Xabier Capetillo: «Gure zaldiak munduan izan dira txapeldun»
Xabier Capetillo, zaldi hezitzailea
BINKE / 2021eko maiatza
«Gure zaldiak munduan izan dira txapeldun»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIAK: Mirene González Uriarte
Askarrin bertan, Erletxe gaineko landa batean ditu Xabier Capetillo usansolotarrak dozenaka zaldi. Edertasuneko txapelketetan aurkezten ditu zaldiak, eta azken aldian baita txapelketetan ere. Berarekin izan gara.
Zaldien artean bizi da Xabier Capetillo (Usansolo, 1996). Aspalditik dator animalien inguruko interesa bere familian. Askarriko auzoan baserria eraiki aurretik osaba dagoeneko aritua zen landa giroan. Balmaseda ondoan zuten etxea familiakoek, eta hamaika animalia zituzten bertan, tartean, zaldiak. Usansolora bizitzera etorri zirenean ordea osabak argi zuen animalia gehienak baztertu eta zaldiak izan nahi zituela bereziki. Eta ondo izan ere: gaur 70 zaldi baino gehiago dituzte!
Askarriko lursail honetan zaintzen dituzue beraz zuen zaldiak. Zaldien gehiengoa bai, baina ez denak. Baditugu bi etxalde, bat hemen eta beste bat Balmasedatik gertu. Lursail handia bada ere, lan nekeza da zaldiena: egunean birritan ematen diegu jaten, esaterako. Albaitariaren laguntza ere ezinbestekoa dugu haien zainketarako, denetariko gaixotasun zein arazoak izaten baitituzte. Eta beharrezkoa dute era berean haien zainketarako bestelako kontu batzuk: buztaneko eta buru gaineko ilea orraztea, bainuren bat edo beste noizean behin, edota apatxak zaintzea, esaterako.
Ez da gutxi, gero. Gehitu horri gainera zertan aritzen garen gu. Arabiar arrazako zaldiak dira guk ditugunak, txapelketa morfologikoetan lehiatzeko eginak batez ere, eta bestelako zainketa bat behar dute ezinbestean. Lehiaketetan kontuan hartzen diren hainbat punturi ematen diegu garrantzia batik bat haiek zaindu orduan.
Hau dena zuen kabuz ikasita? Aurretik nabarmendu bezala ez da gauza berria gurean, beti izan baititugu zaldiak. Bai ordea, lehiaketena. Finean, txapelketetan parte hartzen hasi eta bertan ezagututako lehiakideak izan ditugu irakasle nagusi urte hauetan zehar. Nabarmentzekoa da, hala ere, hiru urtez aritu nintzela Mallorcan udan zehar zaldiekin lanean, eta lagungarri handia izan zen hura guretzat.
Noiz erabaki zenuten lehiaketetan parte hartzea? Bigarren moxala erosi genuenean. Urte bat bete zuenean aurkeztu ginen lehen aldiz txapelketa batera, Santanderren. Nabarmentzekoa da, hala ere, gure zaldia izan arren ez genuela guk aurkeztu, entrenatzaile batzuek baizik, oso ohikoa da hau. Estatuko bigarrenak izan ginen, eta garaipen horrek ate andana ireki zizkigun, hainbaten interesa piztu baitzuten gure zaldiek.
Nola azalduko zenuke beraz zertan datzan lehiaketa morfologiko batek? Demagun izaki perfektua existitzen dela. Bada, izaki perfektu horren ezaugarri fisiko gehienak betetzen dituenak irabaziko luke lehiaketa. Antzerako zerbait baina zaldiekin. Haiekin aritu ezean zaila da ulertzea zertan datzan lehiaketa honek, zein desberdintasun dauden batetik bestera. Ez ordea zure egunerokotasunaren parte direnean: ibilkera, buztana, gizentasuna, trosta, eta halako beste mila xehetasun hartzen dituzte kontuan lehiaketa hauetan.
Zein lekutan izan dituzue txapelketak orain arte? Ez da erraza hauetan parte hartzea, ez behintzat bizi garen lekutik gertu. Estatuan zehar badaude hainbat toki; Asturias, Galizia, Madril edo Segovia,… eta hauetan guztietan emaitza onak izan ditugu azken urteetan. Espainiako txapelketan ere hartu dugu parte askotan, eta irabazi dugu bat edo beste. Europan eta mundu mailan aldiz bestelakoa da dena, hemen ez bezala berebiziko garrantzia baitute zaldiek eta txapelketa morfologikoek, batez ere Parisen. Belgika, Alemania, Italia,… hamaika txokotan aritu gara.
Zeintzuk izan dira lorturiko lorpenik handienak? Hiru zaldi aurkeztu ditugu munduko txapelketetan, eta hauetako bat bosgarren izan zen Parisen. Orain arteko garaipenik handiena izan da hau, zalantza izpirik gabe. Dena den, ez dut inoiz ahaztuko lehen aldiz Espainiako txapelketan parte hartu nuenekoa, entrenatzaileen laguntzarik gabe gainera. Hasi berria nintzen honetan, eta gogotik aritu nintzen lanean moxala trebatzen. Txapelketan ordea ez nintzen ondo aritu, baina bigarren izan nintzen bertan, izugarria izan zen hura. Handik zebilen ospe handiko entrenatzaile bat, osabarengana hurbildu eta zaldi hartaz gain halako beste hiru erosiko zizkigula esan zion, eta hala egin ere. AEBtan daude egun zaldi hauek, eta Canadan, eta Brasilen izan dira txapeldun.
Txapelketa morfologikoez gain, duela gutxi distantzia handiko lasterketekin hasi zarete. Hala da, bai. Morfologikoen aldean, askoz ere sakrifikatuagoak lasterketak. Besteak beste, 60, 100, eta 120 kilometroko lasterketak egiten dira modalitate honen baitan, eta nekeza da honetarako zaldiak trebatzea, bai denbora aldetik eta baita haiei eskaini behar zaien ardura aldetik ere.
Etorkizunari begira, baduzue eskuartean erronkarik? Tira, ezeren gainetik, harategiekin aurrera jarraitzea. Bi ditugu, bata Basaurin eta beste bat Santutxun, eta familiaren diru-iturri nagusiak dira hauek. Bestalde, orain arte egin bezala zaldiak trebatzen eta zaintzen jarraitzea, lehiaketetan parte hartzea, eta urte hauetako ilusio berarekin mundu honen baitan ikasten jarraitzea! •