Udalerri berrien sorreran foru araua lehenestea eskatu dute gaur Espainiako Kongresuan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Alderdien sareetatik
Bost mila biztanleak izatera iritsi gabe ere, eta Bizkaiak lurraldekotasuna arautzen duen foru araua baduenez, Usansolo Espainiako udalerrien erregistroan udalerri bezala ahalik eta arinen erregistratzeko eskaria egin dute gaur Espainiako Kongresuan EAJk, EH Bilduk eta Unidas Podemosek.
EAJk, EH Bilduk eta Unidas Podemosek zuzenketa bateratua aurkeztu diote gaur Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Espainiako Legeari, foru araudiak, egotekotan, haren gainetik jartzeko. Eta Bizkaian, lurraldekotasuna arautzen duen foru araua egon badago. Praktikan, aldaketa horrek aukera emango lioke Usansolori udalerri berri gisa onartua izateko.
Hiru alderdiek zuzenketa bat erregistratu dute eguazten honetan Espainiako Kongresuan, Binkek horren berri aurretik iragarri zuen bezala, espainiar estatuan toki-erakunde berriak sortzea arautzen duen Estatuko araudiari Bigarren Xedapen Gehigarriari beste atal bat gehitzen diona. Bertan, hirigune bat desanexionatu eta udalerri berri batean eratu ahal izateko gutxienez 5.000 biztanleko muga —Usansoloko bereizketa-prozesua errekurritzeko Estatuko Abokatutzak alegatutako arrazoi nagusia, zifra horretara iristen ez delako— «ordezko» izaera izatea eskatzen dute, lurralde historikoetan beste muga bat ezartzen duen araudi propiorik ez dagoenean.
Hau da, foru-erregulaziorik ez dagoenean bakarrik aplikatu behar da, baldin eta «sortzen diren udalerriak finantzarioki iraunkorrak badira, eskumenak betetzeko baliabide nahikoak badituzte eta ematen ziren zerbitzuen kalitatea murrizten ez badute».
Usansolori udalerri independente izateko aukera ematen zion lege-aldaketa. Lehenik eta behin, Bizkaiko foru-araudiak, Lurralde Mugapeei buruzko foru-arauak, gutxienez 2.500 biztanle ezartzen dituelako, eta Usansolok betetzen dituelako. Eta, bigarrenik, Usansoloren finantza-bideragarritasuna egiaztatu delako eta prozedurak lege-esparrua bete duelako.
Bere justifikazioan, EAJko Aitor Estebanek, EH Bilduko Mertxe Aizpuruak eta Unidas Podemoseko Roberto Uriartek argudiatu dute «toki-finantzaketa, beren eskumenak gauzatzeko eta finantza-babesa emateko, lurralde historikoetako foru-organoei dagokiela, Ekonomia Itunaren arabera».