Kaltetutako zuhaitzak aldatzen ari da Galdakaoko Udala
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko zuhaitzak hobetzeko planaren hirugarren faseari ekin dio Udalak. Kaltetutako edo gaixotutako zuhaitzen ordez zuhaitz berriak jartzen ari da, «espazio publikoak egoera onean mantentzeko asmoz».
Espazio publikoak egoera onean mantentzeko asmoz, Galdakaoko zuhaitzak hobetzeko planaren hirugarren faseari ekin dio Udalak. Zehazki, kaltetutako edo gaixotutako zuhaitzen ordez zuhaitz berriak jartzen ari dira.
Lanek sei hilabete inguruko iraupena izango dute eta Bizkai eta Juan Bautista Uriarte kaleetan hasiko dira. Bi kale hauek herriko luzeenetarikoak dira, baita zuhaitz gehienak dituztenetarikoak ere, beraz, etapa ezberdinetan jardutea erabaki zuen Udalak, herriko landareria suspertzeko plangintza egin zuenean.
Bizkai kalean jarraipena emango zaie duela bi negu hasitako ordezkapenei. Juan Bautista Uriarteren kasuan, berriz, zuhaitz berriak landatuko dira, batez ere kalearen hegoaldeko espaloian. Kale horretan, aurreko faseetan landatutako zuhaitz berriak berrantolatu eta hobetuko dira, eta aurreko zereginetan landatutakoak haztea zailtzen duten zuhaitzak kenduko dira. Azkenik, 32 zuhaitz gehiago landatuko dira, «erresistentziagatik eta ezaugarri apaingarriengatik hautatu direnak».
Halaber, udalerriko hainbat lekutan zuhaitzak berrituko dira, bandalismoagatik, istripuengatik edo bestelako arrazoirengatik antzemandako falten ondorioz:
- Gandasegin, Plaza Gorrian eta Simon Linazan 17 ale gehituko dira
- Juan Sebastian Elkanon sei ale berri landatuko dira
- Iturrondon lau zuhaitz berri landatuko dira
- Ganguren, Sixta Barrenetxea, Gernika eta Aranzelai kaleko 5-7 zenbakietan beste hiruna ale gehituko dira
- Zuhatzun, Ardanza parkean eta San Inazion bina zuhaitz berri gehituko dira
- Muguru kalean, Udal Igerilekuetan, Elexalden eta Lapurdin ale bana bat landatuko da
- Urretan zuhaitz bat ordeztuko da
Bestalde, Udalak egingo dituen hobekuntzen artean, berdeguneak eta ureztatze sistemak mantentzearekin eta hobetzearekin lotutako lanak eta hornidurak ere badaude. Besteak beste, ureztatze sistema automatizatuak konponduko dira, funtzionatzeko beharrezkoak diren osagaiak barne.
Herriko hainbat eremutan zuhaitzak eta landare apaingarriak ere landatuko dira, «espezie egokiak hautatuz eta ingurunera behar bezala egokitzen direla bermatuz». Azkenik, sasoiko lore bizien ekarpenak egingo dira eta zotalak jarriko dira eremu espezifikoetan, «espazio publikoak edertu eta egoera onean mantentzeko asmoz».
Hirugarren fase honetako jarduketen aurrekontu osoa 49.465,83 eurokoa da.