«Eraso sexistak», Aitziber Bilbao

Aitziber Bilbao Etxebarria
BINKE / 2016ko uztaila

Eraso sexistak

Aurtengo udan herriko jaietan alkarren arteko gaia izan dogu ia herri guztietan, ekintza hauekaz jai giroak ilunduz. Gure herrian be jaian murgilduta ibili beharrean, emakumeen eskubideak aldarrikatu behar izan  doguz; garai honetan, bai, garai honetan! XXI. mendean! Onartezina da pertsonen eskubideek atzerakada izatea. 

Baina arazo hau urte osoan emoten da, eta zer egiten dogu? Zergaitik ez da Galdakaon jaietarako egin dan protokoloa urte osoan zehar eta herri guztietan jarraitzen? Zelan konpon daiteke arazo sozial hau? 

Neskei ipurdia ukutzea, iraintzea… Gaztetan horrelako jokabideak jolastzat hartzen doguz eta helduok gainera askotan barre egiten dogu, umeen gauzak diralakoan. Baina 14 urtetik gora jokabide hauek delitu dira eta ondorio legalak dakartzate.

Tristea da emakumezkook beti beldurrez eta protokolo baten menpe ibili behar izatea. Zer nolako gizartea sortzen  ari gara? Eskoletan eta etxeetan hausnarketa sakona egin beharko geunke zer nolako gizartea eta geroa utzi gura deutsiegun gure gazteei aztertzeko.

Badogu lana.