Usansoloko hainbat negozioren jabea atxilotu dute, «egitura kriminal» bateko kide izateagatik
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Ertzaintza
Urteko azken asteburuan usansolotar askoren ahotan egon da: azken urteetan udalerriko negozio gehienak erosi dituen gizona drogaren aurkako operazio batean atxilotu dute. Hala da, eta «egitura kriminal» bateko kide izatea leporatu diote, autokarabana batean 600 kilo kokainarekin atxilotu zutenean. Guardia Zibilak eta Ertzaintzak atzemandako materiala eta autokarabana bera, ondoko albistean ikus ditzakezu.
Abenduaren 20an, hiru euskal herritar atxilotu zituzten Salamancan, drogaren aurkako operazio batean. Guztira, 600 kilo kokaina atzeman zizkieten atxilotutakoei Ertzaintzak eta Guardia Zibilak, Ergu izenez bataiatutako operazioan. Eta DEIA egunkariak jakitera eman zuenez, atxilotuetako bat Usansoloko enpresari ezagun bat da. Albistea abenduaren 28an argitaratu bazen ere, BINKEk informazioa egiaztatu du eta emandako datuak egiazkoak direla ziurtatu.
Ezagutzen dutenek diotenez, «bost urtean Usansolo erdia erosi du». Antza denez, gutxienez oilasko denda baten, herriko lau taberna ezagunen, gozoki dendan baten, txalet baten eta pabiloi handi baten jabea da. Ikerketaren arabera, atxilotuak Latinoamerikatik droga sartu eta Europako hainbat herrialdetan banatzen zuen «egitura kriminal bateko kideak dira», Ertzaintzak ohar bidez zehaztu duenari kasu eginez gero.
Ertzaintzak eta Guardia Zibilak Robliza de Cojo herrian autokarabana ibilgailu bat atzeman zutenean eman zituen lehen fruituak. Ibilgailu horren barruan 600 kilo kokaina aurkitu eta aurkitu zituzten. Testuinguru berean, autokarabanako gidaria atxilotu zuten, bai eta zilindrada handiko auto bateko bi bidaiariak ere. Frantziako matrikula zuen azken ibilgailu honek, eta «lanzadera» ibilgailu gisa aritzen zen, polizia-dispositiboen presentziaz ohartarazteko eta, aldi berean, garraiatzen zen genero debekatuaren zaintza eta segurtasuna bermatzeko.
Ikerketek nabarmentzen dutenez, usansolotarraren «egitura kriminalak» tresna logistiko bat zuen aktibo, droga hainbat garraiobidetan mugiarazteko. Gainera, Ertzaintza eta Guardia Zibila aztertzen ari den hipotesiaren arabera, «ikertutako erakunde kriminalak Gabonak baliatzen ditu joan-etorriak egiteko garairik egoki bezala, errepideetan mugimendu gehiago egiten direlako».
Operazio berean, agenteek hiru miaketa egin zituzten Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat higiezinetan, eta gama altuko hainbat ibilgailu atzeman zituzten, milioi erdi eurotik gorako balorazioarekin. Dirua ere bazegoen, baita kontatzeko makinak ere, pisatzeko eta ontziratzeko elementuak, hori guztia substantzien eta diruaren banaketa-rolaren lekuko.