Erroldarik gabeko galdakoztar ikusezinak
Elkarlaguntzan
BINKE / 2022ko martxoa
Erroldarik gabeko galdakoztar ikusezinak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Galdakaoko Etxebizitza Sindikatua
Galdakaoko ostendutako errealitatea aztertuz gero, herrikide migratu askoren errealitate gordina ikusiko genuke, eta horixe kontatu gura dugu Etxebizitza Sindikatutik.
Galdakaoko erdiguneko kaleetatik pasiatzen bagara, herri oparo eta arazorik gabeko bat ikusiko dugu. Baina bista zolituz gero, bazterretan ostendutako errealitatea ikusiko genuke. Bazter hauetan topatu genezakena gure herri honetan, jende migratu eta arrazializatu askok jasaten duten errealitatea da.
Orain: zein da aipatutako errealitate hori? Herritartasunaren ukapena. Herritartasunak norbanakoei dagozkien berezko oinarrizko eskubideak —osasungintza, hezkuntza, etab…— bermatzeko ezinbesteko baldintza da; hau da, gure jendartean gizatasuna bermatzeko ezinbesteko kondizioa. Beraz, esan genezake, herritartasuna ukatzeak gizatasuna ukatzera garamatzala. Ondorio honen larritasunaz jabetzea gutxieneko konklusio politikoa izan beharko litzateke edonorentzat.
Herritartasun honen ziurtagiri ofiziala Udal Errolda da; herritar guztiak barne biltzen dituen zerrendapen administratiboa, alegia. Erroldarik gabe, ezinezko egingo litzaiguke eskolan matrikulatzea, osasun zerbitzuak eskura eduki ahal izatea, herriko hainbat azpiegitura erabili ahal izatea; edota baliabide eta laguntza ekonomikoak jasotzea. Azken finean, Errolda gabe, ikusezinak izatera kondenaturik agertzen dira hainbat migratutako herrikide.
Etxebizitza Sindikatuan sarritan ikusitako kasuetan Errolda ordaindu beharreko merkantzia bat bihurturik ikusi dugu, askorentzako ordaindu ezina. Herrikide migratuen gehiengoarentzat, errolda edota alokatze-kontraturik gabeko gela ziztrin eta garesti baten aukera «habitazionala» besterik ez dago. Arazo honi aurre egiteko, Udalak Errolda Sozialaren figura ipini zuen martxan pandemia garaian; Udalaren eraikin batean erroldatzeko eskubidea ematen duena, prekarizazioak ezartzen duen eta lehenago aipatu dugun arazo estruktural horri aurre egiteko.
Baina berriz ere, Errolda Soziala Gizarte Zerbitzuen irizpide subjektiboen esku gelditzen da; figura hau ezarri zenetik, esku bakarrarekin kontatu baikenitzake figura honen bitartez erroldatutako herrikideak.
Honegatik guztiagatik, Galdakaoko Etxebizitza Sindikatutik kanpaina bat abiatuz, Udalari eta Gizarte Zerbitzuei Errolda Soziala martxan jartzea exijituko diegu, protokolo munizipal baten bitartez; zeinek migratutako herrikide guztien erroldatzea, eta beraz, herritartasuna bermatuko lukeen.
Galdakaoko Etxebizitza Sindikatua
galdakaokoelkarlaguntzasarea@gmail.com
635 43 90 01