Alaitz Arruti: «Artea mundua aldatzeko erreminta bat bezala ulertzen dut nik»
Alaitz Arruti, idazlea
BINKE / 2019ko urtarrila
«Artea mundua aldatzeko erreminta bat bezala ulertzen dut nik»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
Binkeren lehenengo urtean eman zuen aldizkari honek lehenengoz Alaitz Arruti idazle galdakoztarraren berri, «La Castañera» liburua aurkeztera etorri zenean Veronatik —Italiatik, bere egungo bizitokitik— Galdakaora. Arrutiren lehenengo liburua zen hura, eta komunikabide honek hiru urte baino ez dituen honetan, Arrutik ere bere hirugarren liburua aurkeztu berri digu. Kasualitate polita. Baina are politagoa pare-parean zabalik dagoen liburu handiena bera dela deskubritzea.
Zerk eraman zintuen idaztera? Zentzua dudanetik idazten dut. Hogeita hamar urte izan arte poesia idazten nuen bereziki. Hasieran, gaztetxoagoa nintzenean, nire eguneroko bizitzaren inguruan idazten nuen: ikastola, jantokiko gorabeherak… Eta hazten nindoan neurrian nire poemek nik neuzkan kezkak eta ardurak izaten zituzten gai nagusi. Nagusiagotan berriz, sentimenduak ordenatzeko baliogarri izan zait poesia. Barrenak husteko modu oso poetikoa aurkitu nuen errima asonantean.
Ibilbide guzti honetako poesiarik gordetzen duzu? Nire logelako maleta batean koloretako dozenaka koaderno eta papertxo ditut gordeta! Bertan batuta daude milaka poema, esaldi, data, izen… Eta guzti horiek osatzen dute sekula amestuko nukeen oroitzapenen bildumarik ederrena!
Zure burua irakurtzea bitxia izan behar da gero… Nire burua bertan irakurtzeak, hain aspaldiko kontuekin, izan nintzen pertsona ezagutzera narama. «Portu okerreko» maitasun harremanei irribarre egitea, orduan nituen ardurei barre egitea…
Aldiz, zerk eramaten zaitu bidaiatzera? Bizitzak berak. Beti gustatu izan zait bidaiatzea. Leku berriak deskubritzea, ikertzea, beste kultura batzuetatik ikastea, jendea ezagutzea, besteen istorioetatik aberastea… Agian literaturarekiko dudan maitasunak ere lagundu nau bidaiatzera, irakurtzen nituen lekuak ezagutu nahi izan ditudalako beti.
Gazte egin zenuen alde Galdakaotik, zergatik? Aire falta sentitzen nuen Galdakaon. Itoko banintz bezala. Atea zabaldu eta haize berriak sartzeko beharra nuen, nire etxeko muga ezagunetatik harago pertsona bezala definitzen hastekoa. Nire burua askatasunean eraiki eta bizitza ezaguna atzean uzteko premiak eraman ninduen Galdakaotik alde egitera.
Eta geroztik gelditu barik ibili zara… Hamaikagarren etxe-aldaketa egin nuenean utzi nion zenbatzeari. Calahorran, Logroñon, Toledon, Londonen, Liverpoolen, Brightonen, Lloret de Maren, Worthing-en, Veronan… bizi izan naiz, eta etxe batetik bestera bidaiatzearen ametsa bizi izan dut. Guztira, gure herrialdea eta katalana kontuan hartuta, 28 herrialde daramatzat motxilan.
Hainbeste bidaiatzeak laguntzen al du idazterakoan? Zalantza barik! Ezin daiteke idatzi bizi gabe, eta bidaia bizitzaren parte bezala ulertzen dut nik. Ikusi, entzun, sentitu, partekatu… egiten dugun denak laguntzen du idaztera, horrek eraikitzen gaituelako pertsona bezala.
Non daude Alaitz pertsona eta Alaitz idazlea? Zintzotasunez, ez dakit bata eta bestearen artean desberdintzen. Batak bestea elikatzen du. Bidaiatzen dut, bizi naiz, aberastu egiten naiz, ikaragarri ikasten dut, ideiak ordenatzen ditut eta horiek idazten ditut. Horrela etorri dira nire hiru liburuak!
Ezer baino lehen, liburu bat kaleratzea ez da lan erraza izango, ezta? Ez horixe, eta gehiago autoedizioz argitaratu gura baduzu zure liburua, nik bezala. Modu honetan, zuk zeuk egin behar duzu dena: liburua idatzi, zuzendu, azala egin, maketatu, inprimatu, prezioa jarri, banaketa kanalak lortu, publizitatea egin eta saldu. Horregatik da eskertzekoa irakurle bakoitza, Galdakaoko Cervantes liburu-dendak nire liburuak saltzeko egindako apustua, edonork sareetara igotako liburuaren argazki edo iruzkin bakoitza, nigan interesa jarri duzuen komunikabideen lana… Ez da batere lan erraza, ez.
Hiru urtetan hiru liburu, martxa ona daramazu ba! Bai, gauza asko kontatzeko beharra dut eta! (irribarretsu) Hiru liburuak hiru urtetan eta hiru egoera zein toki desberdinetan idatzitakoak dira. Hiru hamarkadetan bizitako dena digeritzeko beharretik datoz nire hiru liburuak.
Laugarrenari begira, beraz? Ez, kostako da laugarren liburua iristea. Une pertsonal honetan berregite prozesuan nago. Indarrak poesian jarri ditut berriro, nire barrua entzuteko beharra dudalako orain. Itzuliko naiz narratibara, baina ez dakit noiz. Eta badakit narratibara itzultzen naizen une horretan beste emakume bat izango naizela. Aurreko hiru liburuekin alderatuta, nire bertsio eboluzionatua izango da laugarrena. Azken lan honekin —«Siempre, todavía»— nire bizitzako lehenengo kapituluaren amaierako puntua idatzi dut.
Baina azken lan hau ere bada orain arteko desberdinena, ezta? Bai, honetan lehenengoz jarri dudalako nire burua istorioaren protagonista. Liburu guztiek dute idazletik asko, baina «Siempre, todavía» liburuan nire azaletik idazten dut, ez pertsonaia baten azaletik. Eta horrek zintzotasun-ariketa izugarria egitera eraman nau, ez soilik atzera begiratzeko, nire bizipenetan eta nirekin zintzoa izateko baizik.
Zer aurkituko du irakurleak liburuan? Nire bidaia guztien bizipenak jasoko ditu, eta nire bizitzako kapitulu ederrak osatu dituzten pertsonak izango ditu gogoan. Liburu honetan 28 herrialde eta barkamen bat, esker-mezu asko, arantza bat, lau salaketa eta jende asko aurkituko ditu irakurleak.
Hala ere, zure azken lana ez da desberdinena estilo aldetik bakarrik, ezta? Hori da. Ez da nire libururik pertsonalena bakarrik, liburu solidarioa ere badelako «Siempre, todavía». Saldutako liburu bakoitzetik euro bat Open Arms erakundera bideratzen dut. Bada beraz zerbait desberdina…
Zergatik Open Arms erakundera? Hispaniar literaturako irakasle naizenetik ulertu dut artea ez dela adierazpen forma bat soilik, mundua aldatzeko erreminta bat baizik. Arteak kontzientziak astindu behar ditu. Horregatik idatzi ditut Frantzia, Italia, Erresuma Batua, Austria eta AEB kapituluak, kontzientziak astintzeko. Eta horregatik bidezkoa iruditzen zait liburu honetako irabazien zatitxo bat batek kausa humanitario bat babestea. Kasu honetan, Open Arms-ek gerra edo pobreziatik ihesi Europara bidean itsasoa zeharkatzen duten horiek salbatzen ditu.
Zergatik piztu du zure interesa? Ez dudalako ulertzea lortzen bizitzen ari garen krisi humanitario honen aurrean jendea nola gelditu daiteken etxean, ezer egin gabe. Buruan sartzen ez zaidan zerbait da. Pertsonak hiltzen ari dira itsasoan aizuek! Hiltzen! Eta ez nabil keinu politiko bat kritikatzen, gizatasun keinu bat baizik. Herriak beti salbatu du herria. Non demontre dago orain herria?
Italiako egoera politikoak ere piztu egiten zaitu… Espainiako politika gertutik jarraitzen dut, horren ondoan hazi izan naizelako, baina politika italiarra egunero sufritzen dut. Ni Italian etorkina eta emakumea naiz, eta «handicap» sozial bi horiekin bizi naiz.
Zerbait sufritu izan duzu horregatik ala? Irakaslea naiz han, Goi Mailako ikastetxe batean, 16 eta 19 urte bitarteko ikasleekin. Eta egin kontu, Salvini italiar politikari ultraeskuindarraren politikak defendatzen dituzte, Franco idealista bat zela pentsatzen dute, Hitler filosofo bat eta Nelson Mandela terrorista bat… Sinistu dezakezu? Odolak zainetan irakiten zaizkit.
Tira, pentsatzeko modu asko daude… Nik pentsatzeko era guztiak errespetatzen ditut, nigandik ezin urrunago badaude ere, baina gaur egungo gazteek telebistan entzuten duten lehenengo ideia sinisten dute. Eta ez dira pertsona txarrak, baina beldur naiz zein gizaki mota bilakatuko diren… Gizarte eraikuntza zimela sortzen ari gara.
Veronan bizi zara aspalditik, baina Euskal Herriarekin baduzu harremanik? Onartzen dut hainbat urtetan Euskaditik deskonektatuta bizi izan naizela pertsonalki, baina profesionalki oso lotuta bizi izan naiz beti. Orain dela urte eta erdi, Italiako D’Orazi irakaslearekin batera, Veronako probintziako Goi Mailako hamaika ikastetxetan Euskadiren zabalkunde historiko, geografiko eta identitarioa lantzeko programa bat jarri genuen martxan, oso harrera onarekin gainera! Eta gaur egun ere hainbat ekintza antolatzen ditugu bertan euskal kultura eurenarekin lotu dezaten. Interesgarria da oso!
Han ere badute euskaldunen berri beraz! Bai, ekintza pila bat antolatzen ditugu gure berri izan dezaten. Hilabete honetan, esaterako, Euskadiren industria-eraginaz eta osteko berreraikitze turistikoaz hitzaldiak eskainiko ditut, tarteka esku-pilota jaialdiak antolatzen ditugu, iaz ehunka ikaslerekin euskal identitateaz aritu ginen… eta ikasturte honen amaieran giza eskubideen inguruko jardunaldiak antolatuko ditut, non preso diren seme-alaben inguruko eskubideak ere aipatuko ditugun. Horretarako, ETB-1eko Ur Handitan saioak «motxiladun umeen» inguruan emititu zuen programa —eta nik italierara itzuli nuena— erakutsiko diegu.
Gabonetan Galdakaotik ibili zara, eta entzun dugunagatik, gelditu barik. Zertan aritu zara? Bai! (irribarretsu) Senide eta lagunak bisitatzeaz gain, SMH Maydayterraneo erakundearekin batera, «Millas en palabras» ekitaldia antolatu nuen Bilbon, Galdakaoko Udalak ere babestu zuena. Musika eta literaturaz jantzitako ekitaldi bat izan zen, zeinek hitza bera aldarrikatzen zuen aldaketarako erreminta bezala. Zoragarria izan zen, eta proiektu honek bere fruituak ematea espero dugu!
Aita Mari proiektuarekin badu zerikusirik egin zenuten hark? Bai, zuzen-zuzenean. Gobernuz kanpoko SMH Maydayterraneo erakundeak, arrantzan egiteko Aita Mari izeneko itsasontzia erreskateko barkuan bilakatu zuen, eta honek Mediterraneoan pertsonak salbatu ahal izateko baliabideak lortzea du helburu.
Beraz, hau ere Open Arms-ekin ere lotuta? Hori da. Erakunde biek —Open Arms eta Maydayterraneok— helburu bera dute: itsasoan jitoan dauden pertsonak erreskatatzea. Lan izugarria egiten dute biek! Nik, hala ere, «Siempre, todavía» liburuaren irabaziak Open Arms erakundera bideratzea erabaki nuenean oraindik ez nuen SMH Maydeyterraneo ezagutzen. Gaur egun, irabaziak Open Arms-era bideratzen ditut, baina pertsonalki Aita Mariren proiektuan murgilduta nago. Azken finean, Aita Mari proiektua Open Arms-en bertsio euskalduna da, nolabait esatearren.
Indarkeria matxistaz ere aritzen zara. Bai, ez dut nire burua aditutzat ematen, bide luzea dudalako oraindik feminismoaren arloan, baina kontzientzia handiko aktibista naiz. Horregatik, abenduaren 4an, nerabezaroan ematen den indarkeria matxistaren inguruko lehenengo jardunaldian ere parte hartu nuen Azu Serranorekin batera.
Kontxo! Pertsona berezia zuretzat Azu, ezta? Pertsona berezia da, bai (hunkituta). Lehenengo emakume bezala, gero bizitzako eredu moduan. Emakumeen eskubideen alde borrokatzen zuen bere osteko belaunaldiok gure buruak feministatzat hartzera ausartzen ez ginenean ere. Giza eskubide guztien aldeko borrokalari kementsua da, eskuzabala, ausarta eta, gainera, nire ama. Zer gehiago eskatu daiteke? •