«Sormena, zertarako?», Gotzon Barandiaran
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berrirako ituna irakurrita, euskarazko kulturgintzan aritzen garen Euskal Herri osoko hainbat eragilek gure kezka eta ardura erakutsi genituen ekainaren 16an Donostian egindako agerraldian, itun horren arabera, Hezkuntza Lege berri horrek ez baitu bermatuko euskarazko kulturgintzaren transmisioa. Eta hezkuntza arautuan euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzen ez badugu, euskararenak egin du. Hizkuntza bat eta bere kulturgintza bereiziezinak baitira. Euskarak ez baitu biziraungo kultur adierazpenik gabe eta euskarazko kulturgintzak ez baitu biziraungo euskararik gabe.
Guk honela ulertu eta lantzen dugu transmisioa: euskarazko kulturgintzaren historia eta oraina partekatzea eta euskaraz sortzeko grina sustatzea. Bi hauek ere, bereiziezintzat ditugu. Euskaraz sortzeko grina lehenik ereduak, adibideak, laginak edota erreferenteak eskainita hasten da, beste batek sortu duena jasota norberak beretik sortzeko gogoa piztuta. Ondoren, praktika eskaini behar da, esperimentazioa, jolasa.
Baina zertarako? galdetuko du batek baino gehiagok. Pertsona irudimentsu, kritiko, berdinzale, burujabe eta zoriontsuagoak izateko. Hizkuntza-gaitasuna indartuz, euskararen erabilera areagotzeko. Heziketa prozesu osoan ahozkotasuna erdigunera ekartzeko baliabideak eskaintzeko hitzarekin harreman zuzena duten kultur adierazpenen bitartez… Hiztun komunitatea trinkotzeko eta herri-ikuspegia gailentzeko. Utopiak elikatzeko. Bere buruaren jabe izango den Euskal Herria gauzatzeko. Bestelako mundu bat posible dela ohartzeko.