Alain eta Lucibel: «Bertara iritsi ginenetik ez dugu bazterkeriarik sentitu»
Alain Bonet eta Lucibel Maria Natera, Venezuelatik etorriak
BINKE / 2022ko urtarrila
«Bertara iritsi ginenetik ez dugu bazterkeriarik sentitu»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Beñat Armentia Arriandiaga
Juan Bautista Uriarte kalean kokatuta dagoen Hiperoffice dendako langileak dira Alain Bonet (Caracas, 1961) Lucibel Maria Natera (Cantaura, 1976). Venezuelatik etorritako bikoteak orain urtebete ireki zuen denda, eta pozik daude Galdakaon.
Zerk ekarri zintuzten Galdakaora? Kasualitate hutsa izan zen. Egia da Alainen kasuan senide euskaldunak dituela, baina ez zen hain justu hori izan Galdakaon bukatzearen arrazoia. Alabak hazteko hormonak behar zituen, eta horrek eragin zuen Venezuela utzi eta Europara alde egin behar izatea. Zaldibarren izan genuen lehen geltokia. Hona iritsi eta gutxira hasi ginen txikia matrikulatu nahian, eta euskara hutsez izango ez zen hezkuntza eredu batekin hastea erabaki genuen. Azkenean, Colegio Vizcaya hautatu genuen, eta erabilgarri zuten geltoki bakarra Galdakaokoa zuten. Eta, hala, horrek eragin zuen bigarren geltokia eta egungo bizitokia Galdakao izatea.
Zerk harritu zintuzten gehien hona iristean? Jendearen eskuzabaltasunak. Hona iritsi ginenetik ez dugu bazterkeriarik, desberdintasunik edo parekorik sentitu jendearen aldetik, zinez gaude eskertuta horrekin. Jende asko ezagutu dugu urte hauetan: ez xenofobiarik, ez diskriminaziorik, ez ezer. Alabak ere erraz egokitu ziren hona iritsi eta gutxira. Esker oneko jendea aurki daiteke herri honetan.
Zer du Galdakaok, zuen herriek ez dutenik? Denetarik. Ura, argia, osasuna,… han ez dugu halakorik. Venezuelako osasun zerbitzu publikoa ez da nahikoa norberaren osasun mesedeak asetzeko, eta nahitaezkoa izaten dugu aseguru pribatu bat egitea gure hobe beharrez. Dekadentzian dago sistema publikoa bertan, eta ohikoa da bata besteari ura, janaria edo argindarra eskatzea.
Eta alderantziz, zer ez duzue aurkitu hemen han zenutenik? Bizitza beste erritmo batean mugitzen da. Lasaitasuna aurki daiteke hemen: tabernara joan eta pote bat hartu, nork esango zigun halakorik? Dena doa presaka han, eta AEB horren gertu izateak modelo konkretu bat inposatzea ere dakar. Multinazionalak, frankiziak, edo sareak, gero eta gutxiago dira han komertzio txikiak. Zer izango da etorkizuna, bada, halakorik gabe? Beldurgarria da.
Saltoki bat ireki zenuten herrian orain urte bete. Zer moduz lehen urte hau? Ezin gara eskertuago egon. Era berean beharrezkoa dela uste dugu «herri gisa» jardutea, eta Galdakaon aurki daitezkeen komertzioak elkarlanean aritzea. Nik gaur elektronikako dendan zerbait erosiko dut, bihar agian okina etorriko zait dendara, eta elektronikakoak berriz ogia erosiko du, gurbil bat, finean. Bono dendak, pintxo lehiaketak, eta beste hainbat. Beharrezkoak dira hauek herriko kontsumoa sustatzeko.