«Txokolategia» liburu berria aurkeztu du Yolanda Arrietak gaur Sormenen, Nora ikaslearekin batera
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
«Txokolategia» liburu berria aurkeztu du Yolanda Arrietak gaur Sormenen, Nora ikaslearekin batera
TESTUA: Iñigo Larrrea Labarrieta
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Sormeneko saioek hasiera eman diote arratsaldeari Yolanda Arrieta eta Nora Janbrinaren solasaldiaren eskutik. Arrietak hainbat obra idatzi ditu bere ibilbidean zehar, baina gaurkoan bere azken eleberria aurkeztera etorri da Torrezabalera: «Txokolategia».
Torrezabalen Yolanda Arrieta idazlea eta Nora Janbrina ikaslea ibili dira solasean. Arrietak ibilbide oparoa izan du euskal literaturan, bere ibilbidean zehar helduen literaturan hamabost eleberri, haur literaturan hogeita bost liburu eta bi saiakera idatzi dituelako. Janbrina liburua irakurri duen nerabea da, eta oholtzan izan duen betebeharra nerabe baten ikuspuntutik «Txokolategia» obraren inguruko zalantza edo iruzkinak eskaintzea izan da. Haur literaturaren apaletan kokatutako liburua da esku artean izan dutena; izenburuarekin igarri daitekeen moduan, liburuaren gai nagusia txokolatea izanik.
Liburuaren argumentuari dagokionez, protagonistak 90eko hamarkadan bizi diren bi nerabe dira, Dona eta Lili. Gazteak Euskal Herriko alegiazko hiri batean bizi dira eta haien gurasoak txokolategi baten jabeak izanik, erretiratzeko ordua iristen zaie. Nerabeek ugazabandre postua hartzen dute, bere garaian amonak jasotako postu berbera eta konturatzen dira haien egoera berean aitonak txokolate-maisu postua berenganatu zuela. Arrietak ondo azaltzen duenez, kontuan hartu beharrekoa da eleberrian girotu duen testuingurua.
Sormenen Arrietak Nora Janbrinaren laguntza izan du aurkezpena aurrera eraman ahal izateko. Janbrinak txundituta utzi ditu ikusleak, gazteak erabili duen diskurtsoa irakurle heldu askorena baino hobeagoa izan baita. Bikotea solasean ibili da oholtza gainean eta egindako aurkezpenari esker argi utzi dute askotarikoak direla eleberrian jorratzen diren gaiak: ikuspegi historikoa, kakaoaren bidea Euskal Herrian, ekonomia, mitologia, emakumeen egoera…
Literaturarekin jarraitzeko, Mikel Begoña idazlea egongo da Sormenen gaur eta streaming bidez ikusi ahal izango da «Helize» lanaren aurkezpena. Binkeren webgunearen hasiera-orritik jarraitu ahal izango da zuzenekoa.