Udal Artxiboa herritarren esku jartzen duen sistema berria ezarri du Galdakaok
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Galdakaoko Udalak herritarren esku jarri du Udal Artxiboa, bere webgunean kontsultatu daitekeen sistema berri baten bitartez. Gaur goizean aurkeztu dute Esan bulegoan Iñigo Hernando alkateak eta Ana Martínez Udaleko artxiboaren arduradunak. Albiste honetan batu ditugu sistemaren xehetasunak.
Bizkaia mailan aitzindaria den proiektua jarri du martxan Galdakaoko Udalak. Herritarren esku jarri du Udal Artxiboa, bere webgunearen barnean jarri duen sistema berri baten bitartez. Honi esker edozeinek deskargatu ditzake «modu errez eta sinplean» Galdakaori buruzko dokumentuak edo argazkiak.
Gaur, martxoak 27, eman dute ezagutzera sistema berria Iñigo Hernando alkateak eta Ana Martínez Udal Artxiboaren arduradunak, Esan bulegoan egindako aurkezpenean. Honetan, alkateak pauso «oso garrantzitsua» dela azpimarratu du: «Dokumentazio hau herriarena da eta horregatik beharrezkoa ikusi dugu herriaren esku jartzea».
Gaur egun Udal Artxiboak Udalak berak duen dokumentazioa eta donazioak biltzen ditu eta gehiago batzea aurreikusten dute. «Elkarteekin hitz egin dugu, haiek dituzten dokumentuak interesgarriak izan daitezkeelako ere», adierazi du Martínezek. Momentuz, Udal Artxiboak 738 dokumentu batzen ditu Udal Artxiboak eta zaharrena 1770 urtekoa da, errege zedula bat.
Sistema berri honen bitartez publikoak diren dokumentuak zuzenean deskargatu ahal izango dituzte herritarrek. Ikusgai jarri ezin direnean ordea, bi modutara kontsultatu ahal izango dituzte. Batetik, instantzia orokor bat betez egin daiteke, Esan bulegoaren bitartez edo webgunearen bidez. Bestetik, konsulta egoitza elektronikoaren bidez egin daiteke. Eskaera jaso ondoren, aldez aurreko hitzordua ezarriko da.
Hainbat hilabetetako lana du atzean ekimenak. «Denbora luzean zehar egon gara pentsatzen nola egin ahal genuen. Bilaketak errezteko oso argi izan behar genuen zein izango zen sistemaren bizkarrezurra», nabarmendu du Martínez arduradunak.
Lau atal
Udal Artxiboa lau ataletan banatuta dago, baina hiru bakarrik daude ikusgai: udal gobernatzea, udal-kudeaketa antolatzea eta administratzea, eta lurralde kudeatzea.
Bestalde, bilaketak hiru alorren arabera egin ahal dira: izen propioak, gaiak eta lekuak. Halaber, bilatzaile orokor bat erabiltzeko aukera ematen du sistemak. «Dokumentua eskuratzeaz gain, funtsen eta haien dokumentuen deskribapen artxibistikoak kontsultatu daiteke», adierazi dute, deskribapenak euskaraz ere eginda daudela azpimarratuz. «Deskribapenak euskaraz ere dituzten oso artxibo gutxi daude», nabarmendu du Martínezek.
Ekimen honetan herritarrek ere duten garrantzia azpimarratu dute Hernandok eta Martínezek: «Informazio-osorik gabeko argazkiak iristen zaizkigu. Artxiborako zaila da pertsonak ezagutzea eta baita lekuak identifikatzea ere. Argazkiei buruzko informazioa emanez laguntzeko, gurekin harremanetan jartzeko eskatzen dizuegu. Era berean Galdakaori buruzko argazki edo dokumentu-bilduma bat badaukazue, zabaltzeko eta kontserbartzeko interesgarriak izan daitzekeenak, jar zaitezkete gurekin harremanetan, bilduma hori balora dezagun», azaldu dute.
Jakinarazi dutenez, Martínezekin batera beste hiru pertsonek lan egin dute proiektu hau aurrera eramateko: Amaia Gutierrez, Arrate Vivar eta Ivan Gonzalez.