Andrea Arrizabalaga Lorenzo
BINKE / 2026ko iraila
Putre baten argazkia —behean ikusi daiteke— ez da erreklamorik onena iritzi-artikulu baterako, baina hau ez da iritzi-artikulu bat, edo agian bai, amaieraraino iristen bazara, zeure ondorioak atera ahal izango dituzu. Hasteko, azalduko dizut zergatik nire artikuluak gaur egungo espezie estigmatizatuenetako baten irudia daraman. Aurrean, sai arre baten argazkia duzu, Joseba Arrizabalaga Artetak egin zuen, nire aitak, eta testu hau bere omenez idazten ari naiz, duela hiru hilabete hil egin zelako.
Bera izan da inoiz ezagutu dudan naturako argazkilaririk onena; zer esango dut nik, bere alaba izanda, ezta? Argazkigintza bere pasioa zen eta bizitzaren zati handi bat fauna basatia erretratatzen eta bizirauten laguntzen eman zuen. Izan ere, bere azken urteak Burgosko herri batean desagertzear zegoen putre kolonia bat laguntzen eman zituen eta horixe da argazki hau aukeratu izanaren arrazoia. Aitak buruan neukan putreen irudia aldatzea lortu zuen eta orain ni, lerro hauekin, gauza bera lortzen saiatuko naiz zurekin.
Aitak putreei buruz hitz egiten zidanean, beti gogorarazten zidan itxuragatik eta aurreiritziengatik engainatzen ez uzteko; ekosistemen funtzionamendurako funtsezko pieza direlako. «Animalia guztiek funtzio bat dute, puzzle perfektu batean sartzen den pieza bat. Gizakia da puzzle horretan sartzen ez den animalia bakarra». Horrela ikasi nuen animalien bizitzek ez dutela gizakienak baino gutxiago balio eta horrek mundua eta animaliak ikusteko beste modu bat ekarri zuen. Txikitan natura eta animalia basatien zale amorratua nintzen, denborarekin, aitaren naturarekiko grina nire nortasunaren giltzarri bihurtu zen. Egun, beganoa naiz animalia guztiak, salbuespen barik, defendatzeko. Eta hori, ez daukat dudarik, aitari esker da.
Honaino irakurri baduzu, konturatuko zinen omenaldi honek iritzi artikulu itxura daukala. Nire espiritu kritikoa aitarengandik jaso nuela kontuan hartuta, zaila zen bera gogoratzeko testu batean nire ikuspuntua argi ez uztea. Aitari ez zitzaion kontrakoa gustatuko eta hau berarentzat idatzita dago. Berak beti esaten zuen munduak egia kontatzen duten pertsonak behar dituela eta horregatik inoiz paperean jartzen ez den egia batekin amaituko ditut lerro hauek. Animaliak euren motiboengatik existitzen dira, zeregin bat dute mundu honetan eta zeregin horrek ez dauka zerikusirik gu gogobetetzearekin. Interes propioak dituzte eta errespetatzeko garaia da.
Esan dut, aita. Zuri hain deseroso egiten zitzaizun egia azaleratu dut. Beti geratuko zait zalantza denborarekin lortuko ote nuen zu begano bihurtzea. Zauden lekuan zaudela, eskerrik asko eta ziur egon zure legatua beti egongo dela nigan.





