Aurrekontu parte-hartzaileak
BINKE / 2021eko ekaina

Uztailaren 12an irekiko da 12 proiektu-multzoren artean bozkatzeko aukera

TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai

Orain arteko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuetan jaso diren 618 proposamenak aztertu eta 25 aukeratu dira, 51 boluntariorekin batera 12 proiektu-multzotan banatzeko. Astelehenetik aurrera berriz, proposamen zehatzez osatutako 12 talde horien artean bozkatu beharko dute herritarrek. Hemen azaldu dugu zelan.

Orain arteko aurrekontu parte-hartzaileetan dirua zertan inbertitu proposatzea bazen helburua, aurten, orain arteko prozesuetan jaso izan diren eta bideratu barik egon diren 618 proposamenak landu dira. Proposamen guzti horietatik 25 aukeratu ziren —bideragarritasuna eta lehentasuna kontuan hartuta—, eta 51 boluntarioz osatutako bi taldek izan dute azken asteotan 25 proposamen horiek 12 multzotan sartzeko ardura.

Hamabi proiektu-multzoak gaika banatu dira, hala nola, segurtasuna —argiteria, pasabideak, trafiko arazoak…—, ingurugiroa —gune berdeak sustatzea, parkeen egoera aztertzea, garbiketa aferak…—, irisgarritasuna —auzoetako sarrerak hobetzea, espaloiak zabaltzea…— edo kultura eta aisia bezalako taldeetan banatuta. Proposamen zehatzak dira guztiak, eta horregatik Maite Arandia eta Olaia Parra zinegotziek eskertu gura izan dute «boluntarioek euren denbora librea eskainiz egin daben lan ona».

Hemendik aurrera berriz, 16 urtetik gorako herrikide guztiek izango dute hamabi proiektu horien artean bozkatzeko aukera, beti ere Galdakaoko udalerrian erroldatuta badago.

Bozkatzeko aukera uztailaren 12tik 25era bitartekoa izango da —orain artekoa baino tarte zabalagoa— eta pertsona bakoitzak hiru proiektu bozkatzeko aukera izango du. Bozkatzeko aukera hori aipatutako daten artean Udalaren webgunean —noiznahi— eta udal-eraikinetan jarriko diren hautetsontzietan eskainiko da —eraikin bakoitzaren udako ohiko ordutegian—.

Ordea, elkartea duten auzoetan ondoko data eta ordutegietan ere izango da 12 proiektuen artean bozkatzeko aukerarik:

  • Bengoetxe: uztailak 15, 19:00-20:30.
  • Aperribai: uztailak 19, 18:00-20:00.
  • Bitsi: uztailak 21, 19:00-20:30.
  • Bekeako eskola: uztailak 16, 09:30-11:00.

Baina elkarterik edo egoitzarik ez duten auzoetan ere izango da horretarako abagunea ere, bertara gerturatuko direlako udal-ordezkariak:

  • Arkotxa (San Vicente elizaren parean): uztailak 21, 10:00-11:00.
  • Erletxe (elizaren ondoko aparkalekuan): uztailak 21, 11:30-12:30.
  • Elexalde: uztailak 21, 13:00-14:00.
  • Altamira (bidegurutzean): uztailak 22, 10:00-11:00.
  • Arteta (San Anton Txikerra baselizan): uztailak 22, 11:30-12:30.

Aurrekontu parte-hartzaileetarako milioi bateko partida iragarri zuen Galdakaoko Udalak, baina herritarrek gehien bozkatutako proiektua ez bada milioi batera iristen, «beste proiekturen bat ere exekutatzea baloratuko da, kopuru horretara iritsi arte», esan du Arandiak.

Beheko estekan sakatuta jaitsi ahal izango duzu astelehenetik aurrera etxez-etxe banatuko den liburuxka, PDF formatuan. Bertan ageri da 12 proiektuen berri, zehatz-mehatz: