Ganguren mendian egin gura duten zabortegiari oniritzia eman dio Uraren Agentziak
Hondakinak
BINKE / 2022ko maiatza
Ganguren mendian egin gura duten zabortegiari oniritzia eman dio Uraren Agentziak
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Gotzon Almaraz
Zaldibarkoaren bikoitza eta Euskadiko handiena izango litzatekeen zabortegia eraiki gura du enpresa pribatu batek Ganguren mendiaren iparraldeko magalean, Binkek horren berri 2021eko apirilean eman zuen bezala. Proiektua begi onez ikusi du orain Uraren Euskal Agentziak.
Ganguren mendiak gailurra eta bere azalerarik handiena Galdakaon baditu ere, iparraldeko magalak Zamudio eta Lezaman ditu. Azken udalerri honen lurretan, enpresa sustatzaile batek zabortegi bat egiteko asmoa erakutsi zuen 2020. urtearen amaieran, eta 2021eko apirilean egin zen publiko asmo horren berri, Binkek ere hala batu zuen bezala. Orain, Uraren Euskal Agentziak begi onez ikusi du proiektua, maiatzaren hasieran kaleratutako txosten batean baitio «potentzialki baimena emateko modukoa» dela proiektua.
Zabortegi horrek, Lezama Bizirik elkarteak adierazi zuenez, «40 hektarea hartuko lituzke eta lau milioi metro kubiko hondakin hartzeko edukiera izango luke», hau da, Zaldibarko zabortegiaren bikoitza izango litzateke Ganguren mendian eraiki gura duten hau.
Lursail horiek dagoeneko Promociones Zubiaurre 2004 izeneko enpresarena da. Enpresa indartsua da, El Correo egunkariaren arabera: «Ordura arte, 6.000€ inguruko kapital soziala baino ez zeukan, baina garai hartan hainbat aldaketa egin zituen eta 686.000 euroraino igo zuen bere kapitala, kokalekua aldatu zuen, eta baita jabea ere».
Aldaketa horiek egin eta Lezamako Udalari hondakindegia Galdakao eta Lezama artean egiteko proiektua aurkeztu zioten Uraren Euskal Agentziari, eta honek orain begi onez ikusi du egitasmoa, «uraren kudeaketarako legeak betetzen» dituelakoan.
Lezamako Udala ordea ez dago ados Urarekin, Lezamako hirigintza planaren baldintzak betetzen ez dituelakoan. Are gehiago, hori hala dela ziurtatzeko, Lezamako udal taldeak aho batez erabaki zuen azpiegitura horren bideragarritasunari buruzko irizpen tekniko bat egitea, eta hala kontratatu zion Ingeotyc S.M. enpresari, Berria egunkariaren arabera.
Baina Lezama Bizirik talde ekologista, zabortegiaren aurka agertu bada ere, «beldur» da, Udalaren eskumenen gainetik Eusko Jaurlaritzak Tapia legearen bitartez baimendu dezakelako hondakindegia bertan ezartzea.
Hala ere, Berriako Jone Arruabarrena kazetariak maiatzaren 30ean argitaratu zuenez, «oraindik ingurumenarekin eta bestelako baldintzekin lotutako baimenak eman beharko lituzke Eusko Jaurlaritzak proiektuak aurrera egiteko, eta, erakundeak esan duenez, oraindik ez zaio halako baimenak emateko eskaerarik iritsi».