Bideo-joko berria sortu dute Galdakaon, doan eta euskaraz
Kokojokoa
BINKE / 2021eko urtarrila
Bideo-joko berria sortu dute Galdakaon, doan eta euskaraz
TESTUA: Iñigo Larrea Labarrieta
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Kokoak egitasmoa osatzen dute Eider Eibar eta Iskander Sagarminagak, eta egitasmoaren proiekturik handiena aurkeztu dute: haurrentzako Kokojokoa bideo-jokoa, doan eta euskaraz.
Kokojokoak erabiltzailearen irudimena piztea helburu duen euskarazko joko interaktibo berria da. Jokoaren oinarria kokoak bilatzea da lau prestaketa jokoren bitartez: «Argia piztu, brotxara jauzi, kitarra-artazia jo, emozioa aukeratu» eta beste lau joko nagusiren bitartez, kukua —bikote jokoa—, oker-ker —segida jokoa—, klix-klax —puzzle jokoa— eta bor-bor —emozioen jokoa—. Jokalariak behar beste denbora har dezake joko bakoitzean, ez baitago denbora tarterik jokoa osatzeko. Bertan azaltzen diren joko guztiak dinamikoak dira, erabiltzaileak aukeratzen baititu pertsonaiak egin beharreko ekintza guztiak.
Berez, haur txikiei zuzenduta dago Kokojokoa, «baina marrazki bitxietan interesa duen edonork goza dezan sortu dugu proiektua», diote bilbotarra den baina Galdakaon bizi den Eider Eibar ilustratzaileak eta Iskander Sagarminaga informatikari galdakoztarrak.
Io izeneko pertsonaiak ezinbestean jokalariaren laguntza izango du, bere laguntzarekin koadernoan gorde diren zazpi koko aurkitu beharko dituelako. Aurkikuntza lanak egin ahala, jokalariak buruari ekingo dio eta irudimena garatzen hasiko da. Joko guztian zehar irudiek garrantzi handia hartzen dute eta horrek hein handi batean jokalariaren irudimena pizten laguntzen du. Irudiez aparte, azalpen laburrak ematen dira jokoan zehar erabiltzaileak protagonistaren istorioa jarrai dezan eta adi egon dadin. Behin burua ideiaz beteta dagoenean, Kokojokoa sortu duten artistek pantaila itzali eta marrazkiak edota eskulanak egitera animatzen dituzte jokalariak.
Sagarminaga eta Eibar bikotea duela urtebete hasi zen jokoa sortzeko proiektuarekin.
Dena hasi zen Harrobia fundaziotik haurrentzako euskarazko bideo-joko bat egiteko ideia iritsi zitzaienean. «Horrela, Zuri Alvarezek ideia botata eta Josu Cobelo programatzailearekin, aurretik sortuta genituen kokoekin bideo-jokoa egitera animatu ginen».
Horretarako laguntza jaso izan dute Eusko Jaurlaritzaren euskara ingurune digitalaren bitartez. Aipatzekoa da ere jokoa hainbat artista euskaldun elkarlanean aritzearen emaitza izan dela. Eibar bera ilustrazio lanak egiteaz arduratu da, bere eginkizuna jokoan zehar irudikatuta dauden pertsonaia eta marrazkiak sortzea izanik. Idazle eta bertsolaria den Miren Amuriza testuaz arduratu da, eta jokoaren testu eta azalpen guztiak berak egin ditu. Azalpenak irakurri edota entzun daitezke eta hitzak musikaz laguntzeko Mikel Iraurgi galdakoztarrak proiektuari musika jarri dio. «Jokoaren soinu banda sortzeaz arduratu da artista galdakoztarra, eta sortu dituen abestiak espreski Kokojokorako sortu ditu», dio bikote sortzaileak.
Android edo iOs gailuetan deskargatu daiteke jokoa, edo webgunetik bertatik jokatu. Hiru plataformetan doakoa da eta beste hainbat aplikazio ez bezala, jokoaz disfrutatzeko ez da inolako datu pertsonalik eman behar.