Ikasleen artean ingurumenaren zaintza eta jasangarritasunaren garrantzia sustatzeko helburuz, Galdakaoko Bengoetxe Institutuko DBH2ko ikasleek eta gela egonkorreko taldeko kideek Zuhaitzaren Eguna ospatu dute.
Galdakaoko Bengoetxe Institutuko DBH2ko ikasleek eta gela egonkorreko taldeko kideek Zuhaitzaren Eguna ospatu dute otsailean zehar, Agenda 2030 proiektuaren baitan. Ekimenaren helburua ikasleen artean ingurumenaren zaintza eta jasangarritasunaren garrantzia sustatzea izan da.
Jardueraren barruan, parte hartu duen talde bakoitzak bina zuhaitz landatu ditu, eta honako espezie hauek aukeratu dira: intxaurra, kakia, kiwia, masustondoa, mizpira japoniarra, gerezia eta sagarra. Horrela, inguruko berdeguneak aberasteaz gain, tokiko biodibertsitatea sustatzeko ekarpena egin dute.
Landaketa jardunaldiak giro onean eta parte-hartze handiarekin egin dira, eta ikasleek modu praktikoan ikasi dute zuhaitzek ekosisteman duten balioa.
Irakasleen arabera, ekintza honek aukera eman die ikasleei ingurumenarekiko konpromisoa lantzeko eta Agenda 2030eko helburuak modu erreal eta esanguratsuan ezagutzeko. «Etorkizun jasangarriago baten aldeko pauso txiki baina garrantzitsua da», azpimarratu dute.
Bengoetxe Institututik adierazi dute antzeko ekimenekin jarraitzeko asmoa dutela, komunitate osoa ingurumenaren zaintzan inplikatzen jarraitzeko.




