«Andra Mari eliza emakume batek eraiki zuen», Aitzol Altuna
Lehoinabarra
Aitzol Altuna Enzunza
BINKE / 2023ko urria
Erdi Aroko Bizkaiko eliza asko udal-batzar zuhaitzetatik oso gertu eraiki zituzten jauntxoek, baseliza zaharrak berriz, baserritarrek auzolanean euren auzo-batzarretarako, baina ia sekulan ez Eliza Katolikoak. Iturriza historia idazleak, 1793an esan zuen: «Andra Mari izena duen parrokia bat du, bata Etxebarrin eta bestea Bediako Kolazioan, antzinako erlazioen arabera Galdakanoko Santxo zaldunak eraikia, Nafarroako erregearen ahaidea 1200. urte inguruan», Santxoren hilobia eliza barruan dagoen estalki zurikoa dela esaten da.
Fernán Pérez de Ayalak 1371an idatzitako liburuan, hauxe esaten da: XII. mendearen amaieran Nafarroako Estatuaren parte ginenean, azken Abendañotarra umetan Arratiara ihesi etorri zela inudeak ekarrita, bere familiak gasteiztarrekin edukitako borroka latz baten ostean. Seguruenik, orduan Galdakao zen Bediako Tosubando dorretxera, bertan, Galdakanoko Santxoren semeak artatu zuen, bere osaba amaren partez. Ezer gutxi gehiago dakigu Galdakano deitzen zen familia honetaz, XIII. mendean Bizkaiko buru zen Bermeon baserri bat zutela soilik.
Andra Mari elizaren atearen barnealdean, Santxoren familia osoaren bustoak daude, baina kanpoko arkuko bustoak emaztearenak eta semearenak dira soilik, K.M. de Barañano eta F.J. González de Duranaren lanaren arabera. Erdi Aroan, elizako arkuen kanpoko aldean jartzen ziren eraikitzaileen bustoak, Araban oso sarri goi mailako andrazkoak izaten ziren diru-jartzaileak eta Santxoren emazteak bezala txano kizkurrak eramaten zituzten. Beraz, litekeena da emakume honek ematea Galdakaoko Andra Mari eliza eraikitzeko dirua.