Txandakako aparkalekuak ordainpekoak izango dira 2024tik aurrera Galdakaon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Google Maps Galdakao
«Aparkaleku rotatorio» bezala ezagunez diren ibilgailuentzako hiru guneek doakoak izateari utziko diote urtarrilaren 1etik aurrera, Galdakaoko Udalak ohar bidez eman dituen hiru arrazoietan oinarrituta. Ibilgailu elektrikoentzako izango da salbuespena, baina gainontzekoentzako prezioak ere ezarri ditu dagoeneko ez-ohiko bilkuran.
Galdakaoko txandakako aparkalekuak —gaztelaniaren ondorio aparkaleku «rotatorio» izenez ere ezagunak— doakoak izan dira 2003an Udalak eraiki zituenetik. Bi orduko tartean doakoak dira bertan egindako aparkaldiak, herri askotan ohikoak diren TAO sistemako makinetan aurretik matrikula sartu eta ibilgailuaren aurrekaldean tiketa jarrita.
Zerbitzu honetako hiru aparkaleku ditu Galdakaok —bat bera ere ez Usansolok—: Lapurdikoa, anbulatoriokoa eta udaletxe albokoa. Hirurak, doakoak. Aldiz, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera doakoak izateari utziko diote aparkalekuek, Udalaren arabera. Salbuespen bat izango da: %100ean elektrikoak diren ibilgailuek doan aparkatzen jarraitu ahal izango dute. Kontrara, konbustio bidezko ibilgailuek 0,10€ ordaindu beharko dute minutuko. Baina baimendutako bi orduak aparkatzeagatik beherapena izango dute erabiltzaileek, 12€ beharrean 10€ ordaindu beharko baitu gehienezko denbora-tartea bete gura duenak.
Galdakaoko Udalak zenbait arrazoi eman ditu neurri hau hartzera behartu dutenak, ohar bidez erakundeak berak prentsari azaldu dion moduan: «Jendeak ez dau bi orduko doako zerbitzua errespetatzen, eta herritarren ‘pasotismo’ hau ikusita, neurri zorrotzak hartzea erabaki dogu». Gainera, ohar berean zehaztu dutenez eta «Bilboko TAOak eguerdietan ere kobratzeko hartutako erabakiari jarraituz», Galdakaok Bilboko pausoak jarraitzen segitzeko asmoa erakutsi du. Modu honetan, gaineratu du Udalak, «kanpotik gure herrira datozanek be udalerriko zergei ekarpena egingo deutsie, eta Galdabusak sortzen dituan konponketen gastuak arindu egingo ditu zergen bilketa honek».
Oposizioan dauden alderdiek gogor kritikatu dute Galdakaoko Udal Gobernuak hartutako erabakia, eta hala kritikatu diote BINKEri egindako adierazpenetan: «Gugaz kontatu barik hartu dabe erabaki hori, modu arinean eta patxadaz hausnartu gabe». Are gehiago, oposizioak uste du «Usansoloren segregazioak galdakoztarrei ekarriko deutsien galera ekonomikoari aurre egiteko baliatu gura dala hartutako neurri hau».