Zentral eolikoa jartzeko Ganguren mendia aukeratu du Eusko Jaurlaritzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: O. One
EAEko hogeita hamairu eremu hautatu ditu Eusko Jaurlaritzak zentral eolikoak egiteko eta hauetako bat Ganguren mendia da. Lurralde Plangintza Sektorialaren arabera 2.650 ekoizpen ordu izango ditu urtean eta udan egitea aurreikusita dago.
Eusko Jaurlaritzak udan jarri nahi du martxan energia berriztagarriak bultzatzeko Lurralde Plangintza Sektoriala (LPS). Hilabeteak dira prozesua hasi zenetik eta aldaketak eta zuzenketak izan dira eta izango dira baina momentuz EAEko hogeita hamairu gune proposatu ditu Gobernuak aurrerapen dokumentuan zentral eolikoak jartzeko.
Kokapen hauen artean dago Ganguren mendia. Bi gune mota bereizi ditu LPSak: lehen mailakoak eta bigarren mailakoak. Lehen mailakoek 3.350 orduko ekoizpena izango dute urtean eta bigarrenek aldiz, 2.650 ordukoa. Galdakaokoa azken aukera honetakoa izango da.
Eusko Jaurlaritzak 2030erako potentzia eolikoa bost bider handitzea nahi du. Gaur egun 153 megawatt daude instalatuta eta 783 izatea da asmoa, jasangarritasuna bultzatzeko. «Baliabide berriztagarriak eskuratzeak ez ditu baliabide ez-berriztagarrien hornikuntzaren berezko inpaktuak sortzen; izan ere, zuzenean lortzen da, erauzketa inbaditzailerik, hornikuntzarik edo baliabideen garraiorik gabe, adibidez petrolioaren deribatuekin gertatzen den moduan», azaldu dute Jaurlaritzatik.
«Era berean, egoera horrek laguntza emango du EAEko energia-sektorearen independentzia handiagoa lortu dadin, lurraldearen erresilientzia handitu dadin klima-aldaketaren aurrean, eta ekonomia zirkularra bultzatu dadin», gehitu dute.
Udalerrien hirigintza araudietara egokitu beharko dira zentral eolikoak, eremu horiek «babesteko». Bestalde, LPSan zehaztutako eremu horietatik kanpo ere egon daitezke sustatzaile pribatuek egokitzat jotako instalazioak baina horiek ohiko ingurumen eta lurralde plangintzari dagozkion tramitazioak gainditu beharko dituzte.
Momentuz, Eusko Jaurlaritzak hogeita hamairu eremu aukeratu ditu zentral eolikoak jartzeko, webgunean ezagutu daitezkeenak.