Galdakaok 14,8 milioi euroko aurrekontu aldaketa onartu du, bi urtetan burutzeko
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Legegintzaldi honetako azken Ohiko Osoko Bilkura antolatu zen atzo Galdakaoko udaletxean, eta eztabaida sortu zuen punturik garrantzitsuenetako bat —Galdakao Oroimenaren aferarekin batera— Udal Gobernuak proposatutako aurrekontu aldaketa izan zen, bi urterako proposatutakoa eta 14,8 milioi eurotan oinarritutakoa. Onartu egin zen azkenik.
Polemika artean bero etorri zen atzoko Galdakaoko Udaleko Ohiko Osoko Bilkura, legegintzaldiko azkena eta udalbatza aretoa herritarrez lepo izan zuena. Eztabaida, bereziki, gai bik ekarri zuten: Udal Gobernuak bozketara eraman duen aurrekontu aldaketa, 14,8 milioi eurotan oinarritutakoa, eta Galdakao Oroimena atariaren aferan EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioa.
Albiste honetan aipatutako lehenengo gaiak eztabaida ekarriko zuela aurreikusten zen, aurreko egunean Galdakaoko EAJk egindako salaketa publikoa dela eta. Alderdi jeltzaleak, eta Binkek aurretik batutako albistean batu zuenaz gain, atzoko bilkuran adierazi zuen «aurrekontu aldaketa hau desegokia dela forman eta denboran», Ruben Seoane zinegotzi jeltzalearen hitzetan.
Hainbat argudioren artean datu bi eman zituen Seoanek aurrekontu aldaketa honen aurka bozkatuko zutela arrazoitzeko: «Ez da egia, esaten duzuenaren kontra, aurretik egindako aurrekontu aldaketetako exekuzio-maila %75ekoa denik; gainera, hau onartzearekin Udal honen defizita minus %26ko kopuruetara eramango duzue». Jeltzaleen ustez, aurre-kanpaina betean hau proposatzea «populista eta partidista» da.
Atxiki gabeko zinegotziak eta PSE-EEk, bakoitzak bere aldetik, aurrekontu aldaketa honen aurka ere egin dute «hauteskundeen atarian» egitea leporatuta eta «urte betean exekutatzeko zailak diren proiektuak» direla salatuta. «Informe teknikoek guzti hau aurrera ateratzea ezinezkoa dela diote», esan du Txema Larrazabal zinegotzi sozialistak. Atxiki gabeko zinegotziak, Miguel Ángel Martinek, galdetu ere egin zuen: «Zergatik informe hau Olaia Parrak sinatu du, Transparentzia eta Kultura zinegotziak, eta ez Javier Ibarretxe Promozio Ekonomikoko zinegotziak sinatu beharko lukenean?».
Hala ere, Olaia Parrak zein Asier Egiraunek ere, aurrekontu aldaketa honekin burutuko diren proiektu batzuen berri eman zuten, besteak beste: Aperribaiko eskolako estalkia konponduko da, auzoetako irisgarritasuna hobetzeko estudioak egiten jarraituko dira, urrutien dauden auzoetako bizilagunak garraio publikorik hurbilenera gerturatzeko martxan jarri gura duten ‘auzo-taxi’ proiektua, Zabalganeko igogailua, Aperribaiko bosgarren igogailua, Emakumeen Etxearen eraikuntza, Adinekoen Etxearen handitzea, Kolitzamendi kaleko zabor bilketa neumatikoa, Pontzi Zabala kalean arrapala mekanikoak jartzea goialderaino, Torrezabaleko zinema aretoa berritzea, Olabarrietako haur eskolaren aterpea, Unkinako futbol zelaiko eta kiroldegiko argiak aldatzea, Urretako kiroldegia handitzea…
«Gure helburua beti izan da herritarrei hitz emandakoa betezea, eta horretara dator aldaketa hau, gaur hemen onartzea espero duguna», adierazi zuen Egiraunek, Hirigintzako zinegotziak. Gainera, oposizioko PSE-EEk eta atxiki gabekoak sarritan aipatzen zuten datuari erantzun ere egin zion EH Bilduko zinegotziak, esanez: «Guk ez dugu inoiz esan 14,8 milioiko kreditu gehigarri hau hauteskundeen aurretik inbertitu behar direnik, ezta urte honetan ere ez, hamaika bider esan dugu aurrekontu aldaketa hau bi urtetan burutzeko onartu gura dugula».
Egiraunen hitzarte berean, koalizio abertzaleko zinegotziak zera gaineratu zuen, datorren Udal Gobernuari begira: «Hauteskundeen osteko hilabeteak ezin izaten dira hain eraginkorrak izan, eta malgutasun gutxiago egoten da proiektuak aurrera ateratzeko urteko aurrekontu arruntarekin. Kreditu gehigarri honekin beraz, datorren Udal Gobernuak lanean jarraitzeko aukera izango du».
Horrela ba, bozketara igaro ziren: Udal Gobernuko taldeetako kide guztiek —EH Bildu, Auzoak, Usansolo Herria eta Podemos— 14.839.084,48 euroko kreditu gehigarriaren alde bozkatu zuten, Auzoak plataformako Javier Ibarretxek izan ezik. Azken honek abstentziora jo zuen EAJko eta PSE-EEko kideekin batera. Aurka bozkatu zuen bakarra atxiki gabeko zinegotzia izan zen.