Zozketa bidez aukeratuko dira Galdakaoko Udalaren izenean Korrikaren lekukoa eramango duten herritarrak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: AEK
Korrikaren 23. edizioa martxoaren 21ean igaroko da Galdakaotik eta Usansolotik eta Galdakaoko Udalak kilometro bat erosi du aurten ere. Hiru herritarrek eramango dute lekukoa kilometro honetan zehar eta zozketa bidez aukeratuko da nortzuk izango diren.
Martxoaren 14an Irunen hasi eta 24an Baionan amaituko da Korrikaren 23. edizioa. Galdakaotik eta Usansolotik hilaren 21ean igaroko da euskararen aldeko ekimena eta herritarrek bat egiteko aukera izango dute beste behin, BINKEk jaso zuen moduan.
Egin ohi duenez, edizio honetan ere Galdakaoko Udalak kilometro bat erosi du: 1.780. kilometroa, Ardantza parke ondotik Gipuzkoa kaleko 11. zenbakira artekoa. Herritarrek eramango dute lekukoa tarte horretan, «herria herritarrek egiten baitute eta Udala herriaren ordezkari besterik ez baita».
Hiru herritarrek izango dute kilometro honetan lekukoa eramateko aukera eta zozketa bidez aukeratuko da nortzuk izango diren. Zozketan parte hartu nahi duten galdakoztarrek domekara, martxoak 10, bitarte izango dute izena emateko aukera Udalaren webgunean.
Udalak hurrengo astean jakinaraziko du nortzuk diren bere izenean Korrikaren lekukoa eramango duten pertsona horiek