«Bidaiatzea, gure sendabelarra», Jon Valle
Iritzia
Jon Valle Velázquez
BINKE / 2021eko urria
Bidaiatzea, gure sendabelarra
Steve Jobs handiak esaten zuenari so eginez «nire bizitzako azken eguna izango balitz, gaur egiten nagoena egitea gustatuko litzaidake? Erantzuna egunetan zehar ezezkoa izaten jarraitzen badu, zerbait aldatu beharra dago». Bizitzen ari garen egoera larria dela eta, orain dela gutxi arte herrietako mugak itxita egon dira, kaleak isiltasunez beteta eta aireportuak huts-hutsik. Bat batean inguratzen gintuen dena eta planifikatuta geneukan guztia bertan behera geratu zen: lana, kirolak, ekintza sozialak eta nola ez, bidaiatzea.
Gauza handietan pentsatu eta positibismoz beteriko pertsonak bagara, seguruenik, helburu berriak finkatzen ibiliko gara. Onena etortzear dagoela pentsatuko dugu eta egoera honetatik asko ikasiko dugula sinistuko dugu. Krisialdirik gabe ez dago erronkarik, eta erronka gabe bizitza errutina soil bat baino ez da.
Gauzak horrela, erabat naturala da bidaiatzeko gogoak sentitzea, batez ere aurten. Bidaiatzean, gainera, ez ditugu soilik leku berriak deskubritzen, jende berria ezagutu eta bestelako bizimoduak deskubritzeko aukera eskaintzen digu, bizipen berri horiek altxorren moduan memorian gordez.
Mugimendu barik ez dago hazterik ezta eboluziorik. Txiki-txikitatik, hilabete gutxirekin lau hankatan mugitzen hasten gara hurbileko izkinak ezagutzeko, behatzeko eta azken finean mundua ezagutzen hasteko helburuarekin. Leku batetik bestera ibiltzeak, anekdota eta istorio iturri agortezinez loratzen gaitu, eta proposatu gabe, beste pertsona batzuekiko elkarrizketetan azaleratuko dira.
Ez dio axola polita edo itsusia den, pobrea edo aberatsa, nolakoa den jakitea baita garrantzitsuena. Bidaiari ona bisitatzen duen guztiaz gozatzeko, ezagutzeko eta ikasteko bidaiatzen duena da. Irteera bakoitzak norberaren kontzientzia zabaltzeko aukera ematen digu eta norberaren mundua handitu egiten da.
Barne pentsaera pertsonal hauek esaldi oso politak erakutsi dizkit eta urte hauetan zehar buruan grabatuta geratu zaidan politenetako bat hauxe izan da: «Bidaia bat egiten dugunean hirutan bidaiatzen dugu: prestatzen dugunean, bidaian murgilduta gaudenean eta egindakoa berriz gogoratzen dugunean».
Baina ez hori bakarrik, bizitako esperientziek gure nortasuna eratu eta eraldatzen dute. Abentura hauek, konturatu gabe, zoriontsuagoak egiten gaituzte gure buruarekin eta gure ingurukoekin. Eguneroko bizitzan imajina ezinak izan daitezkeen egoerak onartzen ikasiko dugu eta munduarekin eskertuago izango gara.
Azken finean, oso ohituta gaude ura etxeko iturrian edukitzera, argindarra nonahi, ur beroa goizeko dutxa goxoa hartzeko, janaria hozkailuan, dirua karteran… baina ikasiko dugu noizbait, egunero hain eskura ditugun gauzen balioa? Agian horiek gabe urtebetez bizita, ikasiko genuke gaur egungo injustiziaren handitasunaz.
Hala ere, munduaren zilborra Europan kokatzen dugunontzat, ez garenez egoera honetan murgilduko, munduaren beste zilborrak ikustea beharrezkoa zaigula iruditzen zait, umiltasunez beteriko hausnarketa bikaina egiteko aukera. Gure ustezko handitasunari dagokion neurria emateko eta mundua beste begi batzuetatik begiratzeko aukera paregabea baita.