Begoña Artetxe eta Tiburtze Elezkano: «Dispertsioaren kondenara ohitzea ezinezkoa da»
Begoña Artetxe eta Tiburtze Elezkano, euskal presoen amak
BINKE / 2018ko maiatza
«Dispertsioaren kondenara ohitzea ezinezkoa da»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
«Motxiladun haurrak» ekimena abian jarri zuen modu berean, adineko pertsonak eta dispertsioaren inguruko ekimena lantzen ari da orain Etxerat elkartea, «Dispertsioaren hegiak» kanpainaren barne.
Euskal gatazkaren preso gurasoak gero eta nagusiagoak dira eta beraz, euren seme-alabak ikusteko zailtasun handiak dituzte. Jon Bienzobas eta Iñaki Krutxagaren amek, esaterako, zelan egiten diote aurre beraien semeak etxetik ehunka kilometrora egoteari?
Zein da zuen semeen egoera? Begoña Arretxe (BA): Nire semea, Jon, 1990etik dago etxetik kanpo. 10 urte erbestean egin ebazan eta 19 egingo dauz espetxean. Orain arte estatu frantseseko kartzeletan egon da, baina urtarriletik estatu espainolean dago. Gaur egun Cadizen dago urtarriletik, etxetik 1.050 kilometrora, eta ez dakigu zergatik baina isolamenduan. Bera bakarrik eta bi orduko patioagaz baino ez. Tiburtze Elezkano (TE): Nire semeak, Iñakik, 54 urte daukoz eta 17 urte egingo dauz preso. Gaur egun Almerian dago, 1.000 kilometrora dagoan espetxe batean.
Eta zuen egoera berriz, zein da? Noiz joango zarete semea bisitatzera? TE: Nik 87 urte daukadaz, alarguna naz eta lau seme-alabaren ama. Urteak egin dodaz Iñaki ikusi barik eta gaur egun urtean behin ikustera joaten naz. Daborduko edade bat daukagu eta ezin dot milaka kilometro joan-etorrian ibili. Hurrungo bisita ez dakit noz egingo deutsadan Iñakiri… urte amaiera bueltan, posible bada. BA: Nik ez dot semea ikusi Cadizen dagoanetik, eta ekaina amaieran joatea espero dot, baina ez da erreza izaten, 82 urte daukadaz, hiru seme alabaren ama naz eta senarrak ezgaitasun absolutua daukalako.
Zelakoak dira espetxeetara egiten dituzuen bidaiak? BA: Uf, errepideak eta kotxeak baino ez doguz ikusi izan orain arte, baina orain ez daukagu kotxe edo autobus batean hainbeste ordu emoteko gorputzik, eta hegazkinez egiten doguz bidaiak… horrek dakarren gastu ekonomikoagaz. TE: Bai, joan-etorriko bidaiaz aparte, handik lo egin behar dozu, gosaldu, bazkaldu, afaldu, taxiak ordaindu Malagako aireportutik Almeriara eta buelta —Iñakiren senideen kasuan, esaterako—. Ilusiño itzelagaz joaten gara, baina oso triste bueltatzen gara, eta bueltako bidaia are gogorragoa izaten da.
Zergatik dira bidaia hain gogorrak? TE: Batetik gure edadea ez dalako lehen zana, eta bestetik bizi dozuzan sentimendu eta emozio guztiek hauts eginda uzten deutsuelako. Lehenengo urduri zagoz joan aurreko egun osoak, bidaian bertan tentsio itzela bizitzen dogu, semea ikusterakoan emozio zoragarriak izaten doguz, baina bisita amaitzean lehertu egiten gara tristuraz, zure semetxoa bertan utzi eta beste milaka kilometro egin behar dozuzalako… BA: Eta daukagun adinean horrek eragin bikoitza dauka gugan, eta eragin emozionalak fisikora egiten dau salto…
Zaila izango da horretara ohitzea… TE: Gauza txarretara ohitzea oso zaila da, ezta? Ba dispertsioaren erruz guk sufridu behar dogun kondena horretara ohitzea ezinezkoa da.
Garrantzitsua izango da ingurukoen laguntza, ezta? BA: Etxeratek eta inguruan dagozan pertsonek laguntzen gaitue. Eurei esker gure semeek bisitak izaten dabez hilero, antolatzen laguntzen gaitue, informatuta be mantentzen gaitue… eta bereziki inportanteena, gure semeek egunero emon ezin deuskuen maitasuna eta energia emoten deuskue. •