Udal Gobernuak 13 proiektu eginda eta 72 amaitzeko bidean ditu
Politika
BINKE / 2021eko ekaina
Udal Gobernuak 13 proiektu eginda eta 72 amaitzeko bidean ditu
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Gotzon Almaraz
Egungo Udal Gobernua osatu zenetik bi urte bete dira gaur, eta horren harira balorazioa egin dute lan-taldea osatzen duten zinegotzi eta alderdi guztiek: 13 proiektu osatu dira, 72 prozesuan daude eta 15 hasi barik. Hiru zerrendatan batu ditu lan guztiak Binkek.
Bi urte bete dira, gaur bertan, Iñigo Hernando Arriandiaga Galdakaoko alkate izendatu zutenetik. Izendapen berezia izan zen, zentzu politikotik hartuta, Galdakaoren historian lehenbiziko aldia zelako EAJkoa ez zen Udal Gobernu bat osatzen zena herrian.
Euzko Alderdi Jeltzaleak irabazi zituen 2019ko udal-hauteskundeak, baina EH Bilduren gorakadak eta Auzoak plataformaren bat-bateko sartzeak ahalbidetu egin zuen —Podemos eta Usansolo Herriaren babesarekin— Udal Gobernu berria osatu ahal izatea Galdakaon.
Urteurren horretan, eta legegintzaldiaren erdian, balorazioa egin dute gaur alkateak berak eta Maripaz Losada alkateordeak. Udal Gobernua osatzen duten alderdietako zinegotzi guztien babesa izan dute horretarako —gazteria eta jaien zinegotziak izan ezik, oraindik ofizialki izendatu barik dagoena—, Ardanza parkean eskaini duten agerraldian.
Agerraldi hori Arriandiagak hasi du, «aldaketaren gobernua ez da bakarrik kolore aldaketa izan, formaren eta kudeaketaren aldaketa bat» izan dela adieraziz. Gainera, gaineratu du, «pandemia bati aurre egin behar izan badeutsagu be, proiektuak be egiten gabilz». Eta emaitza batzuk dagoeneko «herritarrak ikusten ari dirala» azpimarratu du Udalaren arduradun nagusiak: «Herri atseginago bat sortzen ari gara, bere memoria oinarri daukana eta kulturalki erreferente dan herri bizia sortzen ari gara».
Udal Gobernuaren aniztasunean indar egin gura izan du, ordea, Losada alkateordeak: «Lau alderdik osatzen dogu gobernu hau eta horrek aniztasuna emoten deutsa lan-taldeari, baina helburu berak daukaguz danok, herri hobe bat eraikitzea».
Horretarako, orain urte eta erdi aurkeztu zuten 100 konpromiso zehatzei egin diete erreferentzia gaur politikariek: «Horietako 13 proiektu amaitu egin doguz eta 72 prozesuan dagoz, euretariko batzuk amaitzeko dagozala». Ehun proiektu horiek zeintzuk diren ezagutu eta bakoitzaren jarraipena egin ahal izateko galdakaodenontzat.eus webgunea martxan jarri zuen Udalak.
Beraz, webgune horri eta 2020ko urtarrilaren 23an hitzemandako 100 konpromisoen eskuorriari erreparatu egin die Binkek, eta zerrendetan banatu egindako lanak, egin gabe daudenak eta egiten ari direnak:
Egindako 13 proiektuak
- Mendi ibilbideak seinalizatu.
- Udal basoen egoerari buruzko diagnosia.
- Urretako gaineko pasabidea eraitsi.
- Urreta eskolako aldageletan beroketa sistema eta zutabeen babesa.
- Familien oinarrizko elikadura premiei buruzko azterketa.
- Ekitaldi instituzionalak eta kultur ikuskizunak gorrentzat egokitzea.
- Adinekoen bakardade egoerari buruzko azterketa.
- Zinegotzien arreta zerbitzua.
- Gehiegikeriarik gabeko soldatak.
- Euskal sortzaileen azoka.
- Herriko artisten katalogoa.
- Torrezabaleko ikasketa gela jaiegunetan zabalik mantendu.
- Euskal udalekuen ordutegia zabaldu.
Hasi gabeko 15 proiektuak
- Urtegiak berreskuratzea.
- Lotura Bengoetxen.
- Bizikleten aparkalekuak.
- Eskoletan, bertoko produktuak oinarri dituzten jantokiak.
- Igerilekuetatik hustutako urak kale garbiketarako baliatu.
- Unkinako kiroldegira sartzeko errepidea hobetu.
- Nagusien informazio-bulegoa.
- Pertsona nagusientzako etxez etxeko laguntza zerbitzua hobetu.
- Zinema eskaintza zabaldu.
- Antzerkiaren barrunbeak.
- Entseguetarako lokalak prestatu musikarientzat.
- Kale animazioak eta ostalaritza.
- Eskola-kirolean euskara sustatzeko programa abiatu.
- Plazakoetxeko lurpeko pasabidea itxi.
- Hezkidetzan oinarritutako jolastokiak eskoletan.
Prozesuan dauden 72 proiektuak
- Mugikortasun plan berritzailea diseinatu eta gauzatzea.
- Eskolara, oinez zein bizikletaz.
- Auzoak lotuko dituen autobusa.
- Markesinak geltoki guztietan.
- Aparkaleku publikoak.
- Elexalderako igoera oinezkoentzako egokitu.
- Estalkiak haurren parkeetan.
- Haurrentzako parke egokituak.
- Kale irisgarriak.
- Olabarrirako, Askarrirako eta Bekearako sarbideak egokitu.
- Bilbora doan zuzeneko autobus zerbitzua handitzeko tramiteak egitea.
- Lanzadera Etxebarrira heltzea ahalbidetu.
- Berritze proiektua Arkotxan.
- Igogailuak: Urretako eskolatik Tximiolarrera, Zabalganen, Zubiaurretarren kalean eta Aperribain, eta aldapa mekanikoak Zabaleara.
- Arnasgune berdea erdigunean.
- Argiteria hobetu.
- Hiri-altzariak, iturriak eta komunak.
- Elexaldeko igerilekuetako taberna zabaldu.
- Aparkalekuen urteko alokairua.
- Oletxeko barandak eta argiteria.
- Segurtasun Plan Integrala.
- Udal lokalen inbentarioa.
- Ibaizabalen erribera berreskuratu.
- Oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea Basauri eta Usansolo artean.
- Kirolguneak aire librean.
- Energia Iraunkorraren eta Klimaren aldeko Ekintza Plana (EIKEP).
- Auto elektrikoak kargatzeko gunea.
- Haurreskola plazak handitu.
- Olabarrietako landa egokitu.
- Lekubasorako bidea konpondu.
- Trokako errepidean ubideak.
- Obaba haurreskolako eta Unkina eskolako jolastokiak estali.
- Usansolo eta Gorozibai arteko pasabidea konpondu.
- Elexaldeko igerilekuak estali.
- Kirol-instalazioak Bengoetxen.
- Urretako kiroldegia handitu.
- Aperribai eta Basauri lotzen dituen zubia konpondu.
- Izarra adinekoen zentrora igogailua.
- Usansoloko liburutegiko leihoak berritu.
- Etxebizitza sozialen plana sortu.
- Etxebizitza hutsak alokairura bideratzeko programa.
- Aperribaiko anbulatorioko eraikinerako irisgarritasuna ibilgailuentzat egokitu.
- Herriko migratzaileei buruzko azterketa eta diagnosia eta arreta zerbitzua.
- Enpresa haztegia.
- Udal langileen egonkortasuna eta lan poltsak.
- Turismo lehiatila.
- Tokiko merkataritzaren irudia.
- Enpresa txiki eta ertainen sustapena.
- Herriko merkataritzaren online erosketa sarea.
- Barne antolaketarako plan estrategikoa.
- Auzo bakoitzerako ekintza planak.
- Herritarron parte hartzea udal politikaren ardatz.
- Webgunea eta gardentasuna.
- Hurbileko komunikazioa eta gardena.
- Panel elektronikoak.
- Usansolo erabakigune.
- Metroari buruzko foroak eta bultzada instituzionala.
- Torrezabal, artisten lantoki.
- Suhiltzaileen egoitza zaharra egokitu.
- Burdin Hesiaren ibilbideari balioa eman.
- Galdakaoko kultur gida sortu.
- Musika klasikoa Elexalden.
- Ondare historikoa babesteko plangintza.
- Memoria historikoaren berreskuratzea.
- Sukaldaritza tailerra eta elikadura heziketa.
- Emakumeen Etxea.
- Hiri paisaia euskaraz.
- Merkataritza euskalduntzeko plana.
- Udaletxeko Euskara Plana gauzatzeko neurriak.
- Emakumeen kirolari lagundu eta ikusgarri jarri.
- Gune arriskutsuen mapa egin, genero ikuspegiarekin.
- Feminismoa eta aniztasuna.