Joseba Uranga: «Suhiltzaileoi ez dagokigu inoren etxea kentzen laguntzea»
Joseba Uranga, suhiltzailea
BINKE / 2019ko ekaina
«Suhiltzaileoi ez dagokigu inoren etxea kentzen laguntzea»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Jabi Rojo
Kontrolatuta eta arin. Suhiltzaile batek ez badu egoera kontrolatuta eta denbora ondo neurtzen, txarto hasi gara. Horregatik Joseba Uranga suhiltzaile galdakoztarrak oso kontrolatuta hasten ditu bere lanegunak, eta badaki etxetik Basauriko suhiltzaileen parkera, bere lantokira, hiru minutu pasatxo baino ez dituela behar. Eta horrela izan da orain ere. Berarekin Juan Bautista Uriarten gelditu eta hiru minututan iritsi gara bere bigarren etxera, eta hantxe atera dizkigu bere lanerako erreminta guztiak.
Pelikuletan ikusten den bezala bizi zarete! (barre) Suhiltzaile-etxe gehienek antzekotasunak daukiezalako izango da: kamioien garajea, praktiketarako dorrea, tailerra, sukaldea, jantokia… baita ume eta ez hain umeei hainbeste gustatzen jakien barra famatua be! Eguneko 24 orduak hemen emoten doguzanez, gure beharrak betetzeko guztia daukagu, kamioiak egoera onean mantentzeko tailerra, trebakuntzarako eta ikasteko gela, lanean aurkitu ahal doguzan egoerak praktikatzeko eszenatokiak, kirola egiteko gimnasio eta frontoitxo bana, eta atsedenerako egongela eta oheak be daukaguz.
Egunero irten behar izaten zarete larrialdiren batera? Inoiz ez dakigu aldez aurretik egunak ekarriko deuskuzanak, simulakro edo arrisku bereziko enpresetara egin behar doguzan ohiko bisitak ez badira, baina oso arraroa izaten da ezertxo be ez daukagunean. Garai honetan, adibidez, erle eta liztorrekaz atzera eta aurrera gabilz!
Larrialdietara beti korrika irten behar izaten duzue? Argiak eta sirenak jarrita istripu, sute edo erreskateak bezalako larrialdietara ahalik eta arinen heltzen saiatzen gara, eta zalaparta apur bat sortzen dogula egia da. Baina beste askotan —errepide garbiketak, inor arriskuan ez dagoan etxera sartzeko laguntza, edo erortzekotan dagozan etxeetako horma zatiak ikuskatzeko, adibidez— beste patxada bategaz hartzen dogu, eta ez gara korrika irteten.
Suhiltzaile hitza aipatzea baino ez dago sua itzaltzea izateko burura datorkizun lehenengo zeregina. Baina izango duzue zeregin gehiagorik! Ogibide honetan kontaezinak dira topatzen doguzan kasu ezbardinak! Behin gizon bikote bat etorri jakun, erdi biluzik eta eskuburdinez alkarri lotuta, esposak kendu ezin ibili ziralako! Egin kontu!
Gaztelaniaz esaten den bezala, ziur «suhiltzaile-ideiaren» bat izan zutela! Ziur! (barreka) Egia da gure ohiko zereginak istripuak eta suteak izaten dirala, baina edozein egoerari egin behar deutsagu aurre: izan erreskate bat, zulo batetik ezin urtenda dabilen pertsona edo animalia bat, depositu bateko isuria gelditu behar izatea… Batek daki! Eta dan egoera dala be, kamioian ezin doguz eroan egoera guztiei aurre egin ahal izateko tresnak, horregaitik askotan imajinazioa erabili behar izaten dogu inguruko materialagaz eta daukaguzan tresnekaz egoera konpontzeko. Beraz «ideas de bombero» esaldia entzuten dodan bakotxean, nik ontzat hartzen dot komentarioa! (barreka)
Zuk zeuk, Joseba, zein da gustukoen duzun jarduna? Niretzako lan honek daukan alderdirik politena egun guztiak desbardinak dirala da. Ez daukagu monotonian erortzeko arriskurik eta horrek irteera guztietara gogotsu joatea dakar! Eta batzutan ez dira irteerak, ikastetxeetako ikasleen bisitak baino, eta horreetan be barre piloa egiten dogu umeakaz, eurekaz kamioietan ibili eta sinerak jartzen deutseguzanean!
Eta gutxien gustatzen zaizuna? Badagoz gustoko ez doguzan irteera asko, bereziki tartean hilda edo oso larri dagozan pertsonen istripu eta egoera krudelak, noski. Baina egoera horreik barnean ez gelditzeko eta etxera ez eroateko talde-lana oso garrantzitsua da, eta guk talde aparta dogu hemen! Hori bai, gustoko ez dodan beste kontu bat liztor asiatikoak dira, behin orkatilean gogoz ziztatu eustan batek eta geroztik mania izugarria hartu deutsiet!
Denok jakin beharko duzue denetarik egiten, ezta? Guztiok dogu —eta izan behar dogu— oinarri bera, baina bakotxaren interesen edo esperientziaren arabera, espezialidadeetan aberasten joaten gara. Batzuek erremintak daukiez gustoko, eta abilak dira erabiltzen, beste batzuk sorospen-lanetan hobeto moldatzen dira, edo su hartutako etxeetan… Badagoz be euren txakurrak trebatu dabezanak, jausitako etxe bateko pusketen artean pertsonak bilatzeko.
Kotxe bi dituzue bata bestearen gainean, zertarako? Dorre inguruan beti izaten doguz kotxe zahar batzuk, istripua izan dabela simulatzeko eta eurekaz praktikak egiteko. Holan benetako istripu batera prestatuta joan geintekez. Egoera bakotxaren aurrean, autoak zelan eta nondik apurtu aztertzen dogu, beti be barruan egon leitekeena ahalik eta gitxien mugiarazo eta modurik onenean ataratzeko.
Larrialdirik ez dagoenean, zer egiten duzue? Goizean aurreko eguneko lankideekaz batzen gara, gertatutakoen barri emon eta eurek hasitako lanik amaitu behar dogun ikusteko. Ondoren suhiltzaile bakotxari kamioi baten ardurea esleitzen jako, kamioi hori puntuan dagoala eta beharrezko materiala zein gasolina daukala baieztatzeko. Ostean hamaiketako txiki bat egiten dogu, goiza maniobrak egiten emon aurretik. Bazkalostean norberak beharrezko daukazan maniobrak egiteko aukera dago, atseden hartu eta 17:00etan kirol saioa hasi arte.
Lehenengo erantzunean esan duzu «eguneko 24 orduak» eman behar dituzuela parkean. Baina zenbatero? Bai, 24 orduko txandak daukaguzalako. Negu garaian bost egunik behin 24 orduko lanaldia egin behar dogu, eta uda sasoian —besteen oporrak bete ahal izateko— bi egunik behin egiten dogu lan. Baina beti 24 orduko txandatan.
Eta lo egiteko tarterik izaten duzue? Aurreko galdera batean gauetan zer egiten dogun kontatzea falta izan jat. Bada, alkarregaz afaldu eta solasaldian egoten gara, telebista ikusten… eta ahal danetan, lo egiten, larrialdiek eta lankideen zurrungek uzten badeuskue sikieran! (barreka) Hori bai, gabaz gutariko batek beti egon behar dau telefono eta irrati-igorgailuei adi, baina gabaz besteak lo egiten saiatzen gara. Gainera, alabatxoa izan dodanetik, izan dodaz etxean baino hobeto lo egin dodazan guardiak! (irribarretsu)
Lo zaudetela megafoniatik deitzen bazaituzte? Lehen, lo gengozala, txirrinak jotzen ebanean adrenalinagaz salto batez jaiki eta korrika jaisten nintzan begiak zabal-zabalik, soinekoa jantzi, kamioira igo eta edozertarako prest! Baina irteeratik parkera bueltan gero ez nintzan barriz lokartzeko gai… Orain ikasi dot zonbi baten gisa barratik jaitsi eta janzten… Nire gorputzak ez dau hainbesteko aldaketarik sufritzen, eta larrialdia arin bukatzen badogu, gero barriz lokartzeko gai naz!
Ordu asko lan-taldean. Harreman ona izan beharko duzue zuen artean, ezta? Bai, oso harreman ona dogu. Familia bat gara! Bizkaian zortzi parke dagoz —Urioste, Basauri, Artaza, Iurreta, Gernika, Balmaseda, Markina eta Derio—, Bilbokoaz eta aireportukoaz aparte, eta Basaurikoa parke nagusi legez hartzen danez, zortzi suhiltzaile egon beharko geunke egunero lanean, sei txandatan banatuta.
Zein izan da orain arte bizi behar izan duzun egoerarik gogorrena? Bermeoko alde zaharrak su hartu ebaneko tentsio uneak oso gogoan daukadaz, Sollubetik behera gindoazala kamioitik ikusten genduan ia herri osoa sutan, sugarrak teilatutik teilatura mugitzen, ia suzko baso bat balitz legez… Eta gogorrena ez zan izan, baina inoiz ahaztuko ez dodan pasartea abandonatutako fabrika bateko sutea izan zan.
Zer gertatu zen ba? Fabrika osoak su hartu eban, kea baltz-baltza zan, arnasezina zan leku hura eta ez zan piperrik be ikusten. Baina bat-batean, barruan sua itzaltzen nengoala, sugar batzuen atzekaldean biluzik egoan gizon bat ikusi neban. Suari begira egoan Jesukristo imitatzen, besoak zabal-zabalik eta ule luzeak aurpegia estaltzen eutsala. Ezin neban ulertu zelan izan zan gauza erre barik egoteko. Bildur apur bat be izan neban… Zer demonio egiten eban gizonak han? Eta beste zororen bat, ezkutatuta egon ezkero, ganera botatzen bajatan? Azkenean gizon bakar hura egon zan, eta on-ona zan…
Lanbide eskertua ere baduzue, ezta? Lanbide eskertua daukagu bai, guk be esker oneko herria dogulako. Askotan laguntza eskatzeko beharrik be ez daukagu, jendea gu laguntzeko prest agertzen dalako beti!
Bizi izan duzu egoera hunkigarririk? Barruak mugitzen deutsuzan egoera asko dagoz, eta badago bat azkenaldian gehiegitan bizi izaten doguna eta hemendik salatu gura dodana: etxean erorita aurkitzen doguzan adineko pertsonak. Adineko pertsona asko dagoz bakarrik bizi diranak eta egunak egiten dabezanak senideen bisitarik jaso barik, agian, lurrean botata ezin altxatu. Bisitatxo bat maite dozun horri egitea, ez da hainbeste kostatzen, ezta?
Zeregin mingotsak aipatuta, zelan daramatzazu etxegabetzeak? Uf… Gogorra izan behar dau holako egoera baten izatea, eta badakit Galizian suhiltzaileren batek lan hori egiteari planto egin deutsona, bai eta gero arazoak izan dauzana. Baina zorionez gure lurraldean, suhiltzaileak larrialdietarako zerbitzu bat bakarrik gara eta gure betebeharrak finkatzen dauan araudiaren arabera, etxegabetzea larrialdi legez ezin geinkenez jo, ez dagokigu guri inoren etxea kentzea.
Duela hile batzuk polemika piztu zen euskal suhiltzaile batek ukatu egin zuenean portura armak eraman behar zituen kamioi bati eskolta ematea. Zergatik babestu behar dituzue kamioiok? Aldundiko lankide eta laguna dot Ignacio. Santurtziko portuan materia arriskutsuz —korrosiboak, pozointsuak, zein eztanda egin leikienak— betetako kontenedoreen zamalanetan, legediaren arabera, suhiltzaileok prebentzio moduan prest eta gertu egon behar dogu. Kasu hartan Ignaciok jakin eban kamioi haien barruan zer egoan, nora eroatekoak ziran eta noren kontra erabiltzeko ziran. Horrek be barrua mugitu eutsan… eta ukatu egin eban beharra.
Zelan ikusten duzu hori egin behar izatea? Normalizatuta daukagun irteera bat da portura kargen prebentziorako joatea, eta momentu horretararte, ez ginan kontziente zer eta nora eroaten daben etengabe kargatzen dabizena. Lan hori egin behar izatea gure betebehar bat da, portuko langile zein inguruetako bizilagunen segurtasuna bermatzeko. Hori bai, armekaz komertzializatzeaz eta giza eskubideak urratzen dituan herri bati saltzeaz galdetzen badeustazu, ba askori bezala sumintzen nauan zeozer dala esango deutsut.
Orain gutxi neskatila batek bere amari esan zion gizona izan nahi zuela, suhiltzaile izan ahal izateko, eta zoragarria izan zen mundu osoko emakume suhiltzaileek izan zuten erantzuna. Bai, jakina! Mundu osoko emakume suhiltzaileek mezuak argitaratu ebezan, suhiltzaile izateko gizona izan behar ez dozula jakinarazteko ume hari. Gure lankideek be grabatu ebezan bideoak. Egia esan, orain gutxi arte ez egoan apenas emakumerik, baina azken laupabost urteotan dozena bat emakume sartu dira Bizkaiko parkeetan.
Zure seme-alabak biharko egunean suhiltzaile izatea gustatuko litzaizuke? Dagoaneko suhiltzailea dala dio Ekhik, lau urtegaz! (barreka) Bardin deust zertan jardungo daben. Egiten dabenarekin zoriontsu izatea gustatuko litzakit. Egiten dodanagaz oso zoriontsua naz ni. Kopiatu nahi banabe, aurrera, zergatik ez!
…Nahiz eta zure burua arriskuan ikusten duzuen sarri? Ez esan ba holakorik, ama arduratuko dogu eta! (barreka) Tira, egia da gurea ez dala bulegoko lana, baina arriskuak kontrolpean izateko formazio handia daukagu. •