Herrietako batzordeak prest, norberaren txanda da Euskaraldian
Izan Ahobizi edo Belarriprest
BINKE / 2020ko urria
Herrietako batzordeak prest, norberaren txanda da Euskaraldian
TESTUA ETA ARGAZKIA: Iñigo Larrea Labarrieta
Bai Galdakaok eta bai Usansolok Euskaraldiko batzorde bana izango dute. Aurtengo edizioak jada martxan darrai eta azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte izango dugun ekitaldia gero eta hurbilago daukagu. Edizio honetan hainbat berrikuntza aurkeztuko dira eta parte hartze zabala espero da.
Galdakaoko Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia pasa den urriaren 13an egin zen, eta bertan, aurtengo Euskaraldiak izango dituen nondik-norakoak zehaztu ziren. Aurten entitateen parte hartzea sustatu da, eta kolektiboaren figurari emango zaio garrantzia. Hori dela eta, Belarriprest eta Ahobizi rolekin batera Ariguneak aurkeztu dira 2020ko edizio honetan.
Ariguneak euskaraz aritzeko gune sinbolikoak dira, eta hauen helburu nagusia gizarte aktibazioa aldarrikatzea da. Galdakaok Euskaraldiarekiko jarrera baikorra erakutsi du, 120 entitatek baino gehiagok baiezkoa eman dutelako eta 240 Arigune baino gehiago sortu direlako. Ezin daiteke ahaztu norbanakoak ere bere zeregina izango duela, Belarriprest eta Ahobizi rolek aurreko urteetan bezala martxan jarraituko dutelako. Horren harira, Ahobizi kontzeptua euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo duen hiztuna izango da, eta Belarriprest, berari euskaraz egin diezaioten eskatuko duena eta bera ere ahal den heinean euskaraz saiatuko dena.
Bestalde, Euskaraldian parte hartu nahi dutenek hiru modu dituzte izena emateko: web orrialdetik —www.euskaraldia.eus—, Galdakaon zehar hainbat komertziotan jarriko den QR kodea eskaneatuz edota lokalean bertan egongo diren eskuorriak betez. Izan ere, lokala izena eman nahi dutenentzat, materiala erosi nahi dutenentzat eta informazioa behar dutenentzat jarri da Bilbo kalean —ESAN bulegoaren ondoan—, eta ordutegia hurrengoa izango da: astelehenetan 09:00etatik 13:30era, asteazkenetan 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, eta ostiraletan 16:00etatik 20:00etara.
Horrez gain, lokalean hainbat produktu salduko dira; hala nola, kamisetak, poltsak, amantalak… eta baita banderak ere. Banderen eginkizuna gure herria Euskaraldiaren koloreekin janztea eta mugimendua ikusgarriago egitea da, eta lortutako dirua krisiaren eraginez arriskuan dauden euskara egitasmo eta ekitaldiak babesteko erabiliko da; baina gehienbat, Euskaraldia Euskal Herri osotik zabaltzeko. Gainera, ekimena bukatu arte, ostiralero eta larunbatero herritik zehar mahaiak jarriko direla, Euskaraldiko materiala erosteko, izena emateko eta informazioa eskaintzeko.
Usansoloko Euskaraldiari dagokionez, herri batzordea jada martxan dago. Hasiera batean nahiko estu ibili ziren, ekainean egindako bileran sortutako batzordea oso ahula zela ikusi baitzuten, hala kontatu diote Binkeri. Baina irailaz geroztik eta beste hainbat bilera egin ondoren, talde berriak aurkeztu dira Usansoloko Euskaraldiaren batzordean lan egiteko. Momentura arte, bertako herritarrek jarrera baikorra aurkeztu dute, 20 entitatek baino gehiagok baiezkoa eman dutelako eta 40 Arigune baino gehiago sortu direlako. Usansolok ere modu presentzialean izena emateko aukera eskaini du, horretarako, 12:30etik 14:30era bitartean Kuluxka taberna aurrean edo La Caixaren egoitzaren aurrean igandero mahaiak jarriz.
Egin bat zuk ere!
Herrietako batzordeekin harremanetan jartzeko helbideak:
usansolo@euskaraldia.eus
galdakao@euskaraldia.eus