Berdez Bizi: «Bizitzeko modu bat da ekologismoa»
Berdez Bizi, ekologista taldea
BINKE / 2020ko urtarrila
«Bizitzeko modu bat da ekologismoa»
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Gure planetaren zaintzaz arduratuta dauden mugimenduak aspalditik dira ezagunak munduan, baina azken aldian sona handia hartzen ari da ekologismoa. Galdakao ere ez da salbuespena, eta Berdez Bizi talde ekologista berria aurkeztu da herrian.
Gure herrietako ekimenik gehienak lagunartetik jaio ohi dira. Elkarren interesak eta ardurak partekatuta, horien inguruan eztabaidatzetik berotu ohi garelako maiz. Ariketa sanoa da hori: eztabaidatuz «berotzea». Ordea, bizi garen planetaren berotzea ez omen da hain sanoa, eta kezka horretatik sortu du lagun talde batek Berdez Bizi ekologista talde berria. Abenduaren 12an aurkeztu zuten taldea —argazkian zutik eta gero makurtuta, ezkerretik eskuinera— Laura Sierra Diaz, Unai Sertutxa Irazola, Iñigo Garai Diaz, Ander Villate Barato eta Alvaro Gonzalez Redondo herrikideek —eta Janko txakurrak!—. Gazteak dira, eta gaztetasunak dakarren energia horretatik hasi dira. Baina jakin badakitelako ere, bizi garen planeta zaintzen ez badugu, gazteria eta ostetik datozen belaunaldiak izango direla gure bizilekuaren amaiera ikusiko dutenak.
Ezer baino lehen: zer da ekologista izatea? Ene, galdera erraza, baina erantzun zaila! (barreka) Ekologismoa bizitzeko modu bat da. Ekologista, geure gizarteak eta bizimoduak ingurumenean eragiten duen inpaktuaz kontziente den eta inpaktu hori murrizten saiatzen den pertsona da. Baina gainera, ekologista ere bada naturaren balioa ulertu eta defendatzen duena, sistema sozio-ekonomiko jasangarri bat bultzatuz.
Taldearen aurkezpenean «herritarren begiak zabaldu» gura dituzuela esan zenuten. Zelan zabalduaraziko dizkiguzue? Gure ideia ekintza ezberdinen bidez herritarrei ingurumen arazoak eta beren eraginak ikusaraztea da. Horretarako, hitzaldiak, eztabaidak, irteerak, jolasak eta beste asko antolatuko ditugu, ahal denean era dibertigarri eta erraz batean, jendea ekologismoaren mundura hurbiltzeko.
Modan dago ekologismoa ala hil edo biziko kontua da? Galdera ona! Modan dago eta hil ala bizikoa da. Mugimendu ekologistak urte asko ditu baina egia da azken urteotan gorakada handia izan duela, batez ere Greta Thunberg-ek hasitako mugimendua mundu mailan oso jarraitua izan delako. Hala ere, modak pasakorrak dira baina ingurumen arazoak ez, eta gainera horrela jarraituz gero larritzen joango dira eta zeharka zein zuzenki eragingo digute.
Zer egingo duzue zuek, beraz? Gure helburu nagusia herritarrengan arazo ekologikoen gaineko kontzientzia piztea eta arazo horiei aurre egiteko informazioa eta tresnak eskaintzea da. Horrez gain, taldeak berak ekologismoari buruz gehiago ikastea eta herrian mugimenduaren alde mugitu nahi den jendea batu eta antolatzea dugu helburu.
Nortzuk zaudete proiektu honen atzean? Oraingoz Galdakaoko gazte batzuk osatzen dugu taldea, egoeraz kezkatuta antolatzea eta mugitzen hastea erabaki genuenak. Dena dela, taldea zabaldu nahian gabiltza. Horregatik parte hartu nahi duen edonor gurekin batzera gonbidatzen dugu! Animatu!
Zabor bilketak ere antolatu dituzue taldearen bizi laburrean. Ekologismoa ere bada garbitzaile lanak egitea? Binke! Gure bazterrak garbi ikustea gustuko izateaz gain, garbiketek beste helburu garrantzitsuago bat dute: horiekin jendeak ingurune naturaletan bukatzen duen zabor kantitatea ikustea, horrek duen eragina ezagutzea eta zaborra bilduta eragin hori murrizten saiatzea da. Pasa errekaldeko plastikoak batzen eta ikusuko duzu nola ez duzun inoiz gehiago botako…
Zer egin dezake gutariko bakoitzak mundu jasangarri eta osasuntsu baten alde? Milaka gauza, egia esan. Badakigu norbere bizi ohiturak aldatzea ez dela erraza, baina egunerokotasunean egindako aldaketa txikiak oso garrantzitsuak izan daitezke. Gure ustetan, mundu jasangarri eta osasuntsu bat egiteko giltza norberak du, errekurtsoen eta energiaren kontsumo murritzagoa eta arduratsuagoa burutuz.
Eta zelan egiten da hori? Esaterako: ura alferrik ez erabili, bertoko eta garaiko produktuak kontsumitu, okel gutxiago jan, erabilera bakarreko plastikoak murriztu, paper gutxiago erabili, mugitzerakoan oinez edo bizikletaz joan eta bestela garraio publikoa erabili, mobila soilik apurtzen denean aldatu, beharrezkoa duzun arropa soilik erosi…
Berrerabilpen eta birziklatzea kontuak garrantzitsuak dira? Zalantza barik. Horren aldeko kontzientzia zabaltzea ere badago gure asmoen artean, berrerabilpena eta birziklapena burutzea ere ezinbestekoa delako. Dena dela, garrantzitsua da aipatzea, inbidualki jarduteaz gain paralekoki aldaketa eta ekintza kolektiboak guztiz beharrezkoak direla mugimenduak aurrera egiteko.
Hasieran, herrian hainbat ekitaldi egiteko asmoa duzuela esan duzue. Zer duzue orain esku artean? Instagramen jolasen bat gehiago egiteko ideia daukagu, krisi klimatikoaren inguruko hitzaldi-eztabaida bat egitea, Eguzkibegi Ikastolako umeek inguruko zuhaitzak eta hauekin erlazionatutako gaiak ikasteko esku-hartzea, panpa-belarra espezie inbaditzaileak Galdakaon duen banaketa aztertzen ari gara eta basoen inguruko informazioa biltzeko asmoa daukagu. •