Elkarbizitza sustatzeko auzo bazkaria antolatuko dute Aperribain zapatuan
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Redes Aperribai elkarteak auzo horretako kultura aniztasuna uztartzen duen proiektua da eta urtean zehar hainbat ekintza antolatzen ditu «elkarbizitza komunitarioa» sustatzeko helburuarekin. Zapatuan, maiatzak 25, auzo bazkaria egingo dute Aperribaiko frontoian.
Duela zortzi urte jarri zen martxan Redes Aperribai elkartea, migranteek auzora heltzean faltan somatzen zuten sarea garatzeko helburuz. «Abiapuntua hori izan zen baina prozesuan beste hainbat behar detektatu ziren auzo honetan: arkitektura arazoak, zerbitzuen zentralizazioa Galdakaoko erdigunean, garraio arazoak, guraso bakarreko familiak…», azaldu du Naiara Ramos gizarte-hezitzaileak proiektuaren nondik norakoak azaltzeko gaur elkartearen egoitzan egindako agerraldian.
Hitzorduan Amets Iturbe Gizarte Ekintzako zinegotziak, Edurne Espilla Migrazio zinegotziak, Jon Gayarre, Udaleko Migrazio teknikariak, Belen Relea, Guadalupe Romero eta Irene Romero Aperribaiko Auzo Elkarteko eta Basandere emakume elkarteko kideak; eta Hanan Ben Makhotte eta Hajar Makhfi, proiektuan parte hartzen ari diren auzokideak parte hartu dute ere.
Iturbek azpimarratu dutenez, «Galdakaoko Udalaren helburua herrian ikuspegi komunitarioa eta inklusiboa txertatzea da, eta horretarako beharrezkoa da mota honetako proiektuak egotea eta Udala haiekin elkarlanean aritzea».
Urtean zehar migranteei laguntza eskaintzen die Redes Aperribai elkarteak eta hainbat ekintza antolatzen ditu baita, besteak beste, tailerrak, gaztelera eta arabiera klaseak, eta irteerak.
Halaber, duela urte batzuk auzo bazkaria jarri zuten martxan eta aurreko edizioetan elkartean parte hartzen dutenei zuzendu zuten. Aurten ordea, auzokide guztiei zuzendu dute eta zapatuan, maiatzak 25, antolatuko dute.
Bazkaria Aperribaiko frontoian izango da 13:00etatik aurrera eta jai giroa hartuko du umeentzako tailerrekin, magia ikuskizunarekin eta musikarekin. Auzoko emakumeek egindako oilaskoa eskainiko dute baina auzokideak animatu dituzte janaria eramatera eta «guztion artean elkarbanatzera».
Elkarteak martxan duen beste proiektuetako bat Armairu Solidarioa da. Honen bitartez boluntarioek arropa, jostailuak eta beste hainbat material ematen dute eta behar duten auzokideek handik hartzen dute. Eguaztenetan egoten da zabalik armairu honetan arropa eskaintzeko aukera, 16:30-19:30 ordutegian eta tarte honetan ere Ramos hezitzaileak laguntza eskaintzen die gerturatzen diren auzokideei.
Elkarteak egiten duenaren berri gehiago ezagutu daiteke haien Instagram kontuan edota 688727495 telefonora deituz.