Usansoloren segregazio prozesuak haserrea eragin du EAJ eta EH Bilduren artean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
EAJ-PNVK mozioa aurkeztu zuen atzo, Galdakaoko udalbatzak egindako osoko bilkuran, Usansoloren segregazioa ahalbidetzeko PSOEk eta jeltzaleek lortutako akordioa «balioan jarri» eta Iñigo Hernando alkateari «aurrerapausoak ematen hasteko» eskatzeko. Honen aurrean, EH Bilduk adierazi du «ez dela onargarria EAJ-PNVk berari ez dagozkion dominak zintzilikatu nahi izatea, ez delako bidezkoa ez Usansoloko bizilagunentzat, ezta UH plataformarentzat ere».
Galdakaoko udalbatzak atzo, azaroak 29, egin zuen osoko bilkura eta beste gai batzuen inguruan erabakiak hartu ziren arren, Usansoloren segregazio prozesua izan zen eztabaidagai nagusia alderdien artean.
EAJ-PNVk mozioa aurkeztu zuen jeltzaleek PSOErekin Pedro Sanchezen inbestidurarako egindako negoziazioen baitan lortutako akordioa balioan jartzeko: «Akordio honen bidez, Galdakaoren eta Usansoloren arteko hitzarmenen eszenatoki bat irekitzen da Udal berria osatzeko eta Usansolo Bizkaiko 113. udalerria behin betiko eratzeko». BINKEk jaso zuen moduan, udalerri izateko biztanle kopuruaren exijentzia 5.000tik 4.000ra jaisteko konpromisoa hartu zuten sozialistek akordio honetan.
«Usansoloren segregazioari buruz EAJ-PNVk hartutako konpromisoa hitzarmen honekin beteko da eta ildo horretan, EAJ-PNV Galdakaok gobernu taldeari laguntza emango dio batzordearekin batera segregazio prozesu eraginkorra egiteko beharrezkoak diren ekintza guztietan», adierazi zuen Galdakaoko EAJ-PNVk.
Halaber, Ainhoa Agirregoikoa jeltzaleen bozeramaileak urratsak ematen hastea eta koordinazio-ekintzen ibilbide orria eta egutegia prestatzeari ekin dezala eskatu zion Iñigo Hernando alkateari. «Usansoloko Kudeaketa Batzordeaz gain, Galdakaoko Udalak segregazio prozesuan betetzen duen papera ere oso garrantzitsua da, aurrerapausoak eman daitezkeen heinean», azpimarratu zuen Agirregoikoak.
Guzti honen aurrean eta mozioa onartu ez zen arren, EH Bilduk erantzuna eman die jeltzaleen adierazpenei. «Ez da onargarria EAJ-PNVk berari ez dagozkion dominak zintzilikatu nahi izatea. Ez da bidezkoa ez Usansoloko bizilagunentzat, ezta Usansolo Herria plataformarentzat ere, horiek baitira Usansoloko segregazioarekin zerikusia duten lorpen guztien benetako bultzatzaileak», aldarrikatu dute alderditik, EAJ-PNVk Usansoloren segregazio prozezua «oztopatu duela» nabarmenduz.
Bestalde, EH Bilduk uste du «ez dela zilegia» Hernandori egindako eskaera: «Alde batetik, hau da inplikatutako hiru erakundeen arteko elkarlanaren unea, Bizkaiko Foru Aldundia, Usansoloko Kudeaketa Batzordea eta Galdakaoko Udala, alegia; eta prozesua norbaitek gidatu behar badu, hori Usansoloko Kudeaketa Batzordea da».
Azkenik, nabarmendu dute 2019an Udal Gobernuan sartu zirenetik, EH Bilduk Usansolo Herria plataforma gobernu-taldeko kide izatera gonbidatu zuela, «zeregin horiek bete zitzan». «Harro gaude egindako lanaz eta arduraz jokatzen jarraituko dugu Usansolok azken urratsa eman arte, eta herri gisa eratu ondoren, zerbitzuen eta ondarearen transferentzia modu lasai eta ordenatuan egin dadin lagunduko dugu», azaldu du EH Bilduk.