko kide den galdakoztar batek, «hiri» erraldoi batean sartu eta azaleko protagonista den beste galdakoztar batengana eramateko. Polizia zientifikoak eraikin propioa du Segurtasun Sailean, eta bertan daude uniforme beltzarekin ikusten ez diren ertzainak. Bertan ere, Auzitegi Antropologiako Ataleko buru den Roberto Izaga galdakoztarra.
Zer zara lehenago, mediku ala ertzain? Lehenengo Medikuntza bukatu nuen eta gero ertzain bihurtu. Nire ikasketak zer ikusia izan dute gaur egun lanean jarduten dudanarekin, Auzitegi Antropologiako Atalaren burua, hain zuzen. Baina formazioa ez da gauza puntual bat. Beti dago zerbait ikasteko, eta horregatik Auzitegi Antropologian prestakuntza berezia izan dut, Madrilgo Complutense Unibertsitatean eta Granadako Unibertsitatean.
Zuen laborategian aritzeko ertzain izan beharra dago? Unibertsitatean hitzaldiak eskaintzen ditudanean gauza bera galdetzen didate. Erantzuna momentuz baiezkoa da, nahiz eta eskatutako ikasketak beteko ez balira edo dagoen modeloa aldatzen bada, ertzain izan barik sartzeko aukera ere egongo litzateke. Hala ere, mediku forenseek eta guk egiten dugun lanarekin bereizketa egin behar da. Eurek Justizia Sailean daude eta gu Segurtasun Sailean ari gara. Mediku forense izateko ez zara ertzain izan behar. Haiekin maiz lana egiten dugu, baina bakoitzak bere betebeharrak ditu.
Has gaitezen hasieratik: zein da zehazki zure lana? Gure lan printzipala identifikazio lana egitea da. Hildakoren bat agertzen denean, batzuetan erraza da izena jartzea; besteetan ez hain erraza. Horrelako gertakarietan, gorpua zelan dagoen ikusi eta gero, identifikatzeko dokumenturik daukan ala ez ikus dezakegu. Honek lagundu egiten dizkigu lehen datu interesgarriak izaten, eta ez ditugu bazterrean utzi behar, baina berez, hildako bat identifikatzeko lehen mailako hiru metodo daude: hatz markak, odontograma —haginak— eta profil genetikoa —DNA—. Honekin batera beste bigarren mailako identifikazio-metodoak daude —argazkiak, txartelak, testiguak…—, ikusi eta aztertu egin beharko direnak ere.
Horrela azalduta erraza ematen du ba! Ez da erraza, eta pertsona batekin zaila baldin bada, katastrofe bat edo biktima askoko gertakari bat badago zailtasunak areagotu egiten dira. Horretarako, honelako gertakariei aurre egiteko protokolo bat aurrera atera dugu, eta larrialdiari aurre egiteko kudeaketa horretan biktimen identifikaziorako prozesuen oinarriak jarri ditugu. Protokolo horretan, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuarekin lan estua egiten dugu.
Beti ari zara, beraz, hildakoen gorpuekin? Ez. Bestelako aztarnak ere tratatzen ditugu: ileak, adibidez. Honek banan-banan mikroskopiotik ikusi behar ditugu, animalienak edo gizakienak diren esateko, eta gizakienak badira profil genetikoa ateratzeko gai diren ala ez azaltzeko. Baina ez bakarrik hori, hildakoen lana desagertutakoekin lotuta dago, eta zentzu honetan «antemortem» datuak lortzea legoke, hau da, desagertu aurreko informazioa lortzean, gero «postmortem» datuekin konparatzeko. Orduan bai, hildakoarekin egiten dugu lan edo aurkitutako hezur horiekin.
Noiz erabaki zenuen antropologo forense izan behar zenuela? Medikuntzako azken kurtsoan nengoela, medikuntza legaleko irakaslea momia batekin azaldu zenean. Begiek txiribueltak egiten hasi zitzaizkidan! Ez dakit inflexio puntu bat izan bazen, baina ziur horrek garrantzia izan zuena!
CSI eta antzeko telesail asko ere ikusiko zenituen! Gure garaian ez zeuden gaur egun dauden beste telesail. Baina egia da telesail horiek zerikusia badutela jendearengan sortzen den interesarekin.
Hala ere, askok zure lanbidearekin izan dugun erreferentzia bakarra CSI izan da. Zenbat du egiatik programa horrek? Egia da telesail honek zerikusia duela egiten dugun lanarekin, noski. Baina telesaila erakargarria izan dadin, lan batzuk handitu egiten dira, bisualki erakargarriak bihurtuz. Horrela, batzuetan gauzak oso sinpleak direla eta esfortzu gutxirekin lortzen direla ematen du. Errealitatearen gainetik beti fikzioak irabazten du.
Errazegia ematen du zuen jardunak telesail horretan, baina orain duzuen teknika berri batekin errazagoa egin da zuen jarduna, ezta? Bai, hala da. Lehen azaldu dizkizudan lehen mailako identifikatzeko metodoen artean, profil genetikoa dago. Hildakoren bat agertzen denean, eta hilketatik ez bada denbora askorik igaro, profil genetikoa ateratzeko aukera gehiago dago, eta horretarako muskulu edo barneko odola erabili dezakegu. Ostera, hildakoa murrizketa eskeletikoaren fasean dagoenean —hau da, hezurrak bakarrik dauzkagunean— hortzak edo hezurrak erabiltzen ditugu, prozesu baten medioz, profil genetikoa ateratzeko. Prozesu horretan hezur zati bat edo hortz bat —batez ere molarrak—, trituratu edo birrindu egiten dugu hezur-hautsa bihurtu arte. Eta gero hezur-hauts hori analizatu egin behar dugu, profil genetikoa ateratzeko.
Eta orduan, lehen zelan aritzen zineten? Teknika hau Espainiako Toxikologiako Institutu Nazionalean egiten zen lehen. Berria da Euskal Herrian. Lehen Madrilera eramaten genituen honelako lanak egiteko.
Zelan desberdindu suizidio baten eta hilketa baten artean? Ikerketa sakon bat egin behar da, pertsona horren «kontestua» zelakoa den jakiteko. Arazo pertsonalak, arazo ekonomikoak edo bestelako arazoak dauzkan jakin behar da. Ostean begi ikuskapen zehatza egin behar da. Gorpua leku konkretu batean agertzen denean, leku hori ondo miatu behar da, eszenatokia zelan dagoen ikusi, agurtze eskutitzak agerian dauden… Eta azkenik, gorpuan agertzen diren datuak ere aztertu behar dira, lesioak zein lekutan agertzen diren ikusteko, adibidez. Kokapenaren arabera, lesio batzuk norberak egitea zaila izaten delako.
Metodologia desberdina da biolentzia zantzuak daudenean? Garrantzitsuena metodologia bat izatea eta jarraitzea da. Hau ez bada egiten, agian datu interesgarri bat galdu dezakezu, eta errekuperatu nahi duzunean ezinezkoa izatea berreskuratzea. Biolentzia dagoen gertakarietan ez dago arazorik, edota hilketa naturala izan bada. Kriminalitate zantzu susmagarriak daudenean baina hasieratik argi ez dagoenean, horretan bai, metodologia zehatza eramatea garrantzitsua da.
Hilketa, istripua, suizidioa… Zein da zuenean kasurik ohikoena? Auzitegiko Medikuntzako Euskal Institutuak egindako urteko memorian, istripuak alde batera utzita, gehien gertatu diren heriotzak suizidioak izan dira.
Azken hileotan aspaldi desagertutako gorpu asko agertu dira Bizkaian. Kasuak jarraitu dituzu? Hala da, bai. Urteko lehen hilabeteotan hedabideetan oihartzun handia izan duten kasuak izan ditugu Euskal Herrian. Izen bat jarri behar diegu orain hildakoei. Horregatik «antemortem» eta «postmortem» datu guztiak bildu eta aztertzen ari gara.
Desagertutakoak berbagai, ezin Hodei Egiluz aipatu gabe utzi. Gertatutakoa gertutik jarraitzeko aukerarik izan zenuen? Ez dago horren gainean egon ez zen galdakoztarrik. Herria markatu zuen gertakaria izan zen eta familiak jasan behar izan zuen mina denok gureganatu genuen. Zentzu gabekoa. Kasu honetan lan tekniko batzuk egin genituen eta desagertuekin lan egiten duen taldea familiarekin harremanetan izan zen.
Eta beste mota bateko desagertuak ere baditugu egun: Zaldibarko Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Albertoren gorpua baino ez da agertu oraingoz. Honetan ere, familiaren azalean jarriz gero, etsipena… Familiak maitatzen duen senidea bereganatu nahi du, denok nahiko genukeen bezala. Eta egia da Eusko Jaurlaritza lan handia egiten ari dela ingurua arakatzen. Lan horiek Albertoren gorpua aurkitzea lortu dute, eta lanak jarraitzen du Joaquin aurkitzeko ahaleginetan. Kasua judizializatua dago.
Kasu bat zabalik edo itxita egotea nori dagokio? Kasu guztietako azken arduraduna epailea da, beraz, datu guztiak aztertu ostean, berari dagokio ixtea.
Hilketa perfektua existitzen da? Ez dago hilketa perfekturik, guztiz osatu bako ikerketa sakona baizik. Egia da hilketa bikaina izan daitekeela guk ez badugu ezagutzen hilketa bat egon denik ere, baina hori ere bada gure lana: erlazio horiek bilatzea eta frogatzea hiltzailea identifikatu arte.
Hiltzailearen eta hildakoaren artean beti egongo da loturaren bat? Gehienetan bai. Hiltzailearen eta biktimaren artean askotan lotura sozial edo sentimental bat egoten da, baina ez badago ere —Virginia Acebesen kasua gogoan, hiltzaileak ausaz aukeratu zuela bere biktima— hiltzaileak ia guztietan utziko du bere arrastoren bat, edo krimenaren lekura itzuliko da.
Euskal Herriko klimak badu eraginik gorpuak desagerrarazteko orduan? Noski. Gorpu baten putrefakzioan zerikusi handia dute tenperaturek, haizeek, hezetasunak… Gorpu bera eta toki berean egonda, oso abiadura desberdinean desagertuko da inguratzen duen eguraldiaren arabera. Euskal Herriaren kasuan, hezetasunak beroarekin batera bizkortu egiten du ehunen desagertzea.
Urteak desagertuta egin duen eta animaliek janda dagoen gorpu baten aurrean, zer egin? Gertakari hauetan garrantzi handia du animalien atzapar eta hortz markak bereiztea, eta bestelako lesioekin ez nahastea.
Zein izan da, orain arte, aztertu behar izan duzun kasurik gogorrena?Desagertuen gertakariak, familiako kideek jasaten duten mina sentitzen duzunean… Horrelako gertakariek ukitu egiten zaituzte. •