Urrirantz, gure baserrietan artaburu helduak batzen ziran etxera eroateko. Behin etxeraz gero, artazuriketa zan beharretariko bat, hau da, kapaxak kentzea. Gaurkoan kapaxak aitatuko doguz euren erabilerak azaltzeko. Artaburu-kapaxak ganaduen jakirako erabiltzen ziran batez be, baina kapaxa finenak eta bigunenak lastamarraga eratzeko be bai. Lastamarraga gaur eguneko koltxoien «arbasoa» dala esango geunke. Lehenago zoruan egiten zan lo eta geroagora zorutik gorako lau hankadun oheak sortu ziran. Hasierako oheotan lastamarraga erabiltzen zan. Horretarako ohearen luze-zabaleko zaku bat eratzen zan, kapaxa bigunez bete eta josi. Gero ohe gainean bardindu eta prestatu etxuteko. Etxukeran eroso egoten zan lastamarraga baina egonean, gogortu egiten zan eta barriz astindu behar. Geroagora ardi-lanazko koltxoiak etorri ziran, garbiagoak eta erosoagoak. Koltxoiak ezeze, oheak eurak be asko aldatu dira zer gura eta haxe daukagularik. Gaur ez dago lehengorik, baina «astindu» aditza gaur be bizirik daukagu «ohea astindu» esamoldean. Gure euskera zaharrak badauka lekua gaurko munduan be. Horretarako nondik gatozen ezagutu behar dogu nora goazen jakiteko. Hala bedi!
«Lastamarraga», Manu Etxebarria


