Gaizka Carregal, pilotaria
«Betirako gordeko dut mundialetik bueltan Kurtzea frontoian jasotako omenaldia»
Gaizka Carregal Aldanondo
1999, Galdakao
Galdakaon egin zituen oinarrizko ikasketak, eta ostean Biologiako Gradua eta Mikrobiologiako Masterra egin zituen EHUn. Gaur egun Bigarren Hezkuntzako irakaslea da Gasteizko Salburua ikastetxean, eta zilarrezko domina lortu berri du Munduko Pilota Txapelketan, Euskal Selekzioarekin. Aurretik Euskal Herriko eta Bizkaiko Lau eta Erdiko eta Bizkaiko Buruz Buruko txapelketak irabazi ditu, besteak beste.
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Ander Elordui eta Ander Lopez
Eguzkibegi Ikastolan hasi zen esku pilotara jolasten sei urterekin, eta urtebete geroago Adiskide Pilota Elkartean eman zuen izena. Ordutik, ibilbide luze eta oparotsua egin du Galdakaoko klubean, eta Munduko Pilota Txapelketan zilarrezko domina lortu berri du selekzio gisa ofizialki lehen aldiz parte hartu duen Euskal Selekzioarekin. Pilotariarekin hitz egin dugu Argentinan eta Uruguain antolatutako munduko txapelketan bizitako esperientziaz, eta baita bere ibilbideaz ere.
Munduko Pilota Txapelketan bizitakoaren ajearekin oraindik? Bueno bai, izan daiteke. Jada egunerokotasun arruntean murgilduta nago baina bada jendea oraindik ere herritik zoriontzen nauena. Momentu horietan konturatzen naiz denbora gutxi pasatu dela Argentinatik etorri ginenetik.
Nola definituko zenuke Argentinan eta Uruguain bizitako esperientzia? Esperientzia berezia, historikoa eta bizitza guztirako gordeko dudana. Bertako egonaldia ezin hobea izan da, zirraragarria zentzu guztietan. Zaila da bertan bizitakoa hitzen bitartez transmititzea. Denetariko emozioak bizi izan ditugu bertan, taldean zein maila pertsonalean. Familia baten gisa funtzionatu du selekzio osoak, itzelezko adiskidetasunak eraiki ditugu, bizi osoan apurtzen ez diren horietakoak. Hainbat altxor dakarzkit bertatik.
Gainera historia egin duzu, Euskal Selekzioa lehen aldiz aritu baita selekzio ofizialki izendatu zutenetik. Talde horretan parte hartzeaz harro sentitzen zara? Euskal Selekzioarekin mundial bat jokatzea ohore bat izan da, zer esanik ez lehenengoa izateagatik. Aitzindari izatea harrotasunez hartzen dugu, zelan ez. Aurreko urtean, azaroan, Bilbon jokatu nuen lehen aldiz modu ofizialean selekzioarekin Nazioen Ligan, baina hori, munduko txapelketara sailkatzeko egin zen txapelketa izan zen. Berezia izan zen baita, txapelketa hori izan baitzen ofiziala izendatu zutenetik jokaturiko lehena, baina munduko txapelketa batean aritu izanak beste ohiartzun bat sortzen du.
Finalera heltzea lortu zenuten, baina Espainiaren kontra galdu zenuten. Zerk huts egin zuen? Bueno, uste dut guk ez genuela huts nabaririk egin, esango nuke haiek gu baino gehiago izan zirela eta kito, ez dago besterik. Haiek, gure antzera, talde indartsua eraman zuten Argentinara eta bagenekien finalean gauzak oso ondo egin beharko zirela urrearekin itzuli nahi baldin bagenuen Euskal Herrira. Ligaxkako partiduan ikusi genuen oso joko puntu onean zeudela, batez ere Jorge Fernandez errioxarra eta seguruenik bera izango zela finalean aurkituko genuen pilotaria. Finalean, esango nuke ez giñela txarto aritu Irribarria eta biok, baina bera maila oso altuan aritu zen partiduko momentu guztietan. Erabakitasunez jokatu zuen, zalantzarik gabe eta tanto guztietan atera zuen bere jokorik onena. Egun hartan Espainiako ordezkaria gu baino hobea izan zen. Zoriontzea besterik ez zaigu geratzen. Etorriko dira beste aukera batzuk etorkizunean.

Azken partida galdu arren, zilarrarekin bueltatu zarete etxera. Adiskidek dioen moduan, «harro egoteko» txapelketa egin duzula uste duzu? Bai, zalantzarik gabe. Han nengoela, finala galdu bezain pronto, normala den bezala dena beltz ikusten nuen. Baina, gure finalaren ostean, bikotekako finala jokatu zen eta dakizuenez Euskal Selekzioko ordezkariek urrea lortu zuten. Hori inflekzio puntua izan zen nire aldartearentzako. Tristura guztiak kendu zitzaizkidan nire taldekideek besoak altxatu zituztenean eta denok elkarrekin urre historiko hori ospatu genuenean. Haiengatik izugarri poztu nintzen eta nire porrotari garrantzia kendu nion, banekielako behintzat eskuzko modalitatean urre batekin itzuliko ginela etxera. Gerora, hotzean, txapelketa bere horretan analizatu ostean, uste dut zerbait handia dela munduko azpitxapeldun geratzea.
Zer ikasi duzu esperientzia honetatik? Lan egiteak bere fruituak ematen dituela. Uste dut Euskal Selekzioarekin munduko txapelketa baten parte hartzeko aukera izatea ez dela zorte kontua izan. Hainbat urteetan egindako lanarengatik lortu dut esperientzia hau bizitzea. 20 urte daramatzat pilotan jokatzen, konstantzia itzelarekin, nire burua etengabe prestatzen egunero-egunero nire bertsiorik hoberena lortzeko. Asteak joan asteak etorri betiko errutinari eusten, zenbait gauza alde batera utzi frontoian murgilduta jarraitzeko. Bide polita bezain gogorra izan da kasu batzuetan eta guzti horregatik ikaragarri harro nago nire buruarekin badakidalako lortu dudana lortzea ez dela bat ere erreza.
Zer sentitu zenuen Munduko Pilota Txapelketa Euskal Selekzioarekin jokatzeko hautatua izan zinela esan zizutenean? Poza eta harrotasuna, baina baita itzelezko erantzunkizuna. Nazio baten ordezkari izateak badauka bere pisua, jende askoren izenean jokatzera zoazelako nazioarteko txapelketa batera. Hori dela eta, normalean baino askoz presio gehiago sartzen diozu zure buruari, bai txapelketa aurretik eta baita txapelketan bertan ere. Zure herrialdea mundu maila ezagutzera eman nahi duzu modurik hoberenean.
Nola kudeatu zenuen presio mental eta fisikoa nazioarteko lehiaketaren aurreko asteetan? Argi dago erantzunkizun handia neukala Euskal Selekzioaren izenean jokatzera joango nintzelako, baina filosofiarekin hartzen saiatu nintzen eta uste dut lortu nuela. Izan ere, helburu nagusia beteta zegoen txapelketa jokatzen hasi orduko; Euskal Selekzioak munduko txapelketa baten parte hartuko zuen. Hortik aurrerako guztia ongi etorria izango zen, baina ez nion nire buruari bestelako presio handirik jarri. Argi zegoen eskuzko modalitatean faboritoetako bat ginela, baina pentsaera hori alde batera uzten saiatu nintzen lehiaketaren aurreko asteetan eta baita txapelketan zehar ere. Gauzak horrela, esango nuke jokaturiko partiduetan kantxan gozatzea lortu nuela, urduritasunak ondo kudeatu eta baita nire maila erakustea ere.
Bueltan Adiskide Pilota Elkartearen eta galdakoztarren babesa jaso duzu, Kurtzea frontoian egin zizuten omenaldian. Zer sentitu zenuen herritarren maitasuna jasotzean? Oso arratsalde berezia izan zen niretzako. Frontoira hainbat herritar hurbildu ziren, lagunak, familia baina baita nirekin erlazio zuzenik ez daukan jendea ere. Frontoia beteta ikusteak, guztien txalo zaparradak entzutea eta guztien maitasuna jasotzea itzela izan zen. Betirako gordeko dudan zerbait izango da. Kluba betidanik portatu izan da oso ondo nirekin; fokuaren lehen lerroan egotera bultzatu nau beti eta oraingoan ere ez dute huts egin. Gaur egun naizen pilotaria naiz, hein handi batean klubean egindako lan bikainagatik. Zorretan egongo naiz beti Adiskide klubarekin.

Zure ibilbidean, beti sentitu duzu galdakoztarren babesa? Bai, zalantzarik gabe. Herri nahiko pilotazalea dela esango nuke eta herritar askok jokatu izan ditudan eta gaur egun jokatzen ditudan txapelketen berri daukate. Partidu garrantzitsu baten atarian edo final baten ostean betidanik egon da jendea interesa jarri duena eta babesa eman didana.
Hasierara bueltatuz, noiz hasi zinen pilotan? Eguzkibegi Ikastolan sei urte nituela hasi nintzen kuadrillakoekin pilotan jokatzen, Vidal Salcedo eta Kepa Urrutikoetxea entrenatzaile nituela. Handik urtebetera, zazpi urterekin, herriko Adiskide klubera saltoa eman nuen. Gaur arte.
Futbola eta beste kirol batzuk nagusi ziren giroan, nolakoa izan zen pilotarekin jarraitu nahi zenuela erabakitzea? Oso erabaki erreza izan zen, izan ere, hasi nintzenetik argi izan nuen nire kirola esku pilota izango zela. Beste kirol batzuk praktikatzeko aukerak izan ditut eta baita praktikatu ere, baina, betidanik benetan bete nauen kirol bakarra esku pilota izan da. Pilotan kirol gehienetan aurkitu ezin daitezkeen kiroltasuna, errespetua eta laguntasuna aurkitu daitezke besteak beste.
Adiskide Pilota Elkartean aritzen zara, herriko taldean. Zergatik erabaki duzu herriko klubean jarraitzea? Aurretik aipatu dudan bezala txikia nintzenetik gaur arte Adiskidek emandako tratua ezin hobea izan da. Oso jende langilea, konprometitua eta pilotazalea egon da betidanik. Laguntzeko eta erraztasunak emateko prest dagoen jendez inguratuta egonda, ez dut inoiz beharrik sentitu hemendik alde egiteko, are gehiago, gainontzeko klubetan arazoak izan dituzten piloitarie gonbita egin diet gure klubera etortzeko.
Eskola kirola funtsezkoa da Galdakao bezalako herrietan. Herriko zein entrenatzaile, senide edo lagun izan dira zure prestakuntzan giltzarri? Hainbat izen etortzen zaizkit burura, jende askoren eskutatik pasa naizelako urte guzti hauetan: Vidal Salcedo, Kepa Urrutikoetxea, Andoni Beroiz, Iker Etxebarria, Ander Oliden… Guztiek lagundu didate nire kirol prestakuntzarekin, pilotari hobea izaten, baina ez hori bakarrik, bere garaian guztiek jarri zuten beraien aletxoa nik pilotaz gozatu nezan. Pertsona guzti hauei esker jarraitzen dut nik gaur egun pilota gosez eta haiek dira nahiz eta urte asko igaro diren, oraindik ere pasio hau itzali ez izatearen erantzule nagusienetarikoak.
Gero eta ume gehiago animatzen dira pilotan aritzera, baina beste kirol batzuk nagusi dira oraindik. Zer egin daiteke hori aldatzeko? Ahal dugun neurrian umeak frontoira hurbildu behar ditugu. Gurasoek daukate hein handi batean horretarako giltza. Astebururo partiduak egoten dira frontoian, beraz, hori aprobetxatuz, noizean behin goizaren zati bat frontoian igarotzea komenigarria dela esango nuke, umeei esku pilota zer den, non eta nola jokatzen den azaltzeko. Zortea daukagu frontoia herri erdi-erdian kokaturik daukagula eta irisgarria izateaz gainera uneoro zabalik egoten da, dohako argi iturriarekin. Erraztasun guztiak dituzte gaur egungo umeek pilota ikusteko eta baita pilotan aritzeko ere. Baina esandakoa, etxetik etorri behar da bultzada nagusia. Bestetik, kurtso hasieretan ikastetxe desberdinetara informazioa ematera joatea interesgarria izan daitekeela uste dut, ikasleak animatzeko.
Kurtzea frontoian jaso zenuen aurretik aipatutako omenaldia, eta une hunkigarria izan zen baina, zein beste une berezi gogoratzen dituzu Galdakaoko pilotalekuan? Nire omenaldiaz gain, zorionez, beste hainbat momentu berezi bizi izan ditut herriko frontoian, bai ni protagonistetako bat izanda edo baita beste kasu askotan ere. Burura etortzen zaizkit azken urte honetan Euskal Selekzioarekin jokaturiko pare bat lagunarteko, jokatutako Bizkaiko buruz buruko zein bikotekako hiruzpalau final, Bengoetxearen edo Xalaren aurka jokaturiko lagunartekoak, generazio desberdinetako pilotarien txapelketa antolatu zenean, Oier Zearraren edo Mikel Larunberen azken partiduak ikusi genituenean, Iñaki Ibargarai bezalako figura garrantzitsuari omenaldia egin zitzaionean etab. Kasu guztietan frontoia gorarte, itzelezko giroa eta herriko jendeak benetan gozatuz. Hainbat momentu eta hainbat emozio. Espero dezagun horrelako momentuak bizi ahal izatea hemendik aurrera baita.
Pilotatik haratago, zein zaletasun dituzu? Bigarren Hezkuntzako irakasle bezala lanean nabil duela lau urtetik. Asko betetzen nauen lanbidea da. Batzuetan ez da erreza nerabeekin lan egitea, baina, denborarekin, haiekin konektatzea lortzen duzunean irakaslearena benetan berezia den lanbide bat dela konturatzen zara. Horrez gain denbora asko pasatzen dut kuadrillarekin, haiekin plan desberdin asko egitea gustuko dut: mendira bueltatxo bat, asteburutetako futbol patxangak, bazka zein afariak, musean ibili, parrandak eta abar luze bat. Zorte handia daukat zentzu horretan baita, txikitatik oso ondo inguratuta egon naiz eta edozertarako prest egoten dira lagunak. Azkenik, etxean etxekoekin denbora pasatzea ere gustuko dut. •





