Ikerlari galdakoztar bat Irulegiko eskuaren aurkikuntza historikoan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Javier Bergasa eta Aranzadi Zientzia Elkartea
Gaurko albistea da, ezbairik gabe: orain arte aurkitutako euskarazko —zuzenago esanda, baskonierazko— idatzirik zaharrena Aranguren herriko Irulegi mendian aurkitu dute Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek. Bada, horien artean ikerlari galdakoztar bat dagoela jakin du Binkek eta berarekin hitz egin dugu. Irakurri zer kontatu digun!
Aurkikuntza historiko baten berri eman dute gaur, azaroak 14. Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileek baskonikoz idatzitako testurik zaharrena —euskararen aurrekaria da baskonikoa— aurkitu dute Kristo aurreko lehenengo mendeko esku formako brontzezko xafla batean. Nafarroako Irulegin aurkitu dute, eta honezkero hedabide guztietan ere «Irulegiko eskua» deitu diote aurkikuntza historikoari. Irulegi zaharreko etxebizitza baten indusketan aurkitu dute euskarazko berba; orain arte aurkitutako zaharrena.
Bost hitzeko inskripzio du eskuak eta lehenengoak «sorioneku» berba erakusten du. Honekin, azken urteetan espekulatzen zen bezala, baskoiak alfabetatuta zeudela eta berezko sistema grafiko bat zutela erakutsi da; orain 2.000 urte baino gehiago.
Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaile taldeak Irulegi mendiaren iragana ikertzen dihardu 2007tik. Lehen lanak 2017. urtera arte egin ziren, Erdi Aroko mendi gailurreko gazteluan. 2018tik, Mattin Aiestaran arkeologoak zuzendutako talde batek Burdin Aroko herrixkaren ikerketa arkeologikoa egiten du, gazteluaren azpiko muinoan. Ikerketa horiek Euskal Herriko Unibertsitatean egiten ari den doktorego-tesi baten parte dira, EHUren laguntzarekin eta GIZAPRE ikerketa-taldearen barruan. Esku-hartze horiek guztiak Arangurengo Udalak sustatzen ditu, eta Nafarroako Gobernuaren laguntza jasotzen dute 2018tik.
Bada, Aranzadirekin baieztatu ondoren, ikerlari horien artean galdakoztar bat dagoela jakin du Binkek: Elene Arenas. Arenas ez da, berez, Aranzadi Zientzia Elkarteko kide, baina bolondres dabil 2019tik Irulegiko aztarnetan barna: «Gasteizen Historia ikasi neban eta unibertsitatetik Irulegiko lanak egitera animatuko nintzaken galdetu eustien», kontatu dio ikerlariak Binkeri.
Horrela ba, galdakoztarra indusketa lanetan dabil Irulegi mendiaren gailurrean —bertan baitzegoen, besteak beste, Erdi Aroko Irulegiko gaztelu ezaguna— eta aurkikuntza bere taldeko kide batek egin zuela jakinarazi dio hedabide honi: «Kideak aurkitu zuenean kontu handiz ibili ginan eskuarekin, eta beti egiten dogun moduan ondo grabatu genduan burdinezko pieza, baina zehatz jakin barik zer zan».
«Aurkikuntza iazko udaran egin genduan, eta pieza zer zan jakiteko Nafarroako Gobernuaren Gordailu Arkeologikora eraman genduan», azaldu dio Binkeri Arenasek, bertan pieza zaharberritu eta deszifratu zezaten. Ikerlari eta filologo talde bat urtarrilean hasi zen eskua ikertzen eta orain deskubritu dute lau berbatik lehena, gutxienez, euskalduna dena: «sorioneku». Besteek ez omen dute inolako antzik gaur egungo euskararekin, baina horiek ere ikertzen ari dira oraindik.
Elene Arenasek pozik aitortu dio aldizkari honi bizitakoa: «Arkeologian beti da emozionantea zerbait aurkitzea, baina gure historia aldatzen duen aurkikuntza bat egitea beste maila bat da».