Ingurumenaren aldeko bederatzi konpromiso hartu dituzte Galdakaoko ikasleek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Eskola Agenda 2030 egitasmoan parte hartzen duten Galdakaoko ikastetxeetako ikasleak Udaleko ordezkariekin batu ziren pasa den astean. Bilera honetan «udalerri jasangarria egiteko» bederatzi konpromiso hartu zituzten ikasleek. Albiste honetan batu dugu konpromisoen zerrenda.
Galdakaoko Udaleko ordezkariak eta Eskola Agenda 2030 egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasle zein irakasleak pasa den astean batu ziren Udaleko ordezkariekin udaletxeko pleno aretoan, ingurumenari buruz aritzeko.
Bileran Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea, Ainara Tellaetxe Ingurumen teknikaria, eta Andra Mari Bengoetxe, Elexalde zein Eguzkibegi ikastetxeetako ikasle eta irakasleen ordezkaritza bat izan ziren. Bertan, ingurumena zaintzeari begira hartzen ari diren neurriak kontatu zizkieten elkarri eta ondoren, ikasleek, euren artean adostutako bederatzi konpromisoen berri eman zuten.
Ikasturtean zehar udalerriko eta nork bere ikastetxeko egoerak aztertu dituzte ikasleek eta ondoren «ingurumena zaindu eta errespetatzeko konpromisoa» hartu dute. Zehazki, bederatzi oinarri hauek zehaztu dituzte «udalerri jasangarriagoa» egiteko:
- Oinez edo garraio publikoan mugitzen saiatuko dira ikasleak, eta etxekoak gauza bera egitera bultzatuko dituzte.
- Denda txikietan kontsumituko dute.
- Haurtzaindegiengana zuzendu, eta pardel berrerabilgarriak erabil ditzaten saiatuko dira.
- Ahal dutenetan, oihalezko zapiak erabiliko dituzte.
- Etxekoei bertoko produktuak erosteko esango diete.
- Ez dute janari prestaturik erosiko supermerkatuetan.
- Zaborra ondo sailkatuko dute.
- Erosketak egin aurretik erosketa zerrenda egingo dute, gehiegizko kontsumoa saihesteko.
- Ikastetxeetako espazioa ondo aprobetxatuko dute ortua egiteko, eta landutakoa jantokian kontsumituko dute.
Bestalde, elkarlanean ekintza bat garatzea ere proposatu diete ikasleek Udalari: ostegunetako merkatuan bigarren eskuko produktuen postu bat jartzea eta bildutako dirua elkarte bati ematea, beharrak dituzten herrialdeetan autokontsumorako baratzeak errazteko.
Udalak ekintza asko dagoeneko martxan daudela azaldu zien ikasleei; besteak beste, poltsa berrerabilgarriak banatzen dituztela aldiro, bertoko nekazal produktuen azoka sortu dutela eta ostegunero egiten dela azoka hori, eta bertoko denda txikiak sustatzeko bono dendak kaleratzen dituztela aldiro.
Bestetik, martxan ez dauden proposamenak egingarri diren aztertuko dutela esan zieten alkateak eta teknikariak ikasleei, eta elkarlanean aritzeko gonbidapena onartu zuten, egindako ekarpenak eskertuta.