Smartphone-eskuraketa atzeratzeko bideari ekin diote elkarrekin Unkinak, Gandasegik, Elexalde BHIk eta familiek. Eskuraketa goiztiarrak haur eta nerabeengan izan ditzakeen ondorioek sortzen duten kezkari erantzuteko egitasmoa da.
Elexalde BHIko zuzendaritzak eta Guraso Elkarteak, Unkina eta Gandasegi eskoletako zuzendaritza eta guraso elkarteekin elkarlanean, smartphone-eskuraketa goiztiarrak haur eta nerabeengan izan ditzakeen ondorioek sortzen duten kezkari erantzuteko egitasmo bateratua abiatu dute.
Lehen urrats gisa, Elexalde BHIko familien iritzia jaso da galdetegi baten bidez. Jasotako erantzunek agerian utzi dute familia askok kezka partekatzen dutela gai horren inguruan. Horren ondorioz, gaia sakonago lantzeko eta familien arteko hausnarketa sustatzeko hainbat ekimen jarri dira martxan.
Testuinguru horretan, ekainaren 2an familien arteko hausnarketa-saioa egin zen Elexalde BHIko Areto Nagusian. Bertara gonbidatu ziren Unkina eta Gandasegi eskoletako LH6ko familiak eta Elexalde BHIko DBH1eko familiak. Topaketa Elexalde BHIn egiteak esanahi berezia izan zuen; izan ere, gaur egun LH6n dauden ikasleak datorren ikasturtean Elexalde BHIko ikasle izango dira, eta smartphone-eskuraketa atzeratzeko sustatzen ari den hausnarketa eta lankidetza-prozesuan hasieratik parte hartzeko aukera izango dute haien familiek.
Saioan smartphoneen erabilera goiztiarrak ekar ditzakeen arriskuei buruz hausnartu zen, seme-alabak babesteko estrategiak eta aholkuak partekatu ziren, eta familien arteko sarea indartzearen garrantzia azpimarratu zen, elkarri laguntzeko eta esperientziak partekatzeko helburuarekin.
Topaketan 25 familia inguru bildu ziren, eta balorazioa oso positiboa izan da. Bertaratutakoek beren kezkak, zalantzak eta bizipenak partekatzeko aukera izan zuten giro hurbil eta eraikitzaile batean. Elkarrizketek agerian utzi zuten familia askok antzeko erronkak dituztela, eta elkarrekin jarduteak indarra ematen diola gai honi aurre egiteko.
Aurrera begira, hiru hezkuntza-komunitateek elkarlanean jarraituko dute. Irailean familien arteko konpromiso partekatu bat adosteko aukera landuko da, smartphone-eskuraketa ahalik eta gehien atzeratzeko helburuarekin. Horrela, datorren ikasturtean Elexalde BHIra etorriko diren ikasleen familiak ere ekimenaren parte aktibo izango dira hasieratik.
«Eskerrik asko topaketan parte hartu zuten familia guztiei. Guztion artean, gure seme-alaben ongizatea zaintzeko bidean urrats sendoak ematen ari gara», adierazi dute eskolek.




