Karmele Gorroño ilustratzaileak eskaini du gaur Sormeneko lehenengo tailerra
Sormene
BINKE / 2020ko abendua
Karmele Gorroño ilustratzaileak eskaini du gaur Sormeneko lehenengo tailerra
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIAK: Binke
Abenduak 14 dituela gaur, astelehena, hasi da Sormene «sorkuntzen Galdakaoko plaza» berria. Udalak egin du sarrera eta jarraian Irrimarra ilustrazio taldeko Karmele Gorroño galdakoztarrak eskaini du ekimenaren lehenengo tailerra.
Galdakaoko Udalaren agurrarekin ekin dio Sormenek. Bertan izan da Edurne Espilla, Udaleko euskara eta hezkuntza zinegotzia jaio berri den proiektuaren nondik norakoak azaldu, eta horrekin batera euskal kulturak ekosistema gisa jardun behar duela nabarmenduz: sortzaileak, ikusleak edo hartzaileak, komunikabideak, eskolak, eta beste hainbat norbanako zein talde, modu bateratuan jardun behar dutela esanez, alegia.
Aurrekoaz gain, egun euskal kulturan oreka falta nabarmena dagoela, eta hizkuntza honek, hots, euskarak, Euskal Herritik at hedatzeko aukera urriak dituela esan du ere bai. Amaitzeko, disziplina desberdinetan kokatzen diren eskaintza berriak euskaraz egon badaudela —trapa edo regetoia kasu— azpimarratu du Udaleko ordezkariak.
Ondotik etorri da Sormeneren baitako lehen eskaintza: Irrimarra. Karmele Gorroño galdakoztarrak eta Irene Irureta zumaiarrak osatzen dute ilustrazio talde hau, eta hainbat dira jada urte hauetan beste kide batzuekin batera kaleratu dituzten liburuak: «Altzoko Handia eta Kutixiren mehatxua», «Badaukat nire zulotxoan», edo «Ametsen basoa», batzuk aipatzearren. Hala ere, gaurkoan Karmele aritu da bakarka bikotearen ordezkaritza lanetan, Galdakaoko ikastetxe desberdinentzako ilustrazio ikastaro bat eskaintzen.
Egiten dituzten irudi guztietan atzetik mezu bat egon ohi dela azpimarratu du galdakoztar ilustratzaileak, eta hau azaltzeaz gain Irrimarra proiketuaren hainbat xehetasun azaldu ere bai, tartean, lan koolaboratiboa egiten dutela, hasieran jolas baten antzera hasi zela, edota emaitza onak lortu nahi badira bien arteko komunikazioak berebiziko garrantzia duela esanez. Horretaz gain, ikasleekin batera jolas txiki bat egin du ere bai: bikote bat aukeratu, batek ikusten zuen irudia deskribatzen zuen, kideak aldiz entzuten zuen hori irudikatu behar zuen paperean. Tailerra bukatzeko, haurren galderak erantzunez biribildu du saioa Gorroñok.
Gaur, astelehena, arratsaldean bertsoa eta antzerkia uztartuko dituen «Erradikalak ginen» saioa izango da, 19:00etan Torrezabal Kultur Etxean, Ane Labaka eta Beatriz Egizabalekin. Doako sarrera da eta gonbidapenak saioaren aurretik eskuratu ahal izango dira Torrezabaleko lehiatilan bertan. Bertaratu ezin duenak, Binkeren webgunearen hasiera-orritik ere jarraitu ahal izango du zuzenekoa streaming bidez.