Zuriñe Gutierrez: «Eskertuta nago, une gogorretan herria beti egon da laguntzeko prest»
Zuriñe Gutierrez, So Much
BINKE / 2024ko otsaila
Galdakaori urte gutxi lotuta daramatza Zuriñe Gutierrezek (1992, Astrabudua) eta «pixkanaka-pixkanaka» herrian lekutxo bat egiten saiatu da. Duela bost urte zabaldu zuen Juan Bautista Uriarte kalean kokatuta dagoen So Much denda eta hasiera batean arropa bakarrik saltzen bazuen ere, hori baino askoz gehiago bihurtu da denborarekin.
Zergatik erabaki zenuen Galdakaon denda bat irekitzea? Jende asko harritu zen denda Galdakaon jartzea erabaki nuenean, hemengoa ez izanda, baina, egia esan, Galdakao nahiko herri bizia eta giro ederrekoa iruditu zait beti. Pentsatu nuen So Much bezalako denda gazte eta gaur egunekoa oso ondo egokitu litekeela horrelako herri batean.
Duela gutxi bete dituzu bost urte denda ireki zenuenetik. Nola ikusten duzu zure negozioa une honetan? Egia da oso une zailak igaro ditugula. Ez naiz Covid-ari buruz bakarrik ari, gerrek eta hauen ondorioz eragindako inflazioak ere eragin handia izan dute. Jendearengan ziurgabetasuna sortzen duen oro zulo bat da gure egunerokotasunean. Hala ere, zorionekoa naiz hemen jarraitzen dudalako eta jendeak nire alde egiten jarraituko duelako. Babesa sentitzen dut.
Zuretzat, garrantzitsua da jendeak herrian kontsumitzea? Hil edo bizikoa da! Zer gertatuko litzateke Galdakao herriko dendarik gabeko herri bat izango balitz? Oso garrantzitsua iruditzen zait jendeak herrian kontsumitzea eta erosketa bakoitzaren atzean zer dagoen pentsatzea, besteak beste, nori laguntzen diogun eta zer sustatzen dugun. Herrian ez kontsumitzea herria grisagoa eta lokal itxiz beteta egotea egingo luke.
Arropaz gain, zer aurkitu daiteke So Muchen? So Much ez da arropa denda bat bakarrik… Bai, neurri handi batean, baina bisuteria ere badago, lore sorta lehor eta zainduak, tokiko markak, hala nola, Ene Kreazioak… Baina niretzat garrantzitsuena da transmititzea So Much estilo bat eta arima duen denda dela, beraz espero dut bisitatzen gaituen jendeak hori sentitzea.
Nola ikusten duzu denda txikien egoera Galdakaon? Egia esanda, uste dut zaila dela, beste herri batzuetan bezala, enpresa handiek kalte handia egiten dute beti… Zaila da jendea motibatzea, geure burua ikusarazten ahalegintzen garen arren. Beraz, herriko jendea animatzen dugu tokiko merkataritza sustatzeko egiten diren ekintza guztietan parte hartzera.
Herriko jendearen berotasuna sentitzen duzu? Bai, zorte handia izan dut! Lehen egunetik saiatu naiz neure burua ezagutzera ematen, eta uste dut pixkanaka-pixkanaka, Galdakaok maitasunez hartu nauela. Oso eskertuta nago une gogorretan herria beti hor delako laguntzeko. Eskerrik asko benetan Galdakao!