Torrezabal Kultur Etxeko prezioak igotzea adostu du Galdakaoko udalbatzak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Galdakaoko udalbatzak osoko bilkura egin zuen azaroaren 29an eta hainbat izan ziren eztabaidagaiak. Besteak beste, Torrezabal Kultur Etxeko prezio publikoak igotzea adostu zuen udalbatzak, Udal Gobernuko kideen aldeko botoekin, PSE-EEren abstentzioarekin eta EAJ-PNVren kontrako botoekin.
Azaroaren 30ean greba feminista orokorrarekin bat egin zutenez udal ordezkari gehienek, aurreko egunean egin zuen Galdakaoko udalbatzak osoko bilkura. Saioan hainbat gai aztertu zituzten eta hauetako bat izan zen Torrezabal Kultur Etxeko prezioen igoera.
Igoera onartu zuen udalbatzak, Udal Gobernuko kideen aldeko hamaika boto, PSE-EEko bi ordezkarien abstentzioarekin eta EAJko sei zinegotzien kontrako botoekin.
Areto nagusiko sarreren prezioa 2 eta 36 euro artean ezarrita dago eta aretoak hartzen duen ikuskizunaren arabera egokitzen da. Hau mantentzea erabaki du Udal Gobernuak eta bazkideek %25eko deskontua izaten jarraituko dute. Bazkide izateko prezioak, bi modalitateetan, mantenduko dira.
Zinema ikusteko sarrera batzuk aldiz igoko dituzte. Nagusiek 5 euro ordainduko dituzte (4,5 € orain arte), 14 urtera arte haurrentzako saioetako ikusleek 4 euro (3,5 € orain arte) eta ikuslearen eguneko sarrerak ere 3,5 eurotik 4ra igoko dira.
50 zentimoko igoera izango dute ere sarrerek operen emanaldi-saioetan eta musika ekitaldietan, grabatutakoak zein zuzenekoak.
Udalaren Kultur Etxeko Areto Nagusiaren erabilerari dagokionez, irabazi asmorik gabeko elkarteek,
gizarte, kultura, heziketa, kirola, gizatasuna, ingurumena edo antzeko zerbitzu orokorrak ematen dituztenak, eta Udal Erregistroetakoren baten inskribaturik daudenak, edo udalerriko ikastetxeek areto nagusia erabiltzeagatik ordainduko dutenaren prezioa igoko da ere.
Lehen, orduko eta ordu frakzioko 87 euro ordaintzen zituzten eta aurrerantzean 90 euro izango dira.
Zortzi ordutik aurrera eta egun oso batera arte ordea, 704 euro izan dira orain arte eta 732 eurora aldatuko da.
Ordea, Udalaren Kultur Etxeko erabilera bestelako pertsona naturalek edo juridikoek egiten badute, 226 euro ordainduko dituzte orduko (218 euro lehen) eta 1.830 euro zortzi ordutik aurreta eta egun oso batera arte (1.760 euro lehen).
Hileta zibilen kasuan, 90 euro izango dira orduko eta ordu frakzioko. Lehen 226 euro ordaintzen ziren beraz, hileta zibilen kasuan prezio jaitsiera egitea erabaki du Udal Gobernuak.
Gainontzeko kultur gelak erabiltzea aldiz, erregistratuta daudenentzat doakoa da baina gainontzekoentzat prezioa 4 eurotik 5 eurora igotzea adostu dute.
Bestalde, antzerkiaren, artearen edo antzeko muntaketak egiten dituzten erakundeek areto nagusia
erabiltzeagatik, hau da, entseguak egiteko 12 ordutik gorako iraupenaz erabiltzen badute, 30 euro ordainduko dituzte orduko (29 euro orain arte).
Prezio aldaketa guzti hauek urtarrilaren erdialdera egitea aurreikusi du Udal Gobernuak.
Beste neurri batzuk
Beste hainbat neurri adostu ziren osoko bilkuran, besteak beste, euskararen erabilera normalizatzeko bidean aurrerapauso berri batekin egin zen azaroko osoko bilkura: euskara interpretearen laguntzarekin. Hemendik aurrera, euskara hutsez zein gaztelaniaz egin ahalko dituzte hitzartzeak zinegotziek, eta, euskara ulertzen ez dutenek interpretearen itzulpena entzun ahalko dute zuzenean.
Bestalde, udal langileen soldata %0,5 igotzea, Eudelen gomendioa bete eta urte hasieran egin zen %2,5eko igoera osatzeko.
Halaber, hiru proiekturi dagozkion konpromiso kredituak aldatzea onartu zituzten: Gorosibain eguzki ortua egingo den lurren ordainketa amaitzea, Urretako kiroldegia eraberritu eta handitzeko lanen lehen zatirako 589.524,48 euro bideratzea eta Zuhatzuko adinekoen erresidentzia egokitu eta handitzeko lanketa has dadin, 350.000 euro jartzea.
Txomin Egileor kalea berritzeko eta bidegorria eraikitzeko egingo diren lanak amaitzeko epea 2024ko abenduaren 31ra atzeratzea onartu zen ere, eta baita zenbait gunetan bigarren mailako ur hoditeria aldatzeko beharra dagoela eta, hala nola, Ur Partzuergoarekin adostutako plana ere. Oletxeko eraikina berritu ahal izateko xehetasun azterketa behin betiko adostu zuten ere alderdiek, aho batez.
Osoko bilkurako gai nagusia ordea Usansoloko segregazioa izan zen, BINKEk jaso zuen moduan.