«Gaixotasun morala», Iñigo Zelaia
Iñigo Zelaia Goienola
BINKE / 2018ko uztaila
Gaixotasun morala
Ikus-entzunezko komunikabideetan arreta jartzen dudanean albiste ezkorrak barneratzen ditut nire baitan: istripuak, sexu erasoak, gerra…
Kalera irten eta jendearen hitzetan ez da pentsamendu baikorrik nabaritzen, denak dira kezkak, beldurrak eta estresa. Egoera honek ondorio batera eramaten nau. Gaixotasun moral baten aurrean aurkitzen gara non bizi dugun giroarekin ez gauden gustura. Nekaturik aurkitzen dugu gure burua baina halere ikarati begiratzen diegu bai aldaketei eta baita etorkizuneko erronkei ere. Gauzak horrela, gaixotasun moral hori sendatzeko asmoz, beste gizabanakoetan sostengatzen gara, ez laguntza eskatzeko, baizik eta kontsolamendu gisa.
Hausnarketa honen harira, nire aburuz, bizitzaren atal handi bat kexatzen pasatzen dugu, zoriontasunari probetxurik atera gabe. Bitartean gure barneko erlojua eta berarekin lotuta dagoen denbora ere badoa aurrera. Beraz, egunero ohetik irribarre batekin altxatzea proposatzen dut. Egunero egin beharreko ekintzei alde onak ateratzen saiatuz eta kalte egiten dizkigutenak baztertuz.
Norbanakoaren barnean aurkitzen da zoriontasunaren giltza. Mundu hau aldatuko da norbera eraldatzen hasten denean.