Estibaliz Yuguero: «Lekuko diseinu-marka txikiak bistarazi nahi ditugu Chic Market-en»
Estibaliz Yuguero, Chic Market-en sortzailea
BINKE / 2021eko abendua
«Lekuko diseinu-marka txikiak bistarazi nahi ditugu Chic Market-en»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Estibaliz Yugueroren artxibotik
Estibaliz Yuguero bitxi diseinatzaile galdakoztarrak «Chic Market» azokaren bigarren edizioa antolatu du aurten Bilboko Zazpikaleetan, kide batekin batera. Proiektua hobeto ezagutzerik nahi?
Estibaliz Yugero (Galdakao, 1984) eta Adriana Rufrancos (Zalla, 1990) bitxi diseinatzaileak dira. Abenduko hiru asteburutan zehar «Chic Market» izeneko merkatu bat antolatu zuten Bilboko Zazpikaleetan. Bikoteko kide galdakoztarrarekin batu da Binke, proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko.
Nondik sortu zenuten ideia? Adriana eta biok Zorrotzaurren ospatu zen merkatu batean ezagutu genuen elkar. Geroztik, inguruko merkatu guztietara hasi ginen joaten batera. Biok bitxi diseinatzaileak izanik, guk ere pareko zerbait egin genezakeela erabaki genuen.
Nola azalduko zenuke modu laburrean zer den «Chick Market»? Finean, lekuko diseinu-marka txikiak kontsumitzaileei hurbiltzea da merkatu honen helburu nagusia, produktuak ezagutu eta goza ditzaten. Ohikoa izaten da diseinatzaileon kasuan gure lanak gainontzekoei erakusteko izaten dugun aukera eza: ez ditugu bigarren eskuko edota merkeak diren produktuak saltzen, esaterako. Beharrezkoa genuen espazio bat, eta azkenean Bilboko Zazpikaleetako lokal batean erabaki genuen hau egitea.
Lehen aldia da halakorik antolatzen duzuela? Ez, proiektu honi iraila aldera eman genion hasiera. Espazioa lortzeko izan genituen hamaika buruhausteren ondoren, Bilbo Rocken antolatu genuen «Chick Market»-en lehen edizioa iraileko erdialdean. Egun horretan 1000 pertsona inguru hurbildu ziren proiektua ezagutzera, eta bai bezeroak zein merkatuan parte hartu zuten markak ere oso pozik irten ziren lortutako emaitzarekin.
Nortzuk hartu zenuten parte bigarren edizioan? Guztira 28 marka desberdinek hartu dugu parte Gabonetako edizioan. Beheko zerrendan ikus ditzakezue!
Zeren arabera egiten da parte hartzen duten marken aukeraketa? Hainbat dira kontuan izaten ditugun baldintzak, baina ezeren gainetik hiru dira lehenesten ditugun irizpideak: produktua kalitatezkoa izatea, bertan ekoitzita egotea eta bi hauetaz gain produktuen arteko oreka bat lortzea. Hau da, denetariko eskaintza egotea nahi izaten dugu, eta ez soilik produktu edo sail konkretu batera bideratzea merkatua.
Zer bereizgarri du zuen merkatuak besteekin alderatuz gero? Beste merkatu batzuekin alderatuz, gureak kalitatezko produktuak lehenesten dituela esango nuke. Oso kontutan izaten dugu nork ekoizten duen, non eginda dagoen edo zer erabiltzen duen produktua egiteko. Bestetik, garrantzi berezia ematen diogu komunikazioaren alorrari. Sare sozialak erabili, komunikabide desberdinekin harremanetan jarri, kartelak Bilboko paretetan zehar itsatsi,… lan mardula da merkatu propio bat hutsetik sortzea. Eta azkenik, gure merkatuaren beste bereizgarri bat bertan parte hartzen duten markei protagonismoa ematen diegula dela esango nuke, lehen planoak jarriz. Beste batzuetan ez dugu halakorik aurkitzen orokorrean, eta nahitaezkoa da merezi duten aitortza eskaintzea.
Chic Market 2021
Partaideak:
- Adricalyptica Design
- Barock Jewelry
- Bazthan
- Basuxka
- Beletxara
- Carumenu
- Clino Art
- Enara Arte Textil
- Kuttu Art
- LaPreTAda
- Lahruka
- Lurky Cotton
- Nagos Atelier
- Wild Waves
- Zioru
Harremanerako:
Instagram: @chicmarketbilbao
Mail: chicmarketbilbao@gmail.com