Ibaizabal ingurua berreskuratzea erabaki dute herritarrek
Aurrekontu parte-hartzaileak
BINKE / 2021eko iraila
Ibaizabal ingurua berreskuratzea erabaki dute herritarrek
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
«Ibaizabal ingurua berreskuratzea, bai komunikazio-bide gisa, bai erabilera ludiko eta turistikorako» proiektua da 2022ko aurrekontu parte-hartzaileetan 645 herritarren %65ak aukeratu duena. Bozketa eta proiektu honen nondik norakoak aurkeztu dituzte gaur Olaia Parra eta Maite Arandia zinegotziek eta Unai Amezaga udal-teknikariak.
Aurrekontu parte-hartzaileen ekimenez, uztailaren 25ean amaitu zen 12 proposamen zehatzen artean herritarrek bozkatzeko aukera. Epea pasata, balorazioa egin eta aukerarik bozkatuena zein den azaldu dute prentsaurrean Olaia Parra Parte Hartzerako zinegotziak, Maite Arandia Ogasun zinegotziak eta Unai Amezaga Parte Hartzerako teknikariak gaur, asteazkena.
Euren iritzia eta bozka eman gura zutenek 12 proposamenetik hiru aukeratu behar zituzten. Proposamen horien artean zeuden, adibidez, Galdakao seguruagoa eraikitzea, herria arnasgune berde bihurtzea, kulturarako lokalak eraikitzea edo adinekoen eta auzoen egoerak hobetzeko proiektu zehatzak. Aldiz, Galdakao arnasgune berde bihurtzea bigarren aukerarik bozkatuena izan bada ere —botoen %36,7arekin— aldea atera dio lehenengo proiekturik bozkatuenak: «Ibaizabal ingurua berreskuratzea, bai komunikazio-bide gisa, bai erabilera ludiko eta turistikorako». Botoen %65eko babesa jaso du Ibaizabal ibaia protagonista duen proiektuak, 645etik 413 botorekin.
Bozketa orokorrari kasu eginez gero, gehien bozkatu duten herritarrak 30-49 urte bitartekoak izan direla nabarmendu du Parra zinegotziak, parte-hartzaileen %43, eta zehaztu: «Bozkatu daben guztien %55 emakumeak izan dira».
Aurrekontu parte-hartzaileetarako batzorde mistoak osatu ziren, herritarren eta udal-teknikarien artean. «Proiektu irabazlea Mugikortasun Batzordean landu zan, eta polita izan zan herritarrak eta teknikariak alkarregaz plano baten bueltan lanean ikustea», aitortu du Amezagak. Orain, behin herritarrek zein proiektu gura duten jakinda, ibaia berreskuratzeko lanekin hastea dagokio Udalari, «URA agentzia egiten ari dan berbideratzeko lanekaz koordinatuta», erantzun du teknikariak prentsaren galderei erantzunez.
Proiektuaren diseinua egitea izango da hurrengo pausoa, alegia, ibaiaren inguruko lurrak norenak diren eta lursail bakoitzarekin zer egin daitekeen aztertzea eta txosten zehatza sortzea. Ostean erabakiko da oinezkoentzako eta bizikletentzako sortu gura duten ibilbidea nolakoa izango den eta zenbateko aurrekontua izango duen. Hala ere, aurrekontua aipatuta, Udal Gobernuak aurrekontu parte-hartzaileetarako bideratuta dagoen milioi euroa proiektu honetan inbertitzea aurreikusten du, eta datorren urtetik hasita, bi urteko epean lan guztiak exekutatuta izatea.
Ibaizabalen ertzean eskainitako prentsaurrea eskerrak emanez amaitu du Arandia zinegotziak: «Eskerrak emon gura deutsieguz herritarren batzorde mistoak dinamizatzen ibili diran guztiei, eta zelan ez, hauetan parte hartu daben zein euren iritzia boto bidez emon daben herritar guztiei be». Oso positiboki baloratu du Galdakaoko Udal Gobernuak ekimena, Arandiak baieztatu duenez, «aurtengo aurrekontu parte-hartzaileekaz herritar, alkarte eta auzo gehiagotara heldu garalako».