«Zein da gure maitasun eredua?» Momoak taldea
Iritzia
Momoak Talde Feminista
BINKE / 2022ko otsaila
Zein da gure maitasun eredua?
Otsailak 14 dugu berriro eskuartean, bonboi eta lorak erregalatzeko eguna, maite zaitut esateko unea eta batez ere maitasuna ospatzeko eguna. Baina, zer maitasun mota ospatzen dugu? Zein da gure maitasun eredua?
Gaurko egunean mendez mende gizarteak eraikitako maitasun ereduak bultzatu, goraipatu eta ospatzen dira. Netflixen berriz ere izango ditugu ikusgai maitasun idealeko pelikulak, non mota danetako trabak medio, bi maitaleek euren maitasun istorio perfektua loratzea lortzen duten. Berriz ere bihotz gorriz jantziko dira sistema kapitalista eraikitzen duten enpresa handiak: El Corte Ingles, Zara eta Primark, besteak beste; berbertan dugun ospakizunerako bidelagun bat ez izanaren adierazle. Akaso, bidelagun erromantiko horren beharra daukagu denok?
Beste urte batez, bitan banatuko da gizartea. Maitale amorratuak edo bizitzan porrot egin duten ezkongabeak izatea baino ez zaigu egokituko. Printze urdina topatzearen desiraz dauden printzesa koitauak izatea tokatuko zaigu Disney era porrokatuan kontsumitu dugunoi. Baina, kasualitatea ote da bizitzak beti maitasun eredu igualetara bideratzea?
Ez da kasualitatea! Kontsumitzen dugunaren araberakoa da gizartearen jarrera. Pelikulek, arropek, iragarkiek, ospakizunek… denek baldintzatzen dituzte gure joera eta pentsamoldeak. Sistema cisheteropatriarkalak ezarritako familia eredu biparental nuklearren gehiengoak —aita + ama + seme/alabak— ere patroi baten jarraipenera mugatzen gaitu, denok izan behar dugu bizitzan helburu bera? Denok osatu beharra daukagu familia eredu bera?
Gaurkoan ere, San Valentinen, eredu inposatu baten biktimak baino ez gara. Hain da jendarteak sentitzen duen frustrazioa maitasun erromantikoaren beharretan… geure pertsona baliogabetzera heltzen garela ere. Geure izaera moldatzera ere aiega gaitezke —maitatuak sentitzerarte—.
—Maite zaituen horrek…— ez, lagun! EZ DIZU ZERTAN SUFRIMENDUA ERAGIN! Jeloskortasunak ez du maitasuna adierazten, eta gure ekintzekiko zein pertsonarekiko kontrolak ez du maitasuna neurtzen. Hain da jendarteak sentitzen duen frustrazioa maitasun erromantikoaren beharretan… «Ez nauzu behar beste maite» batek errudun sentiarazten gaituela. Geure buruaz arduratzea erabakitzen dugunean ez garelako berekoia, baina, txikitatik ikasi izan dugu maitasuna ezagutzen dugunean zeru-lurrak astindu behar ditugula harremanaren ongizatea bermatzeko, geure osasun-mentalaren aurretik lehenesten.
Dena dela, San Valentinen maitasuna ospatzeko unea hartzen dugu, ordea, zein da gure maitasun eredua? Hobezten dugun maitasun eredu horren ospakizunak zer eragin dauka gizartean?