Zinegotzien liberazioek desadostasunak sortu dituzte Galdakaoko Udal Gobernuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Pasa den barikuan EH Bilduk, Auzoak-ek eta Usansolo Herriak osatzen duten Udal Gobernuaren antolaketa zehazteko osoko bilkura antolatu zen. Besteak beste, gobernu talde berriaren zinegotzien liberazioak erabaki ziren eta Auzoak plataforma hauen kontra agertu da.
Behin EH Bilduk, Auzoak-ek eta Usansolo Herriak osatzen duten Galdakaoko Udal Gobernua osatuta, honen antolaketa zehazteko osoko bilkura antolatu zen pasa den barikuan udaletxean. Binkek jaso zuen moduan, Udalaren jarduerak bost batzorde izango dituela erabaki zuten, besteak beste.
Halaber, zinegotzien liberazioak eta hauen soldatak erabaki ziren bilkuran. Alkateak eta gobernuko beste bi zinegotzik aldi osorako liberazioa izango dute eta oposizioko talde nagusiko zinegotzi batek ere bai. Halaber, gobernuko beste zinegotzi bik lanaldi erdiko liberazioa dute.
Auzoak plataforma oso kritiko agertu da Udal Gobernutik liberatutako zinegotzi batentzat ezarritako ordainsariaren hasierako proposamenarekin. Taldeak argi utzi du ez duela «zinegotzien ez konfiantzazko postuen liberaziorik negoziatu».
«Liberazio proposamenak EH Bildurenak dira eta ez dira Auzoak-ekin adostu», azaldu dute plataformatik. «EH Bilduk eta Auzoek 2019an zinegotzi edo kargu bakoitzeko adostu genuen urteko 47.535 euro gordineko soldata-muga defendatzen jarraitzen dugu», azpimarratu dute.
«Aurreko lau urteetan frogatu dugu soldata hori egokia izan zela erantzukizunei dagokienez, eta argi dago erantzukizun horiek behar bezala gauzatu zirela, gobernu talde honek bere konfiantza eman baitio berriro. Udalaren kudeaketa egokirako ordainsari horiek egokiak izan badira, geure buruari galdetzen diogu zer interesi erantzuten dioten orduan ordainsarien aldaketa horiek, horietako batean %30ko igoerarekin», salatu dute.
El Correo egunkariak batutakoaren arabera, honen aurrean EH Bildutik argudiatu dute «ordainsariak lanpostuen soldaten arabera» finkatzen direla, eta ildo horretatik «proposamenak koherentzia argia du: askatuko diren pertsonen jatorrizko soldatak errespetatzen ditu».
Auzoak-ekin izandako desadostasunei dagokienez, honakoa adierazi dute: «Normaltasunez hartzen dugu hizpide dugun gaiarekin bat ez datorren gobernu taldearen zati bat egotea. Aurreko legegintzaldian ere desadostasuna agertu zuten eta hori ez da beste arlo batzuetan laguntzen jarraitzeko arazoa».