Unai Etxezarraga usansolotarra Island Peak mendiaren tontorrera iritsi da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Lur Uribarren
Unai Etxezarraga usansolotarrak Nepalera bidaiatu du beste hamaika euskaldunekin batera Island Peak eskalatzeko helburuz. Mendiaren tontorrera iritsi ziren pasa den asteburuan eta esperientziaren inguruan hitz egin du BINKEk Etxezarragarekin.
Irailaren 29an abiatu zen Unai Etxezarraga usansolotarra Nepalera beste hamaika euskaldunekin batera Island Peak mendia eskalatzeko helburuz. Binkek jaso zuen moduan, hainbat eguneko ibilbidea antolatu zuten eta honetan zehar kulturen arteko hartu-emana sustatzen duen liburua zabaltzeko asmoa zuten.
Aurretik antolatutako ibilbidea bete du taldeak eta asteburuan heldu ziren Island Peak mendiko tontorrera. «Guztira hamabost egun behar izan ditugu, eguraldi txarraren ondorioz beste egun bat eman genuelako Luklan. Gure egutegia guztiz bete dugu, aklimataziorako pentsatutako egunetan ere zorrotz ibili gara tontorrera egoera fisiko egokienean heltzeko. Hau lortu ahal izan dugu tontorrera joateko egunean kristolako eguraldia izan genuelako», azaldu dio Etxezarragak BINKEri.
«Egia esan uste baino gogorragoa izan zen baina pena merezi izan du, oso ondo aklimatauta heldu ginen eta horrek bideaz askoz be gehiago gozatzeko aukera eman zigun», nabarmendu du usansolotarrak.
Onena esperientzia honen gora beherak taldearekin elkarbanatzea izan dela aitortu du: «Tontorrera heltzea helburua zen, baina ondorengo elkarrizketak bakoitzaren kontakizunekin helburu hori betetzearen ondorioa da eta benetan diot niretzako hori izan dela onena».
Txarrena ordea, gogortasuna izan da, «bai altueragaitik eta bai ibilbideagaitik». «Trekinean zehar gora behera asko izan ditugu. Gokyora heltzeko adibidez, 4.300 metrotatik 5.360 metrotara igo behar izan genuen gero berriro ere 4.800 metrotara bajatzeko, 1.000 metro baino gehiagoko desnibelan eta altuera horretan, imaginau! Uste dot norberaren gorputza ondo ezagutzea klabea dela mendian altueran ibiltzeko, lasaitasuna mantentzea eta sentsazio txarrekin bizitzera egokitzea», azaldu du Etxezarragak.
Ibilbidean zehar kulturen arteko hartu-emana sustatzeko helburua zuen liburua banatzeko aukera izan zuen taldeak eta baita umeekin jolasean ibiltzeko eta haien kultura gehiago ezagutzeko ere. «Niretzako ikaragarria izan da hain gertutik euren bizitzak ikustea, sentitzea. Aurreko urteko ume bat topatu genuen ere, a ze nolako poza bera ikustea eta bere benetazko besarkada jasotzea», aitortu du usansolotarrak.