«Norbere zirrikituak ezagutzen», Irati Bediaga
Neuretik
Irati Bediaga Rementeria
BINKE / 2020ko maiatza
Norbere zirrikituak ezagutzen
Aitorrek atzerrira bidaiatzen du ahal duen guztietan beste kultura batzuen egarriz. Baina ez da inoiz Ipar Euskal Herrian egon. Pastoral eta Maskaradak entzunak ere ez zaizkio egiten.
Ainhoak 14 urte ditu eta bikotekidea du. Ezagutzen du mutilaren zakila nolakoa den eta koitoa praktikatzea zer den. Baina inoiz ez du denbora pasa bere aluari begira, inoiz ez dio bere klitorisari igurtzirik egin.
Gorkak psikologiako karrera ohorezko matrikulekin amaituko du. Psikoanalisia, konduktibismoa, kongnitibismoa… denetan sakondu du. Baina oraindik ez daki antzematen zergatik sentitzen den arnasa hartu ezinik, paparra itxita eta negar gurarekin azterketa aurreko egunetan.
Uda heltzear dago eta Mirenek dieta milagroso horietako bati ekin dio. Laxanteak eta alkatxofak, besterik ez. Pozik dago kanpoko ahotsei entzuten zein lirain dagoen horren argal. Baina barruko oihuei entzungor ari zaio: hezurrak ahultzen, hesteak alfertzen eta hilerokoa desagertzen ari zaiola.
Institutuko filosofiako irakasleari esker Ametsek badaki nola pentsatzen zuten Platonek, Descartesek eta Kantek. Baina oraindik ez daki berak nola pentsatzen duen, ez diote bere galdera ikurren inguruan hausnartzen irakatsi.
Benetako altxorra den gure lurra, gorputza eta burua ez ditugu ezagutzen, deskubritzen. Kanpoa ezagun dugu eta barrua arrotz. Goazen periferia itzali eta barnera soa luzatzera. Mikel Laboak zioen antzera gure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkigunean hasten baikara gure barruan pizten diren bazter miresgarri horiek ikusten.