Ziortza Gandarias: «Euskal komunitateari estimua diote Boisen; alkatea ere euskalduna da!»
Ziortza Gandarias, Boiseko galdakoztarra
BINKE / 2020ko martxoa
«Euskal komunitateari estimua diote Boisen; alkatea ere euskalduna da!»
Sortzez: Galdakaokoa, Kurtzea ingurukoa.
Gaur egun: Boisen, AEBetako Idaho estatuan.
Jaiotza urtea: 1987.
Ikasketak: Euskal Filologian Lizentziaduna eta Euskal Ikasketetan Doktorea da, besteak beste.
Zertan dabil: Boise State Unibertsitateko Euskal Ikasketen Saileko irakasle Munduko Hizkuntzen Departamentuan.
Zerk eraman zintuen herritik alde egitera? Ikasketek ekarri ninduten Ameriketako Estatu Batuetara. Renoko Unibertsitatera —University of Nevada, Reno— joan nintzen tesia egitera. Lau urtez egon nintzen tesia egiten. Esperientzia bikaina izan zen. Erabat gomendagarria!
Zeintzuk dira bizi izan dituzun aldaketarik nabarmenenak? Distantzia amaigabeak, edozertarako kotxearen beharra izatea, kafea termoan leku guztietara eramatea, gizarte indibidualista xamarra izatea, unibertsitateko ikasleek klaseak hartzeaz gain, gehienek lan bat, bi edo hiru izatea, komertzioak eta jatetxeak berandura arte zabalik egotea eta asteko egun guztietan irekita egotea, adibidez.
Zer du zure oraingo herriak, Galdakaok ez duena? Eta alderantziz? Herri bakoitzak berezko identitatea dauka. Herri horren iraganak, hizkuntzak, kulturak eta komunitateak eman diona. Esango nuke herriaren erosotasunean igertzen dudala aldaketa nabarmenena. Galdakaon dena eskuragarri dago, oso herri atsegina da. Edonora oinez joatea posible da. Boisen distantziak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Boisen bestalde zeru amaigabeak ditugu, badirudi infinitua ikustea posible dela.
Zeren falta sumatzen duzu han? Sumatzen dudan faltarik handiena familiarena da. Lagunak eta Euskal Herria ere faltan botatzen ditut.
Zer gomendatuko zenioke zure herritar bati, han bisitatzeko? Boiseko hirian, The Basque Block —Euskal kalea— bisitatzea gomendatuko nioke. Bertan Euskal Etxea, Euskal Museoa, Frontoia, Euskal murala, Euskal Ostatua eta Euskal jatetxea topatuko ditu. Karrika lauburuz josia dago, eta hau inguratzen duten espaloietan euskal kantak, euskal herriko armarria eta bertara joan ziren artzainen abizenak daude. Bestela ere, Idahoko ingurumariak ere zoragarriak dira. Leku liluragarri anitz dago, baina batzuk esatearren: Sun Valley, Coeur d’Alene, Stanley, Shoshone Falls, Craters of the Moon National Park, Sandpoint eta Yellowstone.
Gure herriaz hitz egiten badiezu hangoei, zeren inguruan aritzen zara bereziki? Unibertsitatean euskal gaiei buruzko klaseak ematen ditut. Ikasleekin gauza asko landu ditut. Euskal Literatura, Euskal Erbestea, Euskal Diaspora, Historia, Politika, Kultura, Gastronomia, eta Mitologia, besteak beste.
Zer dakite gure herriaz? Boise-ko euskal kominutatearekin harreman handia daukat, hilabetero Euskal Etxean antolatzen den afarian belaunaldi desberdinetako euskaldunak biltzen gara. Asko artzai moduan etorritakoak eta hemen geratu direnak, beste asko bigarren edo hirugarren euskal-amerikar belaunaldikoak. Hamaikatxo dira euskara oraindik mantetzen dutenak. Euskal Herria ondo ezagutzen dute eta askotan joaten dira bisitan. Estimu handia diote euskal komunitateari hemen. Pentsa, Boiseko alkatea ere euskalduna da!