Sandra Morente eta Yaiza Conca (Shalom): «Mozketa bakoitza bakarra da, eta merezi duen balioa eman behar zaio beti»
Sandra Morente eta Yaiza Conca, Shalom ile apaindegiaren jabeak
BINKE / 2024ko maiatza
Galdakaori urte asko lotuta daramatzate Sandra Morente (1982, Bilbo) eta Yaiza Conca (1989, Bilbo). Hamabost urte egon ziren beste negozio batean elkarrekin lanean eta iazko ekainean zabaldu zuten Bernat Etxepare kalean kokatuta dagoen Shalom ile apaindegi eta bizartegia. Euren negozioaren filosofia zein den argi dute: «Gure auzokideak zaintzea eta haien ongizatearen parte izatea da guretzat garrantzitsuena».
Zergatik erabaki zenuten Galdakaon denda bat irekitzea? Galdakaon hamabost urte daramatzagu lanean eta hemen bizi gara, beraz, jende askok ezagutzen zuen gure lan sistema eta horrela ez ginen zerotik hasi behar gure negozio berria zabaltzean. Horregatik hartu genuen
hemen, Galdakaon, gure negozio berria irekitzeko erabakia.
Nondik dator zuen arteko harremana? Aurretik beste negozio batean egiten genuen lan elkarrekin eta profesionalki elkarrekin hazi gara. Horri esker taldean ondo lan egiten dugu eta oso gustura gaude elkarrekin.
Nola ikusten duzue zuen negozioaren egoera gaur egun? Hazteko prozesuan gaude. Hasierako lan taldea handitu dugu langile gehiago kontratatuz, kalitate handiagoko zerbitzua eskaini ahal izateko eta ordu-tarte gehiago betetzeko.
Zein zerbitzu eskaintzen dituzue? Pelukeria zerbitzua eskaintzen dugu, honen baitan sartzen den guztiarekin, eta baita bizartegia gara ere. Guretzat oso garrantzitsua da bizargintzan lan egitea, artaziekin trebetasun handia izatea eta pertsona bakoitzaren garezurraren geometria aldez aurretik aztertzea eskatzen duelako. Mozketa bakoitza bakarra da, eta merezi duen balioa eman behar zaio beti.
Zerk bereizten du zuen ile-apaindegia besteengandik? Giro lasaia eskaintzen dugu, bisitatzen gaituzten pertsonek eguneroko presetatik eta estresetik deskonektatu ahal dezaten. Ile apaindegian hitzordua izatea baino gehiago, autozainketa- eta atseden-saiotzat har dezakegu gure lana. Gure auzokideak zaintzea eta haien ongizatearen parte izatea da guretzat garrantzitsuena.
Zuentzat, garrantzitsua da jendeak herrian kontsumitzea? Noski! Herrian zerbitzu pertsonalizatua eta saltoki handietan aurkitzen ez ditugun produktu esklusiboak lortzen ditugu. Dendetan ezagutzen gaituzte eta beste inon baino hobeto dakite aholkatzen. Herrian kontsumitzeari uzten badiogu, lokal asko hutsik amaituko dira, eta hauek herriak duen bizitzaren parte dira.
Galdakaoko auzokideen babesa sentitzen duzue? Harrera ona izan dugu herriko bizilagunengandik, eta izugarri eskertzen ditugu baldintzarik gabeko maitasuna eta babesa. Oso esperientzia ona izan da eta dena beraiei zor diegu.