
Ibilaldia 2025eko abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte, Oxabi taldeak eginda
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ibilaldia 2025 bideoklipetik
Aurtengo Ibilaldiaren abestia eta bideoklipa Oxabi taldeak egin ditu, eta kantuaren letra ikastolako ikasle talde batek egin du. Gaur aurkeztu dute Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian, eta dagoeneko entzungai eta ikusgai daude, bai abestia zein bideoklipa bera. Ikusi eta entzun nahi?
Bigarrenez hartuko du Ibilaldia jaia Galdakaok. Lehenengo edizioa 2009ko maiatzaren 31n antolatu zuen Eguzkibegi Ikastolak, eta bigarrena aurtengo maiatzaren 25ean egingo du. Ekimenaren aurkezpen orokorra iazko ekainean egin bazuten ere —edizio honetako logoaren eta leloaren aurkezpenarekin—, atzerako kontaketa ofiziala bariku honetan egin dute, lepo bete den Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian. Bertan aurkeztu dituzte 2025eko Ibilaldiaren abestia eta bideoklipa.
Kantu berri batek jartzen die sintonia, urtero, euskararen eta ikastolen alde egiten diren jaiei. Bada, aurtengo edizioa doinuz janzteko ardura Oxabi taldeari eskaini dio Ibilaldiak, «Galdakogaz daukan harremanagatik eta gure herriko talderik ezagunenetakoa izateagatik», horretarako prestatu duten ekitaldian antolatzaileek azaldu duten bezala.
«Pozik eta hunkituta» hartu zuen enkargua Oxabik: «Galdakon sortutako taldea garalako, bai, baina batez be 2009ko Ibilaldiari zor deutsagulako gure taldeak formatu akustikotik elektronikora jauzi egin izana», azaldu du aurkezpenean Jon Gomez Garai taldekideak, eta horren xehetasunak Torrezabaleko oholtzatik eman: «Bost galdakoztar izan ginan taldearen sortzaileak —Asier Balentzia, Urtzi Enrikez, Jon Eguskiza, Aritz Uriarte eta bostak—, eta formatu akustikoan ibiltzen ginan —bateria, anplifikadore eta antzeko gailu barik— eta 2009ko Ibilaldiak kontzertua Iturrondon eskaintzeko proposamena egin euskunean pentsatu genduan aukera polita izan zitekela formatu handiago batean aritzeko».
Aurtengo Ibilaldiaren leloaren zati bat hartu du abestiaren izenburuak, ‘Magaletik herrire’, eta kantu zein bideokliparekin «alaitasuna, ‘rollo’ ona, positibotasuna eta kolorea transmitidu gura izan dogu», kontatu du Eneko Arraibi Zamalloa oxabitarrak. «Urtarrilaren 10etik 12ra bitarte grabatu genduan abestia, Gaua estudioan, eta bideokliparen grabaketa gehienak urtarrilaren 25 eta 26an egin genduazan, herriko toki ezbardinetan eta ikastolan». Aldiz, bideoklipeko benetako protagonistak «ez gara oxabitarrak izan, ikastola komunitatea osatzen daben ikasle, irakasle, langile eta gurasoak baizik; eurengaitik eta eurei esker egingo dalako Ibilaldia», zehaztu dute taldeko bi kideek.
Abestiaren letra, ordea, ez du talde berak egin, horretarako propio batu zen Eguzkibegiko ikasle talde batek baizik. Eta oholtzara ere igo dira bideoklipa erakutsi aurretik, euren lanaren eta egindako letraren inguruan aritzeko. Hauek izan dira letraren egileak: Amaia Gojenola Zorroza, Aritz Gortazar Tutor, Libe Dilan Bikim Euba, Naroa Elorriaga Zorroza, Nora Vellido Doistua, Oier Zelaia Belar, Urtzi Larrabeiti Zubero eta Uxue Rasche Cuñado. Lan horretarako Gotzon Barandiaran Arteaga poeta eta ikastolako ikasle ohiaren laguntza izan zuten.
Letraren egileen hitzetan «ohorea izan da neurri honetako jai baten letra egin ahal izatea», eta horretarako maiztasunez batzen ziren ikastolan bertan, «maila eta gela ezbardinetako DBH3 eta DBH4ko ikaskideak garalako», azaldu dute eszenatokitik.
Aurkezpen-ekitaldia Joana Lasheras eta Gaizka Uriarte ikastolako gurasoek aurkeztu dute, Arkaitz Estiballes bertsolari eta ikastolako ikasle ohiak kantuan eman dio ekitaldiari hasiera eta tartean Gorka Madrazo ikastolako irakasleak hitzordu honetarako beren-beregi prestatutako bakarrizketa umoretsua ere eskaini du. Gainera, Ibilaldiaren abesti ofizialeko dantza ere sortu dute Taupadak Dantza Eskolako kideek, eta dantzaren zatitxo bat erakutsi dute zuzenean ekitaldian dantzatuta.
Dagoeneko abestia entzungai dago Spotifyen eta bideoklipa osorik ikus daiteke YouTuben.