Ibaizabal berbideratzeko obretan sortu diren ur beltzen isurketa konponduko du Galdakaok
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
EAJk erantzunak eskatu zizkion EH Bilduri Hirigintza Batzordean Ibaizabal ibaia berbideratzeko obretan sortu diren ur beltzen inguruan. Honen aurrean, Udal Gobernuak Ur Patzuergoarekin akordio batera heldu dela ezagutzera eman du, ur beltzak identifikatu eta kolektore orokorrera eramateko.
Ibaizabal ibaia berbideratzeko obretan arazoak sortu dira azkenaldian. Zehazki, ur beltzak agertu direla salatu zuten auzokideek, Binkek ezagutzera eman zuen moduan. Galdakaoko EAJk ere honen inguruan erantzunak eskatu zizkion EH Bilduri, urtarrilaren 18an egin zen Hirigintza Batzordean.
Lanak 2010ean hasi ziren eta ardura Uraren Euskal Agentziarena da baina honek ur beltzak konpontzeko ardura Udalarena dela azaldu du. Horrela azpimarratu zuen ere alderdi jeltzaleak batzordean: «Argi geratzen da Ibaizabaleko kanalizazioa Udalaren ardura dela eta Udalak erantzun behar duela».
EAJk gogora ekarri zuen hirugarren fasearen hitzarmena URArekin 2019an alderdi jeltzalea buru zuen aurreko gobernuarekin sinatu zela baina Iñigo Hernando egungo alkateak hitzarmena aldaketekin berretsi zuela 2021an. «Beraz, EAJ plangintza-izuaren erantzule dela esatea arduragabea da. Arduragabea EH Bildu da gai honen jarraipena ez egiteagatik», adierazi dute.
Honen aurrean, Udal Gobernuak Ur Patzuergoarekin akordio batera heldu dela ezagutzera eman du, ur beltz «guztiak» identifikatu eta kolektore orokorrera eramateko. Horretarako urte anitzeko plan bat egingo du eta, 2023ko apirilean, aurrekontuaren lehen moldaketan, beharrezko diru partida jarriko du.
Udalak adierazi duenez, «URArekin sinatutako hitzarmenak klausula ugari ditu; horien artean, jarraipen batzordea arautzen dutenak. Sinatutako hitzarmen hark argi adierazi behar lituzke hainbat alor, besteak beste, ibaia bideratzeko proiektuak hartzen ez dituen baina beharrezkoak diren beste obra batzuk nork egin behar dituen. Baina ez du zehaztasunez adierazten». Ondorioz, jarraipen batzordeak proiektutik kanpoko lan horiek zeintzuk diren eta nola gehitu behar diren aztertu du; besteak beste, ur beltzen isurketen gaia. «Udalak beharrezko gaiak aztertu eta ordaintzeko dirua eskaini die URA Agentziaren ordezkariei bilera guztietan», azaldu dute.
Hasieran Udalak proposatutakoa onartu zuten baina 2021eko euriteek eragindako kalteen ostean, aurrekontuan moldaketa handi bat egin behar izan zen. Egokitzapen ekonomiko hori %40a baino handiagoa zenez, ezin izan zuten Udalarekin hitzartutakoa aurrera eraman, eta beraz, ezin izan zituzten egungo Udalak eskatutako moldaketak proiektuaren baitan hartu.
Zehazki, URAk Viuda de Saiz enpresari eman zion lan hauek egiteko ardura 11 milioi euroko aurrekontuarekin baina euriteen ostean kopurua 4 milioi euro gehiago igo zen. «Enpresak COJUAra eraman zuen moldaketa egiteko proposamena eta honek onartu egin zien, baina beti ere %45etik beherakoa baldin bazen moldaketa hori. Beraz, ezinezkoa zitzaien ur beltzen lana beregain hartu eta horren kostua obrari gehitzea, dirua Galdakaoko Udalak berak jarri arren», azpimarratu dute Udaletik.
Egoera hau kontuan hartuz eta «arduraz jokatuz», Udala Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoarekin akordio batera heldu da orain ur beltzen isurketa konpontzeko.